Euskararen, katalanaren, aragoieraren, asturieraren eta galizieraren alde lan egiten duten zenbait erakundek agerraldia egingo dute datorren astearteko eguerdian Madrilgo Kongresuan, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak «hizkuntza aniztasuna, askatasuna, berdintasuna eta demokrazia bermatzeko hartu beharko lituzkeen neurriak» aurkezteko. Kongresuko taldeen ordezkariekin eta Kongresuko lehendakari Meritxel Batetekin bildu dira taldeok, eta bilkura horietan mahai gainean jarri dituzten egitasmoen berri emango dute.
Kontseiluaz gain, Herrialde Katalanetako Omniun, Ciemen, Accio Cultural del Pais Valencia, Escola Valencia eta Plataforma per la Llengua erakundeak elkartu dira ekinaldian, baita Galiziako A Mesa Pola Normalizacion Linguistica, Asturiasko Iniciativa Pol Asturianu eta Aragoiko Nogara ere.
Urriko eskaera
Erakundeok, joan zen urrian, hizkuntza gutxituek gaztelaniak adinako babesa jasotzea eskatu zuten Madrilen bertan. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian, adierazpen bat aurkeztu zuten, eta Espainiako Estatuari eskatu zioten har dezala bere gain «izaera eleaniztuna» daukala, gaztelania ez ezik beste hizkuntza batzuk ere badituela lurraldean, eta eman diezaiela haiei ere lege babesa: «Pluraltasuna oinarri duen estatu eleaniztun baterako bidea egin behar du». Berezko hizkuntzei gaztelaniaren pareko lege babesa bermatzea eskatu zuten; besteak beste, neurriak hartzea ezagutza orokortzeko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko. Horrek berekin ekarriko luke Espainiako legeetan gaztelaniak daukan gailentasuna aldatzea: «Bertan behera utzi behar da gaztelaniaren legezko inposizioa».
Hizkuntza aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia agiria aurkeztu zuten orduan. Ohartarazi zuten milaka herritarri ez zaizkiela hizkuntza eskubideak bermatzen Espainiako Estatuan. «Normaltasunez bizi nahi dugu, askatasunez, edozein herritarrek gaztelaniaz bizitzeko dituen baldintza beretan. Eta, egun, hori ezinezkoa da». Datu bat jarri zuten desorekaren adibide gisa: estatuko herritarren ia erdiak, %45, berezko hizkuntza bat dagoen erkidegoetan bizi dira.
Gogora ekarri zuten, gainera, Espainiako Estatuak sinatuak dituela hainbat hitzarmen hizkuntza eskubideei eragiten dietenak; besteak beste, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna. Aldiz aldiko ebaluazioetan agerian geratu da hitzarmen hori ez duela betetzen.