Gipuzkoako Foru Aldundiak «ez du aldatu» Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plangintza Integrala, «garatu» eta «gaurkotu» baizik. Hori esan du Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak. Alduntzinek gogorarazi du 2002an egin zela egun indarrean den plana, eta adierazi du han jasotakoa ez dela egokitzen«egungo errealitatera»: «Lehengo dokumentuan, puztuta zeuden hondakinen fluxuei buruzko datu asko». Gainera, foru diputatuak iragarri du hondakinak kudeatzeko hierarkiaren aurreneko hiru urratsetan eragingo duela bereziki plan berriak. Datorren asteartean aurkeztuko dute agiria Batzar Nagusietan.
Agerraldi bat egin zuen atzo Alduntzinek, eta hor jakinarazi zituen txostena egin dutenen izen-abizenak. Nazioarteko bost adituk osatu dute lantaldea: Kataluniako Joan Marc Simonek, Laia Valenzuelak eta Ernesto Puigek; Italiako Enzo Favoinok, eta Austriako Martin Steinerrek. Bosten ibilbide profesionala nabarmendu zuen Alduntzinek, eta eskatu zuen haien gaitasuna auzitan ez jartzeko.
Txostena hainbat forotan aurkeztuko du diputazioak;astearte goizean, Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean; arratsaldean, berriz, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketan. Asteazkenetik aurrera, proposamena gizarteratzen hasiko da aldundia;egun horretan, Donostiako San Telmo museoan aurkeztuko dute proposamena, eta, ostegunean, beste horrenbeste egingo dute Pasaian —Trintxerpeko Alkateordetzan— eta Zarautzen —Antoniano ikastetxean—.
EAJko Gipuzko Buru Batzarreko bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak ingurumeneko foru diputatuari ohartarazi dio men egin beharko diola «Batzar Nagusien gehiengoak onartzen duenari, plangintza aurkeztu eta gero».
Hondakinen plana «gaurkotu» egingo du Gipuzkoak
Nazioarteko bost adituk osatu dute hondakinak kudeatzeko plan berria; haien profesionaltasuna goratu du Alduntzinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu