Bizkaian Ekologistak Martxan taldekoak izan dira Zabalgarbi proiektuaren kontrako borrokan aitzindari. Eurengana jo dugu.
Ez dituzue zaborrak errausteko labeak ikusi ere egin nahi, zergatik?
Oinarrizko hiru arrazoi ditugu. Lehenengoa, eta funtsezkoena, zaborrarekin errausten diren gaiak, beste gauza asko bezala, mugatuak direlako. Beraz, horiek suntsitzen ditugun neurrian etorkizuna bera kolokan jartzen dugu. Guk askotan esaten dugu hori gure buruaz beste egiteko bide azkarra dela.
Argi daukagu, bestetik, zaborrekin zer egin horretan, errausteko plantak direla gehien kutsatzen dutenak. Suak kea sortzen du eta su horretatik sortutako dioxinak oso pozoitsuak dira. Oso kopuru txikia botatzen dela esaten digute, eta hala da; baina ez ahaztu dioxina barruan pilatzen dugun toxina bat dela eta,guk arnasaren bidez pixkanaka hartutakoari, jakien bidez hartutakoa gehitu behar zaiola.Eta hirugarren arrazoia ekonomikoa da, errausteko plantena delako aukera garestiena. Gizartearentzat ez da errentagarria, errenta labea egiten dutenek bakarrik ateratzen diote eta.
Aldekoek diote, garai bateko labeak zuk diozun modukoak zirela, baina ez oraingoak. Orain, teknologiari esker, hain garbiak dira hiriguneetan ere ipintzen dituztela. Ez da horrela?
Gezur biribila. Horixe esaten dute errausteko planta bat jarri behar duten bakoitzean. Horixe esan zuten duela hogei urte Arrasateko labea ipini zutenean. Europan, beharbada, izango dira bi edo hiru labe hiriguneetan. Ez dutena esaten da errausteko plantak ipintzeko Europako Batasunak zenbat eskaera bota dituen atzera. Ez da hori Europan hartu den bidea, labeon atzean dauden enpresen zoritxarrerako. Zaborrak erre baino, nahiago dute birziklatu.
Zabalgarbi labea ez ezik, energia sortzeko zentrala ere izango da. Zaborrak lekuan lekuko agintarien esku, horrek autonomia energetikoa ahalbidetzen duela diote... Ados?
Aurrekoa baino gezur handiagoa da hori. Zabalgarbi gehiago da zentral termikoa errausteko planta baino. Izan ere, poltsatan jasotzen den zaborra bustita dator, hezetasun handiarekin, eta horrek ez du su hartzen. Gasa erabiliko dute sua pizteko, eta horren bidez eragingo diete turbinei argindarra sortzeko.
Zaborrak aitzakia baino ez dira, aitzakia polita, energia berriztagarriak bultzatzen dituztelakoan Europako Batasunetik eta beste hainbat erakundetatik diru laguntzak jasotzeko.
Ezezkoa horren argia bada, zer egin daiteke zaborrekin?
Zer? Bidea hor dago: gutxitu, birziklatu eta berrerabili. Administrazioak egiten dituen plan guztietan asko aipatzen ditu azkeneko biak, baina lehenengoa ahaztuta dauka. Ez dauka zentzurik aerosolak edo antzekoak erabilera bakarrekoak izateak, edo ontziak erabili eta botatzeak. Lizarran hasi dira esperientzia txiki batekin, eta emaitzak oso interesgarriak dira. Alderatzea besterik ez dago birziklatzearen inguruan Nafarroako datuak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoekin. Aldea dago gero!
HONDAKINEN KUDEAKETA. ERRAUSKAILUAK. CELIO ALCANTARA . «Zaborrak erraustea da, daudenetan, aukerarik kutsagarri eta garestiena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu