Osasuna

Homosexualitateak eta promiskuitateak gastroenteritisa eragiten dutela dio Nafarroako Unibertsitateko klinikak

Opus Deiren ospitaleak larrialdi zerbitzuetan jarduteko gida batean jaso duenez, homosexualitatea eta promiskuitatea gastroenteritisaren kausetako bi dira.

Nafarroako Unibertsitatea klinikaren Iruñeko egoitza. WIKIPEDIA
2019ko abuztuaren 13a
18:25
Entzun

Nafarroako Unibertsitateko klinikaren iritziz, larrialdietan gastroenteritisa diagnostikatzeko orduan beharrezkoa da "ohitura sexualetan" arreta jartzea. Etiologia edo gaixotasunen jatorria argitzeko "oinarrizko" datuen artean aipatu ditu Opus Deiren klinikak ohitura sexualei dagozkienak. Zehazki, gastroenteritis akutuari buruzko txosten batean egin du aipamena. Público egunkariak aurreratu duenez, dokumentu horretan bereziki deitzen du gaixoaren "promiskuitatea / homosexualitatea" kontuan hartzera "proktitis eta Shigella, salmonella, Campylobacter eta gonorrea infekzioak" atzemateko.

Ohitura sexualez gain, gaixoaren bestelako datu batzuk ere biltzeko gomendatzen du gidak. Horien artean, berriki egindako bidaiei buruzko informazioa, lanbidea —bereziki, "haur eskoletan, hiltegietan eta gaixoekin harremana duten erakundeetan" lan egiten ote duen—,  elikagai kutsatuak jan ote dituen, edo toxinekin eta intsektizidekin kontakturik izan duen.

Nafarroako Unibertsitateko klinikak bere jardunerako irizpideen artean du "Eliza Katolikoaren irakaskuntza moralen arabera" jokatzea. Opus Deiren klinikaren kode etikoak zehazten du hala. "Klinikaren jarduera guztiek —asistentzialak, ikerketakoak eta abar— pertsonen bizitza errespetatu behar dute, existentzia ernalketan hasten denetik heriotza naturalean amaitzen den arte. Halaber, moral katolikoaren irizpideei jarraitu behar diete sexualitateari eta giza ugalketari lotutako gaietan".

Donostiako ospitalearen Beherako akutu kasuetarako erizaintza jarduera txostenean, homosexualitatea eta promiskuitatea ez dira ageri gastroenteritis kasuetan kontuan hartu beharreko datu epidemiologikoen artean. Público-ren arabera, ohitura sexual horiei buruzko aipamenik ere ez da jasotzen Errioxako, Andaluziako eta Nafarroako gobernuen osasun sailetako larrialdi zerbitzuen protokoloetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.