Mikel Arregi

Hizkuntza Politikako buru

Nafarroako Gobernuak Mikel Arregi izendatuko du gaur Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusi. Akordio programatikoan jasotakoak betetzea izanen du erronka nagusi aurrerantzean.

Ugaitz Agirre - Edurne Elizondo
Iruñea
2015eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Mikel Arregi izanen da Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, BERRIAk jakin duenez. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollok atzo eman zien Euskarabidean ari diren haren lankideei gaur eginen duten izendapen horren berri. Uxue Barkosek zuzentzen duen gobernuak bilera du gaur, hain zuzen ere, eta Arregiren kargua onartuko du, bertze hainbat gairen artean.

Euskararen alorrean urte luzez aritu da Mikel Arregi. Garesen (Nafarroa) jaio zen, eta euskarari eta herrigintzari lotutako gaietan egin du lan. Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuan Euskara Sustatzeko Saileko buru izan da. 2011. urtean Euskarabideko zuzendaritza aldatu zutenean, Maximino Gomez zuzendariaren laguntzaile izendatu zuten, Euskara Sustatzeko Sailean. Hizkuntza politikako teknikari gisa ere urte askoan aritu da, eta, lan horren harira, hainbat artikulu argitaratu ditu.

Euskalgintzaren alorrean, Oinarriak plataformaren sustatzaileetako bat izan zen Arregi, bertzeak bertze. Euskararen aurkako bazterketa salatzeko sortu zuten plataforma hori. Euskararen normalizazioa lortzeko bidean, IKAk, AEK-k, hainbat sindikatuk eta beste zenbait eragilek egin zuten bat talde horretan.

Bestalde, bere herrian, Garesen, hainbat ekinbidetan parte hartu du Mikel Arregik. Bertako euskara taldean aritu da, bai eta Agenda 21 deitutako ekinbidean ere. Herriko udaleko parte izan da azken bi legealdietan, gainera; herriko plataforma bateko zerrendan aurkeztu zen.

Bertze politika mota bat

Aurrera begira, Mikel Arregik ez du erronka txikia izanen esku artean. Hemeretzi puntuko akordioa sinatu dute Nafarroako Gobernua babesten duten Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek hizkuntza politikari dagokionez, eta neurri horiek guztiak martxan jartzea izanen da Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren zeregina.

«Eusteko eta diskriminatzeko hizkuntz politika eginez urteak eta urteak pasatu eta gero, herritar guztien hizkuntz eskubideak beteko dituen hizkuntz politika behar dugu, normalizazioa lortzeko bidean urratsak eginen dituena». Horixe dio gobernua babesten duten lau taldeek adostutako akordio programatikoak. Mikel Arregik berak parte hartu zuen hitzarmen hori negoziatzeko bileretan.

Hizkuntzaren arloan, nabarmena izan da Nafarroan aldaketarako gogoa. UPNren gobernuek euskararen kontrako hizkuntza politika egin dutela salatu du euskalgintzak behin eta berriz, azken urteotan batez ere. Egoera horri buelta eman nahi dio gobernu berriaren akordioak. Bide horretan, «hizkuntza politika transbertsala, eraginkorra, progresiboa eta parte hartzailea» garatu nahi du gobernuak, bertzeak bertze. Hizkuntza politikak askatasuna izanen duela oinarri jaso du akordio programatikoak, halaber. Gobernu berria osatu zenetik, hain zuzen ere, euskara inposatu nahi izatea egotzi diote oposizioko taldeek. PPNko parlamentari Ana Beltranek berak ekitaldi publikoetan euskara erabiltzeko aukera ere zalantzan jarri zuen, Uxue Barkosen inbestidura saioan, parlamentuan, Barkosek eta bertze hainbat parlamentarik euskaraz egin eta gero. Akordio programatikoak argi eta garbi dio, hain zuzen ere, euskarak toki egokia izanen duela ekitaldi publiko guztietan eta gobernuaren irudian.

Bertze hainbat akordio zehaztu dituzte taldeek. Testuak jaso du, hasteko, araudi egokia landu behar dela, eta garatu behar dela euskararen legearen azken aldaketa; D eredua Nafarroa osora zabaltzeko aukera eskaintzen duena, alegia. Akordioak nabarmendu du, gainera, hizkuntza politikak gobernuko departamentu guztiei eragin behar diela; hau da, gobernuaren politika guztiak ukitu behar dituela.

Euskararen egoerari buruzko diagnostikoa egiteko beharra jaso dute taldeek, bertzalde, bai eta administrazioan herritarren eskubideak bermatzeko urratsak egiteko asmoa ere, ahal den neurrian. Euskaltegiei diru laguntza emateko konpromisoa ere hartu dute taldeek, eta euskarazko hedabideentzako laguntzak ematekoa ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.