Hizkuntza eskubideekiko kontzientzia handitu egin dela dio Behatokiak

Hizkuntza eskubideen urraketagatik sekula baino kexa gehiago jaso dituzte herritarrengandik

Amaia Alvarez.
2008ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko, herritarrek inoiz baino kexa gehiago helarazi zizkioten iaz Behatokiari; guztira, 1.121. Horrek erakusten du «gero eta kontzientzia aktiboagoa» dagoela hizkuntza eskubideekiko, Behatokiko arduradunen ustez. Hala ere, duela zazpi urtetik hona -Behatokiak kexak jasotzeko euskararen telefonoa martxan jarri zuenetik- «kezka areagotuz» joan dela ohartarazi du Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok: «Urraketa horiei erantzuteko, ez da pausorik eman». Horixe da Hizkuntza Eskubideen 2007ko txostenaren ondorioetako bat.

Kontseiluko lehendakari Xabier Mendigurenek argi utzi nahi izan du aurreko urteetan bainosalaketa gehiago jaso izanak ez duela esan nahi urraketa gehiago izan denik. Hori bai, «urteak aurrera doazen heinean, jendeak gero eta argiago dauka zer dagokion, zer eskubide dituen, eta horiek betetzeko premia sentitzen duenean konponbidea bilatzen saiatzen da».

Zazpi urte hauetan 5.000 kexatik gora jaso ditu Behatokiak. Horietako asko, ordea, arrazoi berarengatik izan dira. Hau da, askok 2001ean jaso zituztenen zio berak izan zituztela. Horren esanahia «progresibotasun eza» da, Bilbaoren ustez, eta ondorioa, «urraketen «betikotzea».

Herritarrak erakunde publikoengatik kexatu dira gehien; zehatz-mehatz, 649 aldiz. Nafarroako Gobernuak eragin du, halaber, kexa gehien. Gero Eusko Jaurlaritzak eta jarraian Espainiako Administrazioak.

Hala, 2007ko txostenak ondorioztatzen du berriro ere administrazio guztiek urratzen dituztela hizkuntza eskubideak. Hasteko, Frantziako Estatuak egiten duena «oso larria» da Bilbaorentzat. «Aitortza juridikorik ezak herritarrak babesgabe uzten ditu eta, gainera, zenbait administraziok frantsesaren derrigorrezko erabilera justifikatzeko arrazoi bihurtu dute administrazioek».

Espainiako Estatuak ere gaztelaniaz lan egiten jarraitzen du. Gainera, Eskualde edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsitakoan hartu zituen konpromisoak ez direla bete egiaztatu du Behatokiak.

Ildo berean, Nafarroako Gobernuaren «dekretu murriztaileek eskubideen aitortzarako agertzen zituzten zirrikitu txikiak modu sistematikoan urratu dira». Horren adibide, berriki abian jarritako ingeles bidezko murgiltze programak aipatu ditu Bilbaok. «Euskara bidezko hezkuntzaren garapena gelditzeko xedea dute».

Erakunde pribatuak eragindako kexak, berriz, 472 izan dira. Horien artean, bi enpresa mota nagusitu dira Behatokiak jasotako kexuetan: telefonia zerbitzuak eskaintzen dituztenak eta energia hornitzaileenak.

Kexen edukiari dagokionez, aurreko urteetan bezala, publizitatea izan da herritarren aldetik kexu gehien eragin zuen arrazoia 2007an. «Merkataritza gune handiek egindako publizitatea, masiboa den hori, gaztelania hutsean iristen da oraindik ere», azaldu du Behatokiko kudeatzaile Arantza Haranburuk.

Bestalde, iazko 50 espedientehizkuntza eskubideak bermatzeagatik zorionak emateko izan ziren eta 29 kontsultak egiteko. Horrez gainera, Behatokiak 11 prebentzio kanpaina abiatu zituen iaz.



ITZAL NAGUSIAK. Osansun arloan, herrizaingoan eta Justizian daude, hizkuntza eskubideei dagokienez, hiru itzal nagusiak. «Osakidetzan ageri-agerian geratu da progresibitatea hain epe luze eta mugagabetan zehazteak ondorio zuzenak dituela eskubideen urraketan», esan du Bilbaok. Osasunbideak, aldiz, «Nafarroa osoa eremu erdaldunekoa bilakatu du».

Herrizaingoaren kasuan, hizkuntza eskubideak bermatzeko mekanismoak abian ez jarri izana salatu du Behatokiak. Horren adibidea Ertzaintzan ikus daiteke: Lan deialdietan bigarren hizkuntza eskakizunik ez da ezarri oraindik, eta 1. hizkuntza eskakizuna egiaztatzen ez duten langileak kontratatu dira. Foruzaingoari dagokionez, egindako lan deialdiko lanpostu batean ere ez da derrigorrezkoa izan euskara jakitea.

Justiziaren 2007ko diagnosiak,Bilbaoren aburuz, «inoiz baino ageriago jartzen du eremu horretan gertatzen diren eskubide urraketak, eta euskaraz jardun nahi duten herritarrekiko bereizkeria». Izan ere, esparru horretan, hizkuntza eskubideen urraketa lotuta dago defentsa eskubideari eta justizia eraginkorerrako eskubideari.«Euskara erabili nahi izatea oztopo gisa erabili dute hainbat epailek. Gaztelania jakiteko derrigortasuna baliatu izan dute herritarren eskubideak urratzeko».

Eremu sozioekonomikoa ere landu dute txostenean. Batik bat, ondorioztatu dute iaz Behatokiak proposatutako neurriak ez dituela hartu Administrazioak: Ipar Euskal Herrian kontsumitzaile euskaldunei ez zaie eskubiderik aitortu; Nafarroa osoa eremu erdaldun bihurtu dute kontsumitzaile euskaldunentzat; EAEko Kontsumitzaileen Legea garatzeko dekretuak ez dituzte abian jarri.



«Euskara hizkuntza gisa hautatzea oztopo gisa erabili dutehainbat epailek»

paul bilbao
behatokiko zuzendaria




KexaK aLOr eTa LurraLDe GuzTIeTan

Ondokoak dira 2007an Behatokiak bildu dituen kexetako batzuk.



Justizia

Espainiako Justizia Ministerioa. Herritar baten abokatua epaiketaren egunean epaitegira joan ezin zenez, ofiziozko abokatu euskalduna eskatu zuen Durangoko (Bizkaia) Instrukzioko 1. zenbakiko epaitegian. Beraiek ezin ziotela hori ziurtatu eta Abokatuen Elkargoan galdetzeko esan zioten. Abokatuen Elkargoan hori epaitegiaren erantzukizuna zela esanez, Instrukzioko 1. zenbakiko epaitegian eskatzeko esan zioten. Epaitegikoek esan zioten Bizkai osorako ofiziozko abokatu euskaldun bakarra zegoela. Instrukziokoek aipatutako abokatua non eskatu behar zuten ez zekitenez, bost dei egin behar izan zituzten.



Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Apirilaren 19an herritar batek salaketa bat jarri zuen, lapurreta batengatik. Ertzainek esan zioten apirilaren 20an Bilboko Guardiako Epaitegira joan behar zuela deklaratzera, eta ea euskaraz edo gaztelaniaz deklaratu nahi zuen. Herritarrak euskaraz egin nahi zuela erantzun zuen. Epaiketan euskaraz hasi zen deklaratzean, eta epaileak, modu zakarrean, euskaraz deklaratu nahi bazuen itzultzailea etorri arte kanpoan itxaroteko esanez, kanporatu zuen. Itzultzailea etorri zenean, deklaratu egin zuen, eta ondoren, epaiketako akta sinatzeko eskatu zioten. Herritarrak, sinatu baino lehen, irakurri nahi zuela esan zuen, eta epaileak «no vas a entender» («ez duzu ulertuko») esan zion. Akta gaztelania hutsean zegoen.



Lan eta Gizarte Arloa

INEM. Maiatzeko laugarren astean deia jaso zuen herritar batek, Urnietako (Gipuzkoa) Formakuntza Funtsean hitzartutako elkarrizketa bat bertan behera gelditzen zela jakinarazteko. Herritarrak euskaraz egin zuen lehen agurra, eta INEMeko langileak gaztelaniaz erantzun zion. Herritarrak «euskaraz?» galdetu arren, langileak gaztelaniaz erantzun zion. Azkenean, deia moztu, eta herritarra hitzordurik gabe geratu zen.



Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentua. Erakunde batean gaztelania hutsean jaso zuten Guía de hábitos saludables para jóvenes liburuxka. Uztailaren 18an 09:30 aldera Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura deitu zuten, euskarazko alea eskatzeko. Gidak ez duela euskarazko bertsiorik eta ez duela izanen esan zieten.



Ogasuna eta Ekonomia

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentua. Eremu euskalduneko herritar batek errenta aitorpena egiteko hitzordua hartzeko zenbakira deitu zuen maiatzaren 2an. Euskaraz egin zion langileari, eta hirugarren aldian telefonistak hau erantzun zion: «Si es tan amable de hablarme en castellano, no le entiendo; todos los compañeros que hablan euskara están ocupados en este momento» (Gaztelaniaz hitz egitea eskertuko nizuke, ez dizut-eta ulertzen. Euskaraz mintzatzen diren lankideak lanpetuta daude orain).



Herrizaingoa

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila. Azaroaren 25ean goizaldeko ordu bietan kontrol batean gerarazi zuten herritar bat Markinatik Ondarroarako bidean (Bizkaia). Euskaraz hitz egiteko eskaturik, ertzainek zakar erantzun zioten gaztelaniaz. Azkenean, ertzain batek eman zion zerbitzua euskaraz, baina orain zitazioa jaso du epaitegitik, errespetu eta desobedientzia faltengatik epaiketa duela jakinarazteko.



Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila. Abuztuaren 22an, goizeko 10:00etan alkohol proba egiteko gerarazi zuen Ertzaintzak herritar bat Berriatuko Plazakolan (Bizkaia). Ertzainek gaztelaniaz egin zioten herritarrari, eta hark euskaraz egiteko eskatu zien, legeak horretarako eskubidea ematen diolako. Ertzainek larderiaz erantzun zioten, legea nahi zuten moduan irakurtzen zutela eta hari euskaraz egiteko eskubidea aitortzen zion bezala haiei gaztelaniaz aritzeko eskubidea aitortzen ziela. Horrekin batera, alkohol proba hutsa zena miaketa bilakatu zen.



Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Unibertsitate Saila. Maiatzean Mekanizazioko Goi Mailako Zikloa D ereduan ikasteko aurrematrikula egin zuen ikasle batek Donostiako Easo Politeknikoa GLHBI-n.Irailean, matrikula egitera joan zenean, zikloa gaztelaniaz egin beharko zuela esan zioten, D eredua zortzi ikaslek bakarrik hautatu zutela argudiatuta.



Herri lana eta Garraioa

Renfe. Trenean zihoala, herritar batek ezin izan zuen ikuskatzailearengandik euskarazko zerbitzurik jaso. Gainera, euskaraz egiteagatik, irainka erantzun zion ikuskatzaileak.



Osasun arloa

Osakidetza. Abenduaren 29an, Donostiako Altzako osasun etxera deitu zuen herritar batek. Ezin izan zuen zerbitzua euskaraz jaso, eta langileak hauxe erantzun zion: «Yo si sé hablar y tú ya sabes!» («Nik badakit hitz egiten, eta zuk ere bai»). Herritarrak berriro deitu zuen, baina telefonoa eseki zioten.



Osasunbidea. Ekainaren 4an semea dermatologoarengana eraman zuen ama batek. Bisita Iruñeko Oliveto Kondearen egoitzan izan zen, eguerdiko 12:00etan, Fernandez medikuarekin. Semea ohean etzan zutenean urduritu zen, eta negarrari ekin zion. Lasaitu nahian, amak euskaraz hitz egin zion. Erizainak erdaraz hitz egiteko eskatu zion amari. Amak erantzun zion umearekin ari zela hitz egiten, ez berarekin. Orduan erizainak erantzun zion: «Igual nos estáis poniendo verdes y no nos enteramos» («Igual sekulakoak ari zarete gutaz esaten, eta ez gara jabetzen»).



Kultura

EITB. ETB1en ez da hizkuntza irizpidea ETB2n bezala errespetatzen; ETB1eko saioetan euskara ez den hizkuntzetan ematen dituzte maiz elkarrizketak. ETB2n, aldiz, elkarrizketak gaztelaniaz izaten saiatzen dira.



Nafarroako Kultura eta Turismo Departamentua. Nafarroako Museoko sarrera txartelen gainazalean Kultura Departamentuaren logoa gaztelaniaz ageri da, eta atzean informazio guztia gaztelania hutsean dator: helbidea, ordutegia eta museoa bisitatzeko aholkuak.



Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza. Euskal diasporako kide batek Euskal Etxeak aldizkaria jaso zuen postaz. Izenburuetako pare bat esaldi kenduta, gainerako guztia gaztelaniaz idatzita zegoen. Euskarazko alea bidaltzeko eskatu zuen, eta Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzatik erantzun zioten momentuz gaztelaniaz eta ingelesez baino ez dela argitaratzen.



Udalak

Laudioko Udala. Aqualiak, Laudioko (Araba) Uren Udal Zerbitzuko Abonatuen Kudeaketarako Zerbitzuak, ohar bat utzi zion herritar bati etxeko atean, ur kontsumoaren kontagailuaren irakurketa egiteko 902-26 60 26 telefonora deitzeko. Deitu, eta hala erantzun zion makinako ahotsak: «Si desea ser atendido en castellano pulse 1, si lo desea en catalán pulse 2, si lo desea en gallego pulse 3» («Gaztelaniaz artatua izan nahi baduzu, sakatu 1; katalanez nahi baduzu, sakatu 2; galizieraz nahi baduzu, sakatu 3»).



Bilboko Udala. Www.bilbao.net/ gaztesarea webgunean euskarazko bertsioan akats ugari daude. Besteak beste: «Nola ordaintzen dut nire ikasketak?», «Praktikak egin nahi dut», «Zer aurkezten nau Bilbo?».

Donostiako Udala. 2006ko abendu hasieran gaztelania hutsezko gutuna jaso zuen herritar batek. Udaletxera joan zen kexa jartzera. Goiko bulegora joan behar zuela eta, zinpeko zaindariak «deje el bolso!» («Utzi poltsa!») esan zion. Herritarrak euskaraz egiteko eskatu zion, eta hark: «No tengo por qué hablar, no tengo por qué darle explicaciones» («Ez dut zertan hitz egin, ez dut zertan azalpenik eman»).



Iruñeko Udala. Maiatzaren 11n 21:50ean udaltzainek identifikatzeko eskatu zioten herritar bati, eta hark euskaraz egiteko eskatu zien. Hiriburuko egoitza nagusira eraman zuten. Ordu eta erdiz giltzapean eduki zuten, zerbitzua euskaraz eman ziezaiokeen udaltzainik ez zutelako aurkitzen. Azkenean, udaltzainburua joan zitzaion, eta identifikatu nahi ez zuenez desobedientzia egotziz atxilotu zutela jakinarazi zion.



Tuterako Udala. Otsailaren 23an informazio zerbitzura deitu zuen 16:30 aldera. «Kaixo, arratsaldeon» esan, eta eseki zioten hiru aldiz. Laugarrenean, «te has confundido» («okertu egin zara»), erantzun zion langileak. «Es que me has hablado en un idioma que aquí no se habla» («Hemen mintzatzen ez den hizkuntza batean hitz egin didazu»).



Baionako Suprefetura. Elkarte bat sortzeko aurkeztu beharreko estatutuak euskaraz idazteaz gain, frantsesez idaztera behartu dituztela salatu dute hainbat herritarrek. Ondotik, estatutuak erregistratu direla ziurtatzeko bidalitako agiria frantses hutsean zegoen, egoitza sozialaren helbidea nahi erara moldatuta, gainera.



Eremu pribatua

SFR. Irailaren 17an fakturazio eta erabiltzaile helbidea moldatu nahi izan zituen webgunean herritar batek. Helbidea euskaraz eman zuen, eta ez zioten onartu, lekua ezezaguna zelakoan. Ele bitan ere ez zioten onartu. Frantsesez egitera behartu zuten.



Telefonica. Herritar batek kexa bat egin dio Telefonicari, harremanetan gutxitan izan duelako euskaraz hitz egiteko aukera, nahiz eta zerbitzua euskaraz hautatu. Ez dela posible erantzun diote,Telefonicak nahi duelako ematen duela zerbitzua euskaraz.



Decathlon. Angeluko saltegian euskaraz eginez gero, gaztelania dakien langilea bilatzen dute. Euskara dela azaldutakoan, saltegi horretan ez dagoela zerbitzua euskaraz eman dezakeen langilerik erantzuten dute. Informazio guztia frantses hutsez dago.



Forum. Urtarrilaren 29an Garbera merkataritza zentroko ordainlekuan lau urteko ume bat hurreratu zen, galduta zegoela esan zion langile bati. «No le entiendo nada» («Ez diot ulertzen»). Bezeroek euskaraz jakin beharko lukeela esan zioten. Langileak, urduri: «De eso nada, soy de aquí, y no tengo por qué» («Hemengoa naiz, eta ez dut zertan jakin»). Orduan bezeroek EAEn euskara ofiziala dela gogorarazi zioten, eta euskaraz mintzatu eta ulertuak izateko eskubidea dagoela. «Eso que decís son pensamientos etarras», erantzun zien («Horiek pentsamendu etarrak dira»). Erreklamazio eskariak eskatu zituzten, baina ez zituztela aurkitzen eta beste egun batean joateko eskatu zieten bezeroei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.