Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak jakitera eman dute Frantziako Parlamentuan hizkuntza gutxituen aldeko lege proposamena bertan behera utz dezaketela diputatuek. Frantziako Gobernuak jakinarazi zuelarik ez zuela aurkeztuko hizkuntza gutxituen aldeko lege xederik, hainbat diputatu lege proposamena osatzeko bildu ziren. Talde horretan eskuineko zein ezkerreko alderdietako diputatuak bildu ziren, 70 inguru. Euskalgintzako gizarte eragileek jakitera eman dutenez, ordea, UMPko diputatuek talde hori uztea edo bederen lege proposamena ez aurkeztea aztertzen ari dira.
«Aste honetan jakin dugu UMPko diputatuak ekimena bertan behera uztea aztertzen ari direla, proposamenaren lanketan aktiboki parte hartu duen Marc Le Fur diputatuak egindako adierazpenetan oinarriturik», azpimarratu dute gizarte eragileek. UMPko diputatuek erran dute talde hori uztea pentsatzen ari direla, Jean Jacques Urvoas PSko diputatuak bere alderdiarentzat etekin politikoak nahi duela argudiaturik.
Aurkezteko unean
Diputatuek ondoko asteotan aurkeztu behar zuten lege proposamena Frantziako Parlamentuan. Hilabete eta urte luzeetan elkarlanean aritu dira diputatu horiek lege proposamena lantzeko, alderdikeriak gainditzeko asmoz. «Ez dakigu zer gertatu den, baina emaitza hor da, hilabeteetako lana pikutara joan daiteke, ondoko asteetan Asanblean aurkezteko puntuan zelarik», aditzera eman dute Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak.
Euskalgintzako gizarte eragileak harriturik eta kezkaturik agertu dira. Milaka eta milaka dira hizkuntza gutxituetan diharduten herritarrak, eta jende horien eskaera «horren arinki ezabatzea» sinesgaitza dela erran dute gizarte eragileek.
Frantziako Parlamentuko egitarauan ahalik eta lasterrenonartzeko gisan, elkar lanean aritzeko deia egin diete alderdi guztietako diputatuei. Guztien borondate ona beharrezkotzat jo dute euskalgintzako gizarte eragileek, eta horretan oinarrituz, Daniel Poulou eta Jean Grenet Lapurdiko diputatuei ere xede horren alde engaiatzeko eskatu diete.
Hizkuntza gutxituen lege proposamena kolokan dagoela dio euskalgintzak
Legea aztertzen ari ziren UMPko diputatuak atzera egitea aztertzen ari dira Frantziako Parlamentuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu