Hogeita bost izen, hautagai bakarra

Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia hautatzeko prozesua hasi du EAJk; Urkulluk dauka aukera gehien

jokin sagarzazu
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
EAJko kideek urtarrilean egin zuten VI. Batzar Nagusian argi zehaztu zuten beraien lehentasuna izango dela Eusko Jaurlaritza berreskuratzea. Udal eta batzar nagusietarako hauteskundeen ostean egin zuten batzarra; galdutako botere instituzionalak eragindako kezkak markatu zuen batzar hori. Orduan, urtebete baino gehiago falta zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko, baina ETAren jardun armatuaren amaierak eta PSOE eta PPren arteko itunaren hausturak sortu duten agertoki politiko berriak goitik behera aldatu dute alderdien agenda.

Beste alderdiek bezala, jeltzaleek ere hilabeteak daramatzate Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak prestatzen. Proposamenak lantzen; azkena, ekonomikoa, joan den astean aurkeztu zuten. Baina lehendakarigaia nor izango den hautatzea falta zaie. Atzo amaitu zen alderdiko kideek hautagaiak proposatzeko epea. Guztira, hogeita bost izen aurkeztu dituzte, eta horietatik guztietatik bi gailendu dira: Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia. Ibarretxek behin eta berriz adierazi du ez duela lehia horretan parte hartuko. Hori hala, Urkullu azaltzen da aukera gehien duten hautagaien artean lehena.

Aukera horri buruz galdetu diotenean, EBBko presidentea prest azaldu da ardura hori bere gain hartzeko. Baina hauteskundeen ondoren, lehendakari hautatuko balute, EBBko presidente kargua utzi beharko luke, eta presidente berria aukeratzeko prozesua ireki beharko luke alderdiaren zuzendaritzak —EAJren estatutuen arabera, EBBko presidentea ezin da izan Eusko Jaurlaritzako lehendakaria—. Urkullu, urtarrileko batzar nagusian hautatu zuten alderdiko presidente, bigarrenez.

Hilabeteko prozesua

Alderdi jeltzaleko zuzendaritzako iturriek jakinarazi dutenez, alderdiko kideek proposatu dituzten hogeita bost hautagaien artean daude Josu Erkoreka diputatua, Izaskun Bilbao europarlamentaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia, Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko presidentea eta Jokin Bildarratz Eudeleko presidente ohia eta Tolosako alkate izandakoa.

Alderdiko kideek proposatu dituzten izenen artean hautagai bat aukeratu beharko du alderdiaren zuzendaritzak. Horretarako, batzorde bat osatu du, bost herrialde buru batzarretako presidenteek osatzen dutena. Astelehenetik aurrera hasiko dira batzorde horretan lanean, eta hil honen amaierarako hautagai bat proposatuko diote batzordeko kideek EBBri.

Lehendakarigaia hautatzeko prozesua, baina, ez da hor amaituko. Bere hautagaia Uri Buru Batzarretan bozkatua izan dadin proposatuko du EBBk, alderdiko kideek aurkeztutako beste hautagaiekin batera. Bi itzuli egingo dira batzokietan; lehenengo bozketan, gutxienez, bi batzokiren babesa jaso duten hautagaiak bigarren bozketara pasatuko dira. Prozesu hori ekainaren 30a baino lehen amaitu nahi du zuzendaritzak. Hil honen amaieran, halaber, lehendakarigaiarekin batera, herrialde bakoitzeko hamabost hautagaien zerrenda proposatuko ditu EBBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.