Yasmin Zamira Rodriguez hil zuenak homizidioa egin zuen, ez erailketa. Tesi horri heldu dio Rodriguezen hiltzailea defendatzeko ardura duen abokatuak kasu hori argitzeko epaiketaren aurreneko saioan. Defentsaren arabera, Edward Enrique San Clemente «damututa» dago eginikoaz, «eroaldi batean» hil baitzuen Rodriguez.
Zinpeko epaimahaia izendatzearekin batera hasi zen atzo, Gipuzkoako Auzitegian, Donostian, Yasmin Rodriguezen heriotza argitzeko epaiketa. Akusatuak atzo deklaratu behar zuen, baina luze joan zen epaimahaiaren izendapena, eta atzeratu egin dute San Clementeren deklarazioa; gaur hitz egingo du epailearen aurrean. Atzoko saioan abokatuek eta fiskalak hartu zuten hitza: akusaziokoek, aurrena; defentsak, ondoren. Rodriguezen alaba eta ama, oldarraldian eraso zion Juan Pablo Urtizberea, Irungo Udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernua ordezkatzen dituzte akusazioko abokatuek.
Bi aldeak bat datoz 2009ko maiatzaren 9ko gauean Irunen (Gipuzkoa) gertatutakoarekin. Rodriguez afaltzera joan zen lankide batzuekin, eta dantzaleku batera joan ziren afaldu eta gero. Dantzalekutik irtetean, San Clemente zain zuen Rodriguezek. Eztabaidan hasi ziren biak, eta heriotza mehatxuak egin zizkion gizonezkoak. Autoan alde egin zuten Rodriguezek eta haren lagun batek, baina atzetik segika joan zitzaien gizonezkoa, beste ibilgailu batean. Istripu bat eragin zuen San Clementek, Rodriguezen autoa geldiarazteko. Emakumea autotik atera, eta orduan labana sartu zion gizonak, lepoan. 05:30ean hil zen, odol asko galtzearen ondorioz. Istripu bat baino ez zelakoan, laguntzera joan zen Urtizberea, baina hura ere sastakatu zuen San Clementek, sabel aldean eta bizkarrean. Egindakoa gau hartan bertan aitortu zion hiltzaileak Ertzaintzari.
Homizidioa edo erailketa. Bost delitu, lau, edo hiru. Horiek izango dira zinpeko epaimahaiko kideek ebatzi beharko dutena datozen hamabost egunetan, eta eztabaida horretan aritu dira estreinako saioan bi aldeetako abokatuak. «Rodriguez eta San Clemente bikotekideak ziren, eta San Clementek ez zuen ulertu Rodriguezek beste bikotekide bat izatea», adierazi du defentsak. Haren arabera, hiltzailea ez da «erabat» jabetzen egindakoaz; espetxeratu bezain azkar, depresioaren aurkako sendagaiak eman zizkiotela azaldu du abokatuak.
Fiskalak bost delitu leporatzen dizkio San Clementeri: Rodriguezen erailketa, Urtizberearen erailketa ahalegina, ausarkeriaz gidatzea, Rodriguezi heriotza mehatxuak egitea eta andrearen askatasunaren aurkako delitua. Izan ere, gizonezkoak emakumeari jazartzen eta kontrolatzen zuela esan du fiskalak. Aitzitik, defentsak uste du San Clemente hiru delituren erantzule dela: Rodriguezen «homizidioarena», Urtizbereari eginiko «lesio delitua» eta Rodriguezekin autoan zihoanari ere lesioak eragitea. Abokatuaren ustez, San Clemente ez zen Urtizberea hiltzen saiatu, ez baitzuen lehenagotik ezagutzen: «instintiboki» egin zion eraso. Gainera, abokatuak azaldu du gizonezkoak ez zuela askatasunaren aurkako deliturik egin: ez ziola emakumeari jazartzen, eta biek zutela bestearen berri izateko gogoa. Hamar urteko kartzela zigorra eskatu du defentsak.
Rodriguez hil zuen gauean San Clemente bere buruaren jabe zela nabarmendu dute fiskalak eta akusazioko abokatuek. Fiskalaren iritziz, andrea hil aurretik egindako mehatxuek argi uzten dute gizonezkoak Rodriguez hiltzeko asmoa zuela. Halaber, Rodriguezen amaren abokatuak erantsi du erasotzaileak ez duela aringarririk, gau hartan egindako azterketetan frogatu baitzuten gizona ez zegoela edanda edo drogen eraginen menpe. Erasoaren ondoren gizonak ertzainei esandakoa gogora ekarri du amaren abokatuak: «Badakit zer egin dudan; latzak pasarazi dizkit». San Clementeren asmoa zein zen jakitea ezinezkoa dela esan du Urtizberearen abokatuak, baina gaineratu du «haren ekintzetatik» ondoriozta daitekeela asmo hori.
Erantzun «sendoa»
Erasoa gertatu zenean Rafaela Romero zen Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea. Epaiketan izan da Romero, eta Rodriguez hil zuenari erantzun juridiko «sendoa» emateko eskatu die epaimahaiko kideei: «Zalantza gutxi dago gizon horrek zuen asmoaren inguruan». Indarkeria matxistaren biktima diren emakume guztiak gogoan izan ditu Romerok. Irungo alkate Jose Antonio Santano ere epaiketan izan da; Rodriguez hil zuten gauean Urtizbereak izandako jokabide «eredugarria» goraipatu du.
Homizidioaren tesiari heldu dio Rodriguez hil zuenaren defentsak
Yasmin Rodriguezen hiltzailea epaitzen hasi dira, Donostian; defentsaren arabera, gizonak eroaldi batean hil zuen andreaOldarraldiaren unean gizona bere buruaren jabe zela nabarmendu du akusazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu