Hizkuntz eskubideen urraketak «ohiko bihurtu» direla salatu du Behatokiak

Hizkuntz eskubideen egoerari buruzko iazko txostena kaleratu du erakundeak

jakes goikoetxea
2007ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Iaz, XXI. mendean, sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten euskaldun bati istripu baten lekukotza euskaraz eman nahi izateagatik; beste bati eskuburdinak jarri zizkioten eta atxilotu egin zuten, euskaraz identifikatu nahi izateagatik; ertzain batek epaiketan esan zuen euskaldunak egoera nahasteko erabili zuela euskara; euskaldun bati «bi hostia» emango zizkiola mehatxu egin zion Justiziako funtzionario batek, euskaraz sinatu nahi izateagatik; euskaldun batek ia gaua polizia etxean pasa zuen ertzainek euskara ez zekitelako; Osakidetzak eta Ertzaintzak langile erdaldun elebakarrak kontratatzeko lan deialdiak egiten jarraitu zuten; kartelak euskaraz ere jartzeak modu argian informatzea oztopatzen duela esan zuen Espainiako Poliziak; eta Getxoko udaltzainek (Bizkaia) udaletxean sartzeko espainieraz aritzeko agindu zioten euskaldun bati. Muturreko egoerak dira, «baina ez salbuespenak», zehaztu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. «Berriz ere, begi-bistan gelditu da eskubideen urraketak ohiko bihurtu direla lurralde guztietan».

Izan ere, urtez urte,ondorio nagusi bat atera du Behatokiak hizkuntz eskubideen egoerari buruz egin duen txostenetan. Baita atzo Donostian aurkeztutako iazko urteari buruzkoan ere: «Hizkuntz eskubideak Euskal Herri osoan urratzen dira eta administrazio guztiek urratzen dituzte».

Salaketak egon badaude: Behatokiak iaz landutako 1.099 espedientetatik 973 kexak dira, hizkuntz eskubideak urratzeagatik. Bermeak ez daude, ordea. Behatokiaren iritziz «kezkagarria» eta «harrigarria» da administrazioek hizkuntz eskubideak bermatzeko neurririk ez hartzea.

Are gehiago, zenbait kasutan eta arlotan atzera egin dela uste du Behatokiak. «Urtero jasotzen diren erantzun zakarrez gain, aurten jauzi arriskutsua egin da Justizian», Paul Bilbao Behatokiko zuzendariaren esanetan. Istripu baten lekuko izan eta euskaraz deklaratu nahi izateagatik sei hilabeteko kartzela zigorra jaso duen euskaldunaren kasua da adibiderik nabarmenena. Jurisprudentzia ezarri du jada.

Behatokia sei epaiketatan izan zen iaz, behatzaile lanetan. Ondorio bat atera zuen: «Euskaldunek ez dute babesik Justizian».

Euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzeaz gain, kasu batzuetan euskaldunak mehatxatu, iraindu eta gutxietsi egiten dira. Behatokiak berehalako protokoloak eskatu dizkie administrazioei, horrelako jarrerak saihesteko edo jarrera horien aurrean neurriak hartzeko. «Ezin da onartu», Bilbaoren esanetan, «langileek herritarrak mehatxatzea, iraintzea eta gutxiestea hizkuntza eskubideak baliatu nahi izateagatik». Behatokia neurriak aztertzen ari da, halako jarrerei aurre egiteko.

Behatokiak herritarrek Euskararen Telefonoan (902.194.332) eta zerbitzu horren webgunean (www.euskararentelefonoa.com) jarritako kexetan oinarritu du txostena. «Hau izotz mendiaren erpina da», esan zuen atzo Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. «Horren atzean errealitate gordinagoa dago».

Administrazio publikoei dagozkie kexen %54, eta eremu pribatuari %46. Administrazioen jarrera laburbilduz, Behatokiak dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtetik urtera hizkuntz eskubideen urraketa larriak gertatu arren, horrek ez duela eraginik izan konponbiderako neurriak jartzeko; Nafarroan, Nafarroako Gobernuak «sistematikoki» urratu dituela hizkuntz eskubideak, eta ez duela errespetatzen legeak ezarritako eremuen banaketa ere; Espainiako Estatuaren menpeko Administrazioan iaz batzuetan ez zituela euskarazko agiriak onartu ; eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskararen erabilera bermatzeko eskaerei muzin egin zaiela.

Salaketak salaketa, Behatokiak bi ondorio positibo atera ditu hizkuntz eskubideei buruzko iazko txostenean. Alde batetik, herritarren kontzientziazioak gora egin duela. «Inoiz baino espediente gehiago zabaldu ditugu eta hori herritarren kontzientziarekin lotuta dago, herritarrak bai baitaki hizkuntz eskubide batzuk dituela eta horiek urratu egiten zaizkiola», nabarmendu zuen Paul Bilbaok. Behatokiak 2005ean baino %34,7 espediente gehiago bideratu zituen iaz.



JARRERA «IREKIAGOA». Bestalde, hainbat administraziok jarrera «irekiagoa» izan dutela Behatokitik helarazitako kexen aurrean eta gero eta gehiago direla halako jarrera dutenak. «Abiapuntu ona da hizkuntz eskubideak urratzen dituztela onartzea», esan zuen Bilbaok. «Baina orain ezinbestekoa da jarrera irekia hizkuntz eskubideak bermatzeko neurri eraginkor bihurtzea».

Bide horretan, Behatokia biltzen saiatuko da Euskal Herriko administrazio guztiekin, EAEko eta Nafarroako arartekoekin, eta Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariekin.











############



KexaK

Hona hemen Behatokiak iaz jasotako kexa nabarmenenetako batzuk:



Justizia

Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila. Herritar bat Gasteizko Instrukzio Epaitegira joan zen sinatzera. Herritarrak euskaraz sinatu nahi zuela esan zion funtzionarioari, baina aukera hori ukatu zion. Herritarra kexaka hasi zenean, beste funtzionario bat hurbildu zitzaion eta «bi hostia» emanen zizkiola esan eta «pailazo» deitu zion. Herritarra salaketa jartzera joan zen, eta horretan ari zenean funtzionario bera hurbildu eta salatua herritarra bera izanen zela eta «te vas a cagar» («gorriak ikusiko dituzu») esanez mehatxatu zuen, bi ertzainen aurrean.



Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila. Herritar bat Bilboko guardiako epaitegira joan zen sinatzera. Gazteleraz bakarrik zekien langilea zegoen. Herritarrak ea langile euskaldunik zegoen galdetu zion. Erantzuna: ezetz, eta sinatzeko. Herritarrak langile euskalduna etorri arte ez zela mugituko azaldu zion, eta langileak Ertzaintzari deitu zion. Kanporatu egin zuten.



Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila. Funtzionarioak nortasun agiria gaztelaniaz eskatu zion herritar bati Gasteizko Instrukzioko 1. Epaitegian. Herritarrak euskaraz eskatzeko esan zionean, funtzionarioak euskara ez jakiteaz harro zegoela eta berari Espainiako hizkuntza nazionalean hitz egiteko erantzun zion, mehatxuka. Herritarrak sinatutako agiria hautsi egin zuen.



Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (CGPJ). Herritar batek epaiketa euskara hutsean eta itzultzailerik gabe nahi zuela eskatu arren, epaileak ez zion eskaera onartu eta epaiketa herritarraren deklaraziorik gabe egin zen.



CGPJ. Herritar bat Gernikako epaitegira (Bizkaia) joan zen lekuko gisa deklaratzera. Euskaraz zin egiten hasi zenean, epaileak deklarazioa euskaraz egiteko asmoa al zuen galdetu zion. Herritarrak baietz erantzun zion, eta epaileak halakoetan abokatuak aldez aurretik itzultzailea eskatu behar duela jakinarazi zion, gaztelaniaz. Epailea haserretu egin zen lekukoak jakinarazi zionean bere testigantza lehenbizi euskaraz eta gero gaztelaniaz egiteko prest zegoela. Lotsarik ez zuela esan zion herritarrari. Baita, modu zakarrean, gaztelaniaz deklaratzeko edo bestela lekuko izateari uko egiteko. Herritarrak epaitutako pertsonari kalte ez egitearren gaztelaniaz deklaratu behar izan zuen.



CGPJ. Bilboko instrukzioko 4. epaitegiak sei hilabeteko kartzela zigorra jarri zion herritar bati, istripu bati buruzko lekukotza euskaraz eta interpreterik gabe eman nahi izateagatik.



Espainiako Justizia Ministerioa. Ertzaintzak herritar bat atxilotu eta Deustuko polizia etxera (Bilbo) eraman zuen. Herritarrak euskaraz deklaratu nahi zuela esan zuen. Epaitegira eguerdi aldera iritsi eta abokatuak eskaera bideratuta zegoela jakinarazi zion. 20:00ak arte epaitegiko ziegan eduki zuten, eta epailearengana eramateko bere bila joan zirenean, itzultzailerik ez zutela adierazi zioten. Bi aukera eskaini zizkioten: gaztelaniaz deklaratzea, edo beste gau bat pasatzea epaitegiko ziegan hurrengo egunean euskaraz deklaratu ahal izateko.



Lana

Espainiako Enplegu Institutua (INEM). Iruñeko bulegoan ez zioten euskara hutsezko kontratua sinatu nahi izan, Iruñea eremu mistoa zela argudiatuz. Ordura artekoak onartu zizkioten.



Herrizaingoa

Espainiako Barne Ministerioa, Poliziaren Zuzendaritza Nagusia. Herritar batek egindako kexari erantzun zion, besteak beste, bulegoko kartelak euskaraz ere idazteak oztopatu egiten duela modu argi, bizkor eta errazean informatzea. Eusqueraglotonimoa erabili zuen euskara izendatzeko.



Espainiako Barne Ministerioa, Trafiko Zuzendaritza Nagusia. Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak gaztelania hutsean bidali zion herritarrari arau-haustearen jakinarazpena. Herritarrak euskaraz bidaltzeko eskatu zien idatziz. Lehen jakinarazpena euskaraz bidali ez, eta tartean alegaziorik izan gabe eta arauzkoak diren arrazoiak eman gabe, gidabaimenik gabeko epea bikoiztu zioten, hilabete batetik bira.



Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila. Bi ertzainek dokumentazioa gaztelaniaz eskatu zieten zenbait herritarri. Herritarrek euskaraz egiteko eskatu zieten. Ertzainetako bat mehatxuka hasi zitzaien: ertzain etxera atxilotuta eramango zituela, desobedientzia delitua egotziko ziela... Ertzainak esan zien ez ziela euskaraz egingo eta herritarrek gaztelania jakin behar zutela.



Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila. Ertzain batek herritar bati identifikatzeko eskatu zion, gaztelaniaz. Herritarrak erantzun zion euskaraz eskatzen ez zioten bitartean ez zela identifikatuko. Eskuburdinak jarri eta atxilotu zuten.



Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila. Herritar batek SOS Deiak zerbitzura deitu zuen. Gaztelaniaz eman behar izan zituen azalpenak telefonistak «en erderaz, por favor» («erderaz, mesedez») eskatu baitzion.



Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila. Durangoko (Bizkaia) ertzain etxera salaketa bat jartzera joan eta ertzain bat ere ez zen gai salaketa euskaraz jasotzeko.



Nafarroako Gobernua. Administrari laguntzaileen lekualdatze-lehiaketa batean euskara derrigorrezkoa ez den lanpostuak hautatzeko eskubidea ukatu zien euskara derrigorrezkoa den lanpostua duten langileei.

Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Debekatu egin dio Zumaiako Institutuari (Gipuzkoa) Elektrizitateko Erdi Mailako Zikloa D ereduan eskaintzea.



Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Eusko Jaurlaritzak ordaindu eta Consultec enpresak eskaintzen dituen ikastaroak gaztelaniaz baino ezin dira egin, Eusko Jaurlaritzak horrela hitzartu duelako.



Euskal Herriko Unibertsitatea. Irakasleentzat web bidezko zerbitzu berria abiatu du: El portal del empleado. Gaztelania hutsean dago.



Herri lana eta garraioa

Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saila. «Aquí se habla en español» («Hemen espainieraz hitz egiten da»), erantzun zion Eibarko (Gipuzkoa) Euskotreneko geltokiko leihatilako langileak euskaraz zuzendu zitzaion herritar bati.



Osasungintza

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Herritar bat euskaraz zuzendu zitzaion harrerako langileari Bolueta-Sagarminaga osasun etxean, Bilbon. Langileak esan zion: «Mi padre aragonés, yo aragonesa, castellano» («Nire aita aragoiarra da, ni ere bai, gaztelania»). Herritarraren erantzuna: «Eta? Hori al da erantzuteko modua?». Langileak: «Que no te entiendo» («Ez dizudala ulertzen»). Herritarrak adierazi zion, euskaraz ez dakiela modu onean esan izan balio, gaztelaniaz hitz egin izango ziola. Orduan beste langile bat hurbildu zitzaion, berak euskaraz artatuko zuela esanez. Itxaroten egon zen bitartean, harrerako mahaiaren atzean zegoen beste langile bat lehenbiziko langilearena hurbildu zen eta honela esan zion, ozen: «Bueno, ¡serán maleducados! Ven que no sabes y siguen hablando... y dale y dale... de verdad... qué asco!» («Beno, ze gaizki hezitakoak! Ikusten dute [euskara] ez dakizula eta hitz egiten jarraitzen dute... eta segi eta segi... benetan... a ze nazka!»).



Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Herritarra Solokoetxeko (Bilbo) osasun etxera joan zen. Arratsaldeko zazpiak edo zazpi eta erdiak ziren. «Arratsalde on, euskaraz badakizu?», galdetu zion langileari. Langileak erantzun zion: «Pues mira, a estas horas ya no, ya estoy muy cansada para andar pensando en euskara» («Ba begira, ordu hauetan jada ez, oso nekatuta nago euskaraz pentsatzeko»).



Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Herritar bat Berangoko (Bizkaia) osasun etxera joan zen. Kontsultara sartu aurretik erreklamazioa jarri nahi izan zuen mediku euskaldunik ez zegoelako. Oso «modu zakarrean» artatzeaz gain, langileak esan zion ez zuela medikuarenera joaterik, herritarrak mediku euskalduna eskatu zuelako eta horrelakorik ez zegoelako.



Kultura

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila. Erakundeak bati gaztelania hutsean bidali zizkion K.28/2006 kontrataziorako baldintza pleguen inprimakiak. Euskaraz eskatuta, ez zituztela erantzun zieten.



Euskal Irrati Telebista (EITB). Euskadi Irratiko albistegietan bikoiztu gabeko gero eta adierazpen gehiago sartzen dituzte, gaztelania hutsean.



Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila. Barakaldoko Gabonetako Jolas Parkean ia begirale guztiak erdaldunak ziren. Haurrak euskaraz mintzatu eta «en castellano» («gaztelaniaz») erantzuten zuten.

Baluarte jauregia. Ikastetxe bateko ordezkariek Iruñeko Baluarte jauregiko langileei galdetu zieten ea erakusketa bat euskaraz ikus zitekeen. Gidari euskaldunak bazeudela, baina bisita euskaraz ez egiteko agindua zutela erantzun zieten.



Udalak

Getxoko Udala. Udaletxeko atean zeuden udaltzainek zertara zihoan galdetu zioten herritar bati, gaztelaniaz. Euskaraz erantzun zien. Udaltzainetako batek esan zion: «En español o no entras» («Espainieraz egin edo ez zara sartuko»). Eztabaida izan zuen udaltzainarekin. Epaitegira agertzeko jakinarazpena jaso du, desordena publikoa eta lesio delitua egotzita.



Eremu pribatua

Iberdrola. Herritar batek Iberdrolaren telefonora deitu zuen. Erantzungailua gaztelania hutsean zegoen. Azkenean, teknikari batekin hitz egitea lortu zuen. Teknikariak ez zekien euskaraz eta herritarrak esan zion zerbitzua euskaraz eman ziezaiokeen langile bat nahi zuela. Minutu batzuen buruan langile berak hartu zion telefonoa, eta lehengo herritar bera zela konturatu zenean, telefonoa eseki zion. Gauza bera gertatu zitzaion beste teknikari batekin, bi aldiz. Laugarren aldian hartu zion teknikariak esan zion lanpostu horietan jarduteko euskarajakitea ez dela eskakizunen artean sartzen.



Iberdrola. Herritar batek behin eta berriz deitu zuen bezeroen arretarako telefonora. Ezin izan zuen aldi bakar batean ere euskaraz hitz egin, ordea. Operatzaileak «gilipollas» («astopito») deitu zion euskaraz hitz egin nahi izateagatik eta eseki egin zion.



Euskaltel. 1717 telefono zenbakira deitu, zerbitzua euskaraz eskatu eta zazpi minutuz eduki zuten zain. Ez zutela erantzuten ikusita, esekitzea erabaki zuen.



Eroski. Gasteizko Boulevard saltokiko Eroskiko arduradunak honakoa erantzun zion herritar bati, herritarrak euskaraz agurtu ondoren: «En castellano, no tengo ganas de cansarme la cabeza» («Gaztelaniaz, ez dut burua nekatzeko gogorik»).



Nafarroako Klinika Unibertsitarioa. Erizain euskaldun batekin euskaraz hitz egiten saiatu eta euskaraz egitea debekatuta zuela erantzun zuen.





############



Zizur Nagusiko bide seinaleakele bitan jartzeko agindu dute

edurne elizondo

Iruñea

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Gaietarako epaitegiak Batzarreren alde egin du. Alderdi horrek Zizur Nagusiko Bideko autobiako seinaleak ele bitan jartzeko eskatu zion Nafarroako Gobernuari, baina erakunde horren ezezkoa jaso ondoren, auzitegietara jo zuen. Epaileek arrazoia eman diote.

Nafarroako Gobernuaren 1992. urteko akordioa aintzat hartu dute epaileek beren sententzian. Akordio horretan jasotzen da Zizur Nagusiko izen ofiziala ele bitan izanen dela, hau da, gaztelaniaz eta euskaraz, eta biak legalak izanen direla maila guztietan.

Hori kontuan hartuta, ebazpenak argi eta garbi dio: «Administrazioari aukera gutxi gelditzen zaio ele bitako izendapena bazter utzi ahal izateko». Zizur Nagusiko Batzarreko zinegotzi Joseba Ezeolaza pozik agertu da emaitzarekin, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio arduraz jokatzeko, eta sententziaren kontrako helegiterik ez aurkezteko. Gobernuak Espainiako Auzitegi Gorenera jo dezake.





############



«Urtero jasotzen diren erantzun zakarrez gain, aurten jauzi arriskutsuaegin da Justizian»»

«Ezinbestekoa da erakundeen jarrera irekia eskubideak bermatzeko neurri eraginkor bihurtzea»

Paul Bilbao
behatokiko zuzendaria



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.