euskara

Hizkuntz eskubideen urraketak administrazioan ez duela eraginik ondorioztatu du Behatokiak

Hizkuntz eskubideak bermatzea ez da lehen mailako arazoa administrazioarentzat, eta beraz, urratzen badira ez du ondoriorik eragiten. Horixe ondorioztatu du Behatokiak. 2009ko espedienteak jasotzen dituen txostena aurkeztu du.

2010eko maiatzaren 20a
18:08
Entzun
"Hizkuntz eskubideak bigarren mailako eskubideak dira, eta haien urraketak ez du inolako ondoriorik eragiten. Euskara askatasunean erabiltzea galarazten zaio euskal hiztunari", adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Egoera hori aldatzeko, berriz, "euskaldunon hizkuntza bermeari begira inflexio-puntua eman behar da hizkuntza-politiketan", Bilbaoren arabera.

1.400 espediente bideratu zituzten 2009an, eta ondorio batera heldu dira Behatokiko kideak: "Eskubideen bermatzaile izan beharko luketen instituzioetan 180 graduko aldaketa eman beharko litzateke hizkuntz-politiketan". Hizkuntz-eskubideak "lurralde guztietan eta administrazio guztiek urratzen" dituztela salatu dute.

Euskal hiztunen kontzientzia gero eta handiagoa dela-eta "ulertezina da aldarrikapen horri erantzun ez izana". Bederatzigarren txostena da Behatokiak aurkeztutakoa, eta urteotan "beltzuneek bere horretan" jarraitzen dute.

Nafarroako Gobernuari dagokionez, euskara erabiltzea hautatzen duten herritarrei hautua bera ukatzen jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, ohiko errespetu falta eta zabarkeria aipatu ditu Behatokiak, eta euskara normalizatzeko 2008ko dekretuak iraungi arren berririk ez dela aurkeztu esan du.

Garbiñe Petriati Behatokiaren zuzendari berria

2009ko txostena aurkeztearekin batera, Behatokiko zuzendari izendatu dute Garbiñe Petriati (Arbizu, 1962). Ibilbide luzea du euskalgintzan. Hamabi urte helduak euskalduntzen egin zituen, eta baita didaktika-zerbitzuan ere. Kontseiluaren Bai euskarari Sakanan proiektuan teknikari aritu zen, eta azken bederatzi urtean Bierrik fundazioaren kudeatzaile izan da, eta tokiko hedabideen sustatzaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.