Hondakinak atez ate biltzeari ekingo dio Zubietako Herri Batzarrak

Proiektua aurkeztu die Donostiari eta Usurbili; azaroaren 1ean hasiko dira gaikako bilketa egiten, beranduenez

Zubieta
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Zubietak (Gipuzkoa) hondakinak gaika biltzea erabaki du, atez ateko sisteman oinarrituz. Proiektu bat egin dute, eta Donostiako eta Usurbilgo udalei erakutsia die. Onartzen badute, «lehenbailehen» hasiko dira hondakinak gaika biltzen, herri batzarrak baieztatu duenez. Udalek proposamena aintzat hartzen ez badute ere, batzarrak adierazi du «berdin-berdin» ezarriko dutela atez atekoa; azaroaren 1ean hasiko dira, beranduenez.

Zubietako Herri Batzarrak zehaztu duenez, hainbat herritarren proposamenak jaso ditu azken hilabetean, atez ateko sistema ezartzeko eskatze. Proposamenak aztertu ostean, kalkuluak egin dituzte. Esan dute herritarren %67,5ek hondakinak gaika bildu nahi dituztela, atez ateko sistemaren bidez.

Zubietako alkate Alazne Olaizolak prentsaurreko bat eman zuen atzo, Zubietako plazan. Azaldu duenez, herri batzarrak hondakinak atez ate biltzeko eta kudeatzeko proiektu bat landu du, eta indarrean jartzeko prest dauka dagoeneko. Proiektuak jasotzen duenaren arabera, atez ate bilduko dira ontzi arinak, papera, kartoia eta errefusa. Organikoa, berriz, konpostatze komunitarioaren bitartez jasoko dute; Zubietan erabiliko dute, ongarri gisa.

Olaizolak adierazi du herri batzarraren helburua dela «lehenbailehen» ezartzea atez ateko sistema. Zehaztu du, beranduenez, azaroaren 1ean hasiko direla hondakinak gaika biltzen: «Donostiako eta Usurbilgo udalei aurkeztua diegu gure proposamena. Aintzat hartzen ez badute, Herri Batzarra Zubietako herritarren ordezkari legezko eta demokratikoa izaki, beranduenez azaroaren 1etik aurrera hasiko da herria hondakinak gaika biltzen, atez ateko sisteman oinarrituz». Era berean, Donostiako zein Usurbilgo herritar diren zubietar guztiei hondakinak atez ateko sistema erabiliz jasotzeko eskatu die Olaizola alkateak.

Erabakitzeko askatasuna

Olaizolak adierazi du herri batzarrak ez diola «alderdi politiko bakar bati diziplinarik zor». Gainera, euren lana «altruista» dela aipatu du, eta horrek erabakiak hartzeko orduan «askatasuna» ematen diola Zubietako Herri Batzarrari. «Askatasun hori aprobetxatuz, Zubietan atez ateko sistema ezartzearen aldeko hautua egin du herri batzarrak, herritarren gehiengoaren iritzia kontuan hartuta».

Olaizolak ohartarazi du Zubietako herritarrak ordezkatzen dituen administrazio legezkoa eta demokratikoa dela herri batzarra, hauteskundeen emaitzak kontuan hartu ostean izendatua: «Gu gara, izen eta abizenekin, Zubietako herriaren ordezkariak, zerrenda ireki baten bidez hautatuak; hala jasoa dago, behintzat, Donostiako eta Usurbilgo udaletxeetako idazkarien aktetan». Hori kontuan hartzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.