Atzo onartutako aurrekontuen ikuspegi gazi-gozoa agertu du Parlamentu Sozialak. Aldaketa «mantsoegi» datorrela uste dute Txema Berro (Erronkari, 1949) eta Felix Zabalza (Lintzoain, 1952) plataformako bozeramaileek.
Zer iruditzen zaizkizue aurrekontu hauek?
TXEMA BERRO: Oro har, uste dugu hobekuntza txiki bat nabari dela aurrekoekin alderatuta, baina ez da nahikoa, inondik ere. Gai sozialen alde eginiko apustua eta zerga erreforma bera xumeegiak dira. Ezin uka daiteke aurrera urratsak antzeman daitezkeela, baina beharretatik urrun gelditu dira. Oso urrun.
FELIX ZABALZA: Oro har, asmo ona dagoela igartzen da, baina horrek isla eduki beharko luke diru sailetan. Har dezagun Osasunbidea adibide gisa: Osasunaren Nafarroako Plataformako kideok bilera izan genuen iazko irailean departamentu horretako ordezkari nagusiekin, eta hamaika puntuko bide orria helarazi genien. Den-denak onartu zituzten. Beraz, jarrera ona agertu dute orain arte, eta badirudi aurten hasiko direla konpromisoetako batzuk betetzen; besteak beste, ikuskaritza ekonomikoa eta lan eskaintza publikoa. Baina oinarri-oinarrizkoena besterik ez da hori, eta asmo onak ekintzetan zehaztu behar dira.
Aurrekontuak osatzeko eredua bera zalantzan jarri duzue...
T. B.: Argi izan behar dugu aurrekontuak ez direla gobernuaren afera bat, gu guztiona baizik. Jendearena. Gure dirua da. Hortaz, gizartearen nahiak eta interesak islatuko dituzten aurrekontu partizipatiboak nahi ditugu. Guztion ekarpenekin ondutakoak.
Sei hilabete daramatza gobernu berriak lanean. Legealdiak aurrera egin ahala, konpromiso handiagoa erakutsiko duela uste duzue?
F. Z.: Plataforman kritikoak gara, baina argi dugu plangintza lau urterako egin behar dela, pauso txikiak emanda. Hala ere, atzeratu ezinezkoak diren kontu asko daude gaur egun, eta berehalako erantzuna behar dute. Larrialdi egoera izugarria da, eta arazo horiei konponbidea emateko ezin gara hiru edo lau urteko plangintzen zain gelditu.
Zeintzuk dira lehentasunezko neurri horiek?
T. B.: Adibide batzuk ematen hasita, oinarrizko errenta, etxe kaleratzeak, pobrezia energetikoa eta menpekotasuna aipatuko nituzke nik. Berehalako erantzuna behar dute kontu horiek guztiek, azken urteotan atzerapauso itzelak eman ditugulako oinarrizko eskubideen defentsan. Kapitalismoak amildegiaren ertzera eraman ditu pertsona asko.
Dagoeneko zenbait neurri hartu ditu gobernuak alor horietako batzuetan, ezta?
T. B.: Bai, oinarrizko errentaren auzian, adibidez, urrats nabarmenak egin dituzte. Onartutakoa ez da nahikoa, oraindik ez baitute bermatu oinarrizko errenta unibertsala, baina norabide onean doaz. Neurriak ezarri nahi dituzte laguntza hori beharra duten pertsona guztiek jaso dezaten; onuradunek, gainera, ez dute sei hilero eskaera egin beharrik izanen, arrisku edo bazterketa egoeran dauden denbora osoan aplikatuko baitzaie.
Pobrezia energetikoaren arazoa konpontzeko ere eskatu zenioten gobernuari...
T. B.: Bai, eta arazoa 100 egunetan bideratuko zutela esan zuten, baina, tamalez, ez dute hitza bete. Orain hasi dira lehen urratsak egiten. Akordioa sinatu dute Iberdrolarekin, eta, positiboa den arren, aski eza da erabat, azalean gelditzen baita. Unean uneko kasuak konponduko dituzte, baina gobernuak enpresari ordainduta betiere. Eta hori adabaki bat da.
F. Z.: Eredua aldatu behar da, oinarrietara jo: energia banatzaile publikoa sortu, multinazionalei presio egin... Finean, botere publikoa berreskuratu. Arazoa ez baita Iberdrolaren edo beste multinazional baten irabaziak bermatzea, gehiegikeriari aurre egitea baizik. Gobernuak gaitasuna du enpresak estu lotzeko eta arau berriak ezartzeko.
Agintean ezkerreko indarrak egoteak borroka soziala erraztu egiten du, ala zaildu?
T. B.: Ezkerreko gobernuen gaitzetako bat da kaleko mobilizazioak hoztu egiten dituela. Desmobilizatzaileak dira, definizioz. Eta, horrexegatik, eragile sozialek presio egin behar dugu, motz gelditzen diren neurriak salatzen.
F. Z.: Argi izan behar dugu, halaber, gobernuek eragiteko duten gaitasuna oso mugatua dela, presio itzelak daudelako. Barruan nahiz kanpoan. Gu horren jakitun gara, eta gobernu honek gauzak aldatzeko borondatea erakusten badu, alboan izanen gaitu laguntzeko prest. Hori bai, gauzak gaizki egiten badituzte, kritikatuko ditugu.
Nola ikusten dituzue gobernuaren lehen sei hilabete hauek?
F. Z.: Oraingoz, botere faktikoek kikilduta ikusten dut gobernua. Diario de Navarra-k, Opus Deik eta, oro har, kapitalismoak esanen edo eginen duenarekin kezkatuegi.
T. B.: Ausartago jokatu beharko lukete. Ekinaren ekinez soilik lortuko baita aldaketa.
Txema Berro eta Felix Zabalza. Parlamentu Soziala plataformako kideak
«Hobekuntza nabari da aurrekontuetan, baina ez da nahikoa inondik ere»
Nafarroako 40 bat erakundek osatzen dute Parlamentu Soziala taldea; «aldaketa soziala, politikoa eta ekonomikoa» bermatu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu