Hollandek Martinen atxiloketa baimendu zuela dio 'Mediapart'-ek

Christiane Taubira Justizia ministroak gezurtatu egin du hedabideak zabaldu informazioa

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Mediapart egunkariak jakinarazi du François Hollande Frantziako presidenteak Aurore Martinen Espainiaratzea baimendu zuela. Atxilotu eta Espainiara igorri aurretik, «maila goreneko kontsultak» egon direla zioen Mediapart-ek, atzoko edizioan.

Informazio hori berehala gezurtatu zuen Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak: «Botere betearazlearen esku sartzerik ez da egon». «Epaileen artean» egindako prozedura izan dela zehaztu du, eta gezurtatu egin du Hollande edota gobernuko ministroen esku sartzea. Mediapart-en berria ikusirik, gogor salatu zuen Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak Alderdi Sozialistaren «faltsukeria» eta «jakobinismo hutsa». Jean Lasalle diputatu zentristak, halaber, egunkariaren informazioa berretsi zuen.

Martin atxilotua izan zen unetik geroz, bi bertsio kontrajarri daude. Manuel Valls Frantziako Barne ministroak zehaztu zuenez, polizia kontrol «arrunt» bat izan zen. Familiak, lagunek eta Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko gehienek, berriz, ez dute inoiz azalpen hori ontzat hartu. Gobernuaren hitzak gezurtatzeko asmoz, «ohiz kanpoko» Poliziaren kontrola ukan zuten herritarrei lekukotasuna igortzea galdegin diete.

Vallsen erranak, zalantzan

«Ez dut nik erabakirik hartu, Justiziaren erabaki bat da, agintaritza horiek botere politikoaz independente dira», zioen igandean Vallsek, Sud Ouest-en. «Prozedura horretan ezingo nuke eskua sartu, eta ez nuke ere sartzea onartuko», esan zuen Legebiltzarrean. Erran horiek guztiak dira berriz ere zalantzan. Martinen inguruan sortu «polemika» gelditzeko eskatu zuen asteartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.