Francois Hollande Frantziako presidenteak ez du auzapezen kontzientzia eragozpena aintzat hartuko sexu bereko pertsonak ez ezkontzeko. Horrela jakinarazi die astearte arratsaldean gay eta lesbianen elkarteko kideei, bezperan Frantziako auzapezen bilkuran errandakoa bertan behera utzita. Gay eta lesbianen elkarteek gogor salatu zituzten Hollanden hitzak, erranez haren hitzek herritarrek legearen aitzinean duten berdintasun irizpidea zangopilatzen zutela. Larrialdiko bilkura eskatu zioten Hollanderi. Paris, Nantes eta halako hirietan elkarretaratzeak antolatu zituzten Hollanden hitzak gaitzesteko.
Auzapezen bilkuran Hollandek erran zuen pertsona guztiek ezkontzeko eskubide bera zutela, baita sexu berekoek ere. Alta, ezkontza egin nahi ez duten auzapezek ordezko baten esku utz zezaketela azaldu zuen. Adierazpen horrek bazterrak sutu zituen, eta gay zein lesbianen elkarteetako kideen haserre gorria piztu. Horregatik, berehala biltzea eskatu zioten Hollanderi. Ikusita haien haserrea, Hollandek gibelera egitea deliberatu du. Lege egitasmoa zegoen bezala utziko duela jakinarazi die.
«Haserre gorria eragin zigun Hollandek, kontzientzia eragozpenaren aipaldiak lege egitasmoaren oinarria eta zentzua zapuzten zuelako», erran du Beñat Gachen Les Bascos elkarteko presidenteak. Izan ere, lege egitasmoak aintzat hartuko balu auzapezen kontzientzia eragozpena, bikote heterosexual eta homosexualen arteko ezberdintasuna onartuko luke, eta horrela urratu Frantzian indarrean dagoen legearekiko berdintasun irizpidea. Auzapezek badituzte tresnak, nahi ez badute ezkontzak ez egiteko. Alta, gay eta lesbianen elkarteek diote onartezina dela eskubide hori legean barnatzea.
Eskuinari men
Azken asteotan Eliza katolikoak eta eskuin muturreko alderdi eta eragileek sexu bereko pertsonen ezkontzen lege egitasmoaren aurkako kanpaina sutsua egiten ari dira. Urtarrilean bozkatuko da legea parlamentuan. Hori heldu baino lehen, «indar atzerakoien» haserrea «gozotzeko» egindako keinua onartezina dela dio Gachenek. Sexu bereko pertsonen ezkontza eskubidea unibertsala dela azpimarratu du, eta horregatik, dei zabala egin die alderdi, sindikatu eta gizarte eragileei ondoko egun eta asteotan antolatuko dituzten ekitaldietan parte hartzera.
Gibelera egin badu ere, Hollanden hitzek susmo txarrak utzi ditu gay eta lesbianen elkarteetako kideengan. «Konfiantza arraildu da. Zorrotz segituko dugu lege egitasmoaren bilakaera, urratsik ez egiteko gibelera». Legea onartu bitarte, iragarri ekitaldiak eta mobilizazioak atxikiko dituzte, pertsona guztien eskubideak berdin bermatzeko legearen aitzinean.
Hollandek ez du onartuko kontzientzia eragozpena
Sexu berekoen ezkontzen lege egitasmoa dagoen bezala utziko duela jakinarazi die gay eta lesbianen elkarteei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu