Hondarribia UEMAn sartuko da

Hondarribiko EH Bilduk egin du jakinarazpena; erabakia aste honetan bertan hartuko dela esan du

UEMA. UDALERRI EUSKALDUNEN BILTZARRA, AZPEITIAN.
UEMAren biltzarra, Azpeitian.
arantxa iraola
2023ko azaroaren 20a
16:47
Entzun

«Hilabeteak dira jada Hondarribiko EH Bilduk bultzatuta prozesua martxan jarri zuela udalak, eta ostegun honetan onartuko da udalbatzan Hondarribia UEMAko kide izatea». Hondarribiko EH Bilduk (Gipuzkoa) gaur eman du albistea: Hondarribia udalerri euskaldunen mankomunitate UEMAko 104. udala izango da.

«UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko», gogoratu du koalizio abertzaleak. Alde horretatik, uste du mankomunitatean sartzeak lanak erraztu egiten dituela «euskaraz bizitzeko» eta «euskarak behar duen arnasgune izateko bidean», eta «tresnak» ere emango dizkiela udalei eta herritarrei bide horretan egin beharreko urratsak samurtzeko. «Herriko euskararen normalizazioan pauso garrantzitsua dela deritzogu».

Lezo ere bai

Mankomunitateak aditzera eman duenez, beste herri bat ere sartzeko bidean da. Gipuzkoakoa da hau ere: Lezo. Heldu den asteko udalbatzarrean egingo dute gaiari buruzko bozketa: hilaren 29an.

Bizkaian ere indartzen ari da mankomunitatea. Mendexako Udalak hilaren 2an erabaki zuen UEMAn sartzea. EH Bilduko bost ordezkarien eta EAJko bi ordezkarien aldeko botoekin hartu zen erabakia, aho batez, osoko ohiko bilkuran. Aurrez, irailaren 21ean, Zeanuri sartu zen. Aho batez hartu zen han ere erabakia, EH Bilduko bost ordezkarien eta EAJko lau ordezkarien aldeko botoekin.

Martxoan ospatu zuen UEMAk ehun udalerrien langa gainditu izana, Azpeitian egindako bilkura batean. Orduan mankomunitateko ordezkariek nabarmendu zuten «mantendu» egin behar direla euskararen arnasgune diren udalerriak; «euskararen biziberritzean ezinbestekoak» direla gogoratu zuten. Hizkuntzaren «ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala» leuntzea ere bada mankomunitatearen lehentasunen artean.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.