"Hizkuntzak egiten gaitu gu, eta guk egiten dugu hizkuntza"

Atzo amaitu zen 18. Korrika, lekukoa Baionara helduta. Amets Arzallusek irakurri zuen amaierako mezua; "herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen", esan zuen. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1733/[/berriatb]

2013ko martxoaren 24a
08:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Helmugara iritsi da 18. Korrika. Atzo heldu zen Baionara, Andoaindik (Gipuzkoa) abiatu eta 11 egunera. Atzean utzi ditu 2.500 kilometrotik gora eta milaka herritarren atxikimendua. Festa giroan egin zion ongietorria Baionak Korrikari, eta Lapurdiko hiriburuko karriketan egin zituen lekukoak azken kilometroak.

Amets Arzallus bertsolariak irakurri zuen mezua, azken kilometroan lekukoa berak eta AEK-ko ordezkariek eraman eta gero. "Hizkuntzak egiten gaitu gu, eta guk egiten dugu hizkuntza. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara", esan zuen Arzallusek. Euskararik gabe Euskal Herririk ez dela ere adierazi zuen: "Ama hizkuntza pentsatzeko baliatzen duguna da. Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun han dago gure ama hizkuntza".

Euskara ikasleak izan dira omenduak aurtengo edizioan, eta haiek ere gogoan izan zituen mezuan: "Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten ari denak ematen dio hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua. Denok eman behar diogu elkarri euskara".

AEKren izenean, berriz, Jakes Bortairuk eta Maider Hegik irakurri zuten Korrika amaierako adierazpena. Erronka nagusia euskal herritarren "parte handi bat euskarara erakartzea" dela adierazi zuten: "Jendea erakartzeko, euskararen gutizia sortu behar da. Alta, euskararen egoera gatazka iturri izan da eta izaiten da oraindik ere. Baina dudarik ez! Euskara, korrikaren bitartez besteak beste, elkarbizitzarako gakoa bilakatzen hasi da. Eta gatazka iturri diren gaiak konpontzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.