Hogeita hamar urte luze

Langraiz Okako espetxe zaharra 30 urtez egon da irekita; espetxe sistemako harribitxia zen hasieran, eta arazo bihurtu zen gerora.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urte igaro dira Langraiz Okako espetxean (Araba) lehen presoak sartu zituztenetik. Ronald Reagan Ameriketako Estatu Batuetako presidente izendatu zuten urte horretan, eta Ingalaterrako Charles printzea Diana Spencerrekin ezkondu zen. Hogeita hamar urte, baina denboraren joanak ez dio mesede egin Arabako espetxeari: presoen pilatzea, azpiegitura traketsak, sexu abusuen salaketak... eta oraindik ezbaian dago haren etorkizuna.

Orain arteko Euskal Herriko espetxe berriena zen, 1981. urtean eraikia. Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren harribitxitzat jo zen orduan, eta aldaketa bat ekarri zuen espetxe zaharrekiko: segurtasun handiko espetxe ereduetan oinarrituta eraiki zen. Presoen sailkatze eta bakartze fisiko eta psikologikoaren aldeko apustua egin zuten, presoen gizarteratzea lortzeko helburuarekin, teorian behintzat.

Orduko beste espetxeekin alderatu zuten agintariek, urrezko kaiola balitz bezala. Miguel Castells abokatuak El País-en argitaratutako artikulu batean honela laburbildu zuen propaganda kanpaina: «Hainbat izarretako hotel baten propagandarekin alderatu daiteke espetxearen sustapena. Segurtasun handiko espetxea edota atzerrian erakusteko erakusleiho espetxea izan daiteke. Frankismoko obra horietako bat, handinahi eta engainatzailea, propagandarako».

Borroka armatua uzten zuten presoak espetxe berrira mugituko zituela aurreratu zuen Espainiako Gobernuak. Preso horientzako modulu bat gordeta zegoela jakinarazi zuten orduko hedabideek. ETA pm-ko hogei preso heldu ziren bertara 1981eko abenduan. Urrezko kaiola betetzen hasia zen. Ordea, urre kolorea zikinduz joan zen urteen joanarekin.

Euskal Herriko espetxe berriena izan arren, 500 presotik gora hartzeko ahalmena izan arren, azpiegiturak txiki geratzen hasi ziren preso kopurua hazi ahala. 1990eko hamarkadan 1.000 pertsona inguru egotera heldu zen. EAEko espetxeen harribitxia behar zuenak hamaika aje zituen. Langraizko espetxeko berezko ajeei —ziegen hezetasuna, komunetik ziegan sartzen ziren arratoiak...— espetxe sistemaren ondorioz izandako beste batzuk gehitu zitzaizkien: drogaren presentzia, presoen gaixotasun fisikoak zein buruko gaitzak... Horrek guztiak zerrenda beltz luzea utzi du espetxe barruan hil edota beren buruaz beste egiten saiatu direnekin.

Beste une beltz bat 2005ean gertatu zen. Espetxean atxikita zeuden lau emakumek Langraizko Segurtasun Zuzendariaren sexu abusuak salatu zituzten. Arabako Lurralde Auzitegiak sinesgarritasuna eman zien lau emakumeek jarritako salaketei, baina froga objektiboak zituen kasu bakarragatik zigortu zuten. Bitartean, abusuak gertatu bitartean zuzendaria zena espetxetik atera, eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren barnean postu bat eman zioten.

Kontzentrazio zelaia

Langraizko kartzelaren historiaren iluntasuna eraiki zen lekuaren aurreko erabileratik datorkio oinordetzan. Garabo muinoan, kartzela eraikita dagoen lekuan, kontzentrazio zelai bat egon zen 1938 eta 1950 bitartean. Alfer eta Gaizkileen Legearen barnean zehaztutako pertsonez gain —homosexualak, eskaleak, alkoholikoak, «erotu psikikoak»...—, atzerriko brigadistak eta 36ko gerran parte hartu zuten errepublikano eta abertzaleak izan ziren bertan.

«Guztia gal daiteke, espainiarrak izateko harrotasuna izan ezik» esaldiak eman zien ongietorria bertan sartu zituzten pertsonei, Juan Jose Monagok El campo de concentración de Nanclares de la Oca 1940-1947 liburuan gogorarazitakoaren arabera. 1950. urtean eraitsi zuten, baina herritarrak preso gordetzeko jarraitu du erabiltzen Espainiako Gobernuak. 1974 eta 1981 harrizko eraikin bat baliatu zuen Gasteizko hirigunetik kendutako espetxea ordezkatzeko. Zaballako espetxea bukatuta itxiko zuela agindu zuen Madrilek. Aukera hori beteko den ikusteko dago, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.