euskara

Hogei haur kanta berri, asteburuan eskuragai BERRIArekin

'Ene kantak' CD eta DVD bilduma erosi ahal izango da kioskoan, Euskalerria irratiaren alde. Bideoa: Ruper Ordorika, grabaketan (Ene Kantak). [YouTube]http://youtu.be/rJ2yVfRBfAI[/YouTube]

2014ko urriaren 2a
13:37
Entzun

Asteburuan, BERRIArekin eta hamabost euro gehiago ordainduta erosi ahal izango da Ene kantak bilduma. Euskalerria irriatiaren aldeko ekimena da. BERRIAlagunek BERRIAren Kioskoan zuzenean erosi ahal izango dute.

Haurrentzako hogei kanta berrik osatzen dute bilduma, eta grabaketan parte hartu dute euskal kultur, kirol eta gizarte arloko pertsona ezagunek. Tartean dira Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, Imanol Ubeda, Hesian taldeko Zuriñe eta Fran, Enrique Villarreal Drogas, Kutxi Romero, Manolo Garcia, Igor Ijurra, Alaia Martin, Oinatz Bengoetxea, Abel Barriola, Jon Apezetxea, Nagore Arizaga, Ana Isabel Martinez, Silvia Ederra, Oier Sanjurjo, Asier Riesgo, Markel Bergara, Imanol Agirretxe, Gorka Iraizoz eta Mikel San Jose.

Herri kantak moldatu eta gaurkotu dituzte hainbatetan; guztiak itsasoaren gaineko hitzekin egin dituzte. Gainera, haurrek erraz imitatzeko moduko koreografiak asmatu dituzte, DVDan ikus daitezkeenak. Horiekin batera, Euskal Herri osoko hamabi ikastetxetako haurrek parte hartu dute egitasmoan, 500 haur, orotara. Bideoetan eta CD-DVDaren azalean agertzen diren irudiak Kukuxumusuk egin ditu. Abesti bakoitzak bideoklip bat du.

Proiektuarekin lortzen den etekinaren erdia Euskalerria irratiarentzat izango da; beste erdia, berriz, Ene Kantak-en hurrengo proiektua finantzatzeko. Euskalerria irratia Iruñerriko irrati euskaldun eta independentea da, Iruñerrian fisikoki sakabanaturik bizi diren 30.000-35.000 euskaldunentzat kohesiorako tresna garrantzitsua. 26 urte daramatza dialean lizentziarik gabe, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu diolako. Proiektu berriak gauzatu ahal izateko, finantzaketa behar du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.