Ingurumena. Portlanden errauste plantaren egitasmoa

Hondakinak porlan fabrikaren jomuga

Nafarroako Gobernuaren baimenak jaso ondoren, obretarako lizentzia baino ez du behar Olatzagutiko Portland Valderrivas porlan fabrikak hiri hondakinak errausteko. Haren plangintzak, ordea, kontrako ahotsak eragin ditu Sakanan eta Araban.

Gasteiz
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Olatzagutia (Nafarroa) betidanik egon da Portland Valderrivas zementu fabrikari lotuta. Lantegiak 108 urte daramatza jardunean, eta herriko 1.700 biztanle ingurutik, 152k lantegian behar egiten dute. Hari zor dio herriko Klinker tabernak ere izena. Izan ere, klinkerra Portlanden zementu mota egiteko osagai nagusia da. Azkenaldian, ordea, herriaren eta lantegiaren arteko harremana ezin da adeitsutzat jo. Olatzagutiko Udalarekin bi urtez negoziatzen jardun eta emaitzarik lortu ez zutela ikusita, fabrikak Nafarroako Gobernura jo zuen hondakinak errausteko baimenaren bila. Baita lortu ere. Maiatzaren 26an, fabrikak zeukan ingurumen baimenari egindako aldaketa bati esker, Nafarroako Gobernuak bidea ireki zion, bertako labeetan zementua sortzeaz gain «hondakinen balioztatzea» ere egiteko. Hots, hondakinak errez energia sortzeko aukera izango du. Horrek alarma piztu du inguruotan.

Olatzagutiko herriaz gain, Nafarroako Sakana eskualde guztian eta handik hurbil dauden Araba eta Gipuzkoako zenbait herritan kezkaturik daude hondakinen kudeaketa horrek eragingo duen kutsadura dela eta. Aurkariek diote hondakinak erretzeak dioxinak, furanoak, metal astunak eta beste zenbait produktu toxiko sortuko dituela.

Enpresako iturriek, berriz, ohartarazi dute bi prozesu nahasten ari direla; alegia, porlan ekoizpena eta errausketa. Orain arte, egitasmoak talde ekologistak, bizilagunez osatutako elkarteak eta nekazari sindikatuak parez pare aurkitu ditu. Baita udal gehienak ere.

Herri baten erantzuna

Sakana Bizirik plataformak sinadura bilketa, manifestazioak eta hitzaldiak antolatu ditu herrietan: «3.200 sinadura bildu genituen, Nafarroako Gobernuan aurkeztu genituen eta proiektu horren aurkako nahia argi eta garbi azaldu», azaldu dute plataformako kideek.

Argi daukate horrelako proiektuak geldiarazteko modu bakarra erantzun bateratua ematea dela: «Arazo honen harira sortu diren plataformak elkarte bakar eta handi batean batzeko lanean ari gara», aitortu dute. Sakana Bizirik plataformaren aburuz, Nafarroako Gobernuak egin dezakeen gauzarik zentzuzkoena proiektua geldiaraztea da: «Gobernua zentzuduna izango delako itxaropena dugu».

Portland Valderrivasen errausteko asmoak gelditu egingo dituztela duda izpirik ez dauka taldeak. Batez ere, Olatzagutiko legediak errausketa debekatu eta Nafarroakoak hondakinen kudeaketa hori Sakanan baztertzen duelako: «Balioztatze planta baten baldintzak Nafarroako Hondakinen Legeak zehazten ditu, eta hark ez du inolaz ere horrelakorik aurreikusten Sakanan. Ez ditu betetzen gobernuak jarritako baldintzak».

Jakina denez, Nafarroako erdialdean —Tafalla, Larraga eta Artaxoa artean— errauste planta bat egitea jaso zuten iaz onartutako Nafarroako hondakinen plan nagusian.

Herritarrak kontzientzia hartzen ari dira Sakanan: «Ez da kasualitatea baimen horren aldaketa maiatzean izatea, uda hastear dagoela. Horrela jendea desmobilizatu egiten da, ez baitago denborarik ezer prestatzeko».

Errausketa egitasmoa gaitzetsi dute ELA eta LAB sindikatuek.UGTk beste era batera interpretatu ditu errausteko asmoak. Javier Lekunberri Portlandeko sindikatu horren ordezkariaren aburuz, zementu fabriketan egiten den balioztatze operazioa «segurua, garbia eta eraginkorra» da.

Lekunberriren adierazpen horiek, baina, ez dute batere ezustean harrapatu Sakana Bizirik. UGTk egitasmo hori babesteko«propio» jarritako kargu bat dela uste dute plataformakoek, Nafarroako Gobernutik «hurbil» dagoena. «Hariak norabide jakin batean doaz hemen».

Norabide hori, ordea, geroz eta ilunagoa bihurtzen ari da. Elkarte horrek baieztatu duenez, sinadura inprimakien lapurretak izan ziren Altsasun, eta Olatzagutian eta Urdiainen manifestaziora deitzen zuten kartel ugari desagertu ziren. «Dagoeneko ohituta gaude, baina gure plataformako kide batek mehatxu gutun bat ere jaso du».

Mehatxua sinatuta agertzen bada ere, kideek ez dute uste bidaltzailearekin bat datorrenik: «Beste toki batetik etorritako mehatxu bat da, dena nahasteko. Asmoa langileak gure aurka jartzea da».

Haatik, errausketa horien ondorioak ez lituzke pairatuko Sakanak bakarrik. Arabarekin muga eginda, Sakanatik hurbil dauden hainbat herrik euren ahotsa altxatu dute arazoaren aurka. Araiak, esaterako: «Arabako Aldundian aurkako mozio bat aurkeztuko dugu irailean Lautadako udalek; Agurain, Donemiliaga, Zalduondo eta Asparrenak», azaldu du Diego Gastañares alkateak.

Portlanden iritziz, ordea, onura gehien dakarren sistema da balioztatzea. Hala azaldu du Pablo Isturitzek, Portland Valderrivas fabrikako giza baliabideen arduradunak: «Balioztatzea beste erabilpen bat ez duten eta birziklatu ezin diren hondakinen ustiaketa da. Hondakin horiek balio energetiko bat dute. Hortaz, erraustegi edo zabortegi batean bukatu ordez, porlan fabriketan partzialki erregai moduan erabil daitezke, eta horrek CO2isurketak murriztea eta zabortegiak desagerraraztea dakar».

Ekologisten salaketen harira, «bi prozedura» nahasten ari direla dio Isturitzek: «Dioxinak eta furanoak porlan enpresa batek darabilen tenperaturan baino askoz ere gradu baxuagoetan sortzen dira, 800-600 gradu inguruetan zehazki, errauste planta batek erabiliko lituzkeen tenperaturetan. Beraz, zementuaren prozesuan ezinezkoa da furanoak eta dioxinak sortzea, 1.500 gradurekin lan egiten baitugu. Horregatik diogu zementuaren prozesua eta errausketa nahasten ari direla».

Idiazabal izendapena

Isturitzek esaten duenari jarraiki, gradu horietan, ez litzateke errautsik ere sortuko, tenperatura horietan errautsak zementuaren egitura molekularrari gehituko bailitzaizkioke.

Halere, erabiliko liratekeen hondakinen harira, mesfidati agertu dira zenbait elkarte.UAGA Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkartearen kasua da: «Hiri eta industria hondakinak erretzeko baimena zutela ohartu ginenetik azaldu gara osasun eta baliabide naturalen kontrako eraso honen kontra», adierazi du Idoia Arrazola UAGAko lehendakariordeak. Idiazabal izendapenarekin agertu dira bereziki arduratuta: «Esnea dioxinekin kaltetua suerta daiteke. Ardi latxa beti erabili izan den artzaintzaren erdigunean eragingo luke».

Aldi berean, hainbat naturgune babestutan egin dezakeen kalteaz ere ohartarazi du; besteak beste, Aizkorri-Aratzen, Urbasa-Andian eta Entzian.

Lurra talde ekologistak Arabako Lautadako udal guztietan aurkeztu duen mozioan erakunde guztiak errauste plantaren aurka plazaratzera deitu dituztela adierazi du Alberto Frias Lurrako kideak: «Orain arte errepideak egiteko edota goi tentsioko sareak egiteko, Eusko Jaurlaritza, foru aldundia eta Nafarroako Gobernua eskutik joan dira». Hurrengo hilabeteari begira, lantegiaren isurketen eremuan sartuko liratekeen Gipuzkoako Goierriko herriekin harremanetan jarriko direla adierazi du.

Errausketaren inguruko iritzi anabasan, Fernando Mijangos EHUko irakasleak arrazoi zati bat eman dio enpresari. Izan ere, egia da zementu fabrikek oso tenperatura altuak (1.400 gradu) eskuratzen dituztela kareharria desegiteko. Hori orain arte ikatza, erregaiak eta gasa errez lortzen dute. Beraz, kanporatzen dituzten gasak, funtsean, CO2eta nitrogeno oxidoak dira.

Errauste plantetan, zarama erretzen dutenean, labeetako tenperaturak baxuagoak dira (600-700 gradu). Tenperatura horietan plastikoak, metalak eta hondarrak erretzen direnean arrisku askoz handiagoa dago dioxinak eta furanoak sortzeko.

Dioxinek osasunean hainbat kalte sor ditzakete. Alde batetik, gantzetan disolbatzeko duten erraztasunagatik, esne eta animalien gantzetan pila daitezke eta gizakion eta beste animalien elikagai katean sartu. Bestetik, dioxinek, gizakien eta hainbat animaliaren hormonekin antzekotasun kimikoak dituztenez, hormona sistemetan eragin kaltegarriak izan ditzakete, antzutasuna kasu. Gainera, hainbat minbizi kasurekin lotu izan dira.

Haatik, porlan enpresa batean errausteak dakarren arriskua azpimarratu du EHUko irakasleak: «Errauste plantek dituzten filtroak eta kutsadura jaisteko sistemak porlan enpresenak baino askoz hobeak dira. Gurpilek sufre dioxidoa askatuko lukete; etxeko hondakinekin, kloroak eragingo luke kutsadura».

Euskal Herrian dauden porlan enpresen artean Olatzagutikoa da errausten ez duen bakarra. Orain arte. Nafarroako Gobernuak egindako baimenaren aldaketari esker, lantegiak hondakinak erretzeari ekin ahalko dio zeregin horretara egokitzeko obrak egin ondoren. Obra horiek hiru eta bost milioi euro artekoak direla kalkulatu dute lantegian.

Isurketen arazoaz gain, krisi ekonomikoa sumatzen ari dira porlan enpresak. Hori ikusita, errausketa da daukaten irtenbiderik «onena». Natur baliabideen ustiaketak eta CO2isurketak murrizteko sistema gisa aipatzen dute lantegiek. Azken horregatik, diru laguntza ematen zaie.Horrez gain, balioztatzetik sortzen den energia berriztagarritzat hartzen dutenez, diru laguntza jasotzen dute.

Olatzagutiko porlan fabrika Euskal Herrian gehientsuen kutsatzen dutenetako bat da. Enpresa kutsagarrien 2009ko EPRT-R inbentarioaren arabera, 485 milioi kilo CO2isuri zituen, eta Europak ezarritako muga 100 milioi kilokoa da. Portland Valderrivas enpresa FCCren adar bat da. FCCk hiri hondakinen kudeaketan indar handia du. Hark bildu eta tratatzen ditu Hego Euskal Herriko hondakin gehienak. Zabalgarbiko errauste planta kudeatzen duten enpresetako bat da, besteak beste, eta Zubietako errauste planta kudeatzeko lehiaketa irabazi zutenetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.