Hobetzeko asko

Arabako egoera ondu da Aldundia defizita zuten zerbitzuak subentzionatzen hasi zenetik, baina zeregin asko dago oraindik

GASTEIZ
2005eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Arabako Diputazioak auto partikularra utzi eta garraio publikoa erabiltzera bultzatzeko kanpaina hasiko du datozen hilabeteetan. «Jendeak ohartu behar du garraio publikoa merkeagoa ateratzen zaiola, ingurumenari mesede egiten diola eta autobus bateko hogei pertsonaren autoak errepidetik kentzeak segurtasuna areagotzen duela», adierazi dio hedabide honi Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio zuzendari Guadalupe Martinek.

Diputazioko arduradunaren esanetan, Arabako garraio publikoak «hobetzeko asko» dauka. «Lortu behar dugu jendeak orain arte baino gehiago erabiltzea, sarri erabiltzen den neurrian baita on garraio publikoaren egoera». Orain arteko ahalegina herrietatik Gasteizera joaten zen kolektiboan ipini da, baina aurrerantzean Gasteiztik herrietara joan daitekeen taldeari begira ere lan egingo dute, «garraio publikoa goratzeaz aparte».Arabako Foru Aldundiak politika berria indarrean ezartzea erabaki zuen 2000. urtean. Ez zuen, berez, autobus linea berririk jarri. Aldiz, defizita zutenak subentzionatzeari ekin zion, adibidez, linea batek eguneko zerbitzu kopurua ugaritzeko asmoz. Martinen hitzetan, «enpresen emakidatik haratago doana» finantzatzen ari da. Azken urtean 3,6 milioi euro erabili dira zerbitzuak subentzionatzeko.Erakundearen gogoetaren abiapuntua da diruz lagundu beharra dagoela garraio publikoa eskualde guztietara helduko bada. Gasteiztik Bilbora eta Logroñora (Espainia) doazen lineak kenduta, gainerako guztiak subentzionatuta daude. Baina Arabako ezaugarri propioetan oinarrituta ÐGasteizek bereganatzen du populazio gehienaÐ, zerbitzua beste era batera antolatzerik ez dagoela dio: «Neurriz egin beharra dago, ezin baitugu dirua alferrik gastatu. Ezin dezakegu linearik ipini ordu laurdenean behin, hain zuzen ere, ez dagoelako masa kritikorik».

«Zerbitzu gutxiegi dago»

Erabiltzaileek ez dute hain argi. «Orain arte baino zerbitzu gehiago eskainiz gero, ordutegi gehiago emanez, autoz doazen asko eta asko autobusez joango lirateke. Nik badakit hori, egunero esaten didatelako». Inma Fildalgoren ustea da hori. Emakumea erizaina dabil Gasteizen, baina Frankun (Araba) bizi da iaztik, Trebiñun. «Zerbitzu gutxiegi dago», kexatu da.

Gidatzeko baimenik ez daukanez gero, lan jardunaldia garraio publikoaren aukeren arabera egokitu eta gaueko txanda hautatu behar izan zuen. Bidaia bitxia da: gaueko 9ak aldera etxetik irten eta taxi batek Armentiako Bentak herriko geltokira eramaten du, autobusez Gasteiza joateko; hurrengo egunean, goizeko 9,15etan, itzulera. Guztira, 2,65 euro ordaintzen ditu bidai bakoitzeko (1,20 autobusagatik eta 1,45 taxiagatik).EAJko biltzarkide Jose Luis Letonak ekimen batzuk aurkeztu izan ditu Arabako Biltzar Nagusietan garraio publikoa sustatze aldera. «Egia da, oro har, hobera egin dela; baina baita ere egiteko asko dagoela oraindik. Erdibidean gaudela esango nuke». Bere irudiko, hainbat eta hainbat atal berriz ikusi beharko lirateke. Aiararekin lotzeko era, adibidez, «Gasteizen eta Aiararen arteko komunikazioa etenda baita». Izan ere, trenez ezin da joan (trena Dulantzi-Agurain-Araia ardatzean baino ez dago), eta, «eskasa» da autobusen eskaintza. Gainera, garraio publikoa ez bultzatzeak herrialdearen «desegituraketa» dakarrela dio.«Aiara behar duen neurrian dago gaur egun», gezurtatu du Martinek. Arabako Herrilan eta Garraio zuzendariak argudiatu du Diputazioak ez lukeela ezer pagatu beharko eskualdean bezero nahiko balego, eta, hala ere, gaur egun 600.000 euro gastatzen dituela eskualdean defizita duten lineei laguntzeko. «Errealista izan behar da. Bilbora begira bizi badira, hala da, eta nik ezin dezaket ezer egin. Ez dut jarriko autobusik bost minuturo Gasteiza etor daitezen, Aiarako jendea nahi duen tokira joango delako». Nolanahi ere, azken urteetan eskualdearekiko lotura ugaritu dela argitu du.

Garraio publikoak, %3 soilik

Gasteizko Udalak ere, bestalde, zeregin handia du, joan zen astean plazaratutako inkesta batek eskainitako datu larriei jarraiki: kaleetako esparru osoaren %71 betetzen dute auto partikularrek, %24 oinezkoentzako tokia da, %3 garraio publikoarena da eta %0,7 bizikletarentzat. Alfonso Alonso alkateak aitortu zuen «oso jende gutxik» erabiltzen duela garraio publikoa, nahiz eta bezero kopuruak gora jarraitzen duen (11,8 milioi pertsona azken urtean). Gainera, Salburua, Zabalgana edo Ibaiondo auzo berrien garapenak eskaera handituko du, Jundizko industrialdera joateko aldarriaz gain.

-

Datua



500.000 bidaiari azken urtean Arabako autobus zerbitzuetan.Arabako Diputazioaren datuen arabera, 500.000 bidaiari izan dituzte azken urtean herrialdeko autobus linea guztiek. Autobus bakoitzeko batez besteko okupazioa, berriz, soilik zortzi pertsonakoa izan da. Aldundiak uste du bikoiztu egin beharko litzatekeela errentagarritasuna lortu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.