NAZE Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak xedatuta, hegazkinentzako lurreratze pistek, gutxienez, 150 metroko segurtasun tartea behar dute mutur bakoitzean, eta Hondarribiko aireportuak ez du eskakizun hori betetzen. Segurtasun tarteak ezarrita, 1.454 metroko pista geldituko litzateke. Hegora, Mendelu auzoa (Hondarribia) bertan du aireportuak; iparrera, Espainiaren eta Frantziaren arteko muga administratiboak asko zailtzen du pista alde horretara luzatzea.
Espainiako Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak itxi dute akordioa, eta atzo Ortzibiako -Hondarribiko aireportua sustatzeko erakundea- kideei aurkeztu zieten. Madrilen bildu ziren, hartarako, Concha Gutierrez Espainiako Garraiorako Estatu idazkaria, Iñaki Arriola Jaurlaritzako Garraio sailburua, Arantxa Tapia Gipuzkoako Mugikortasun diputatua, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, eta Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea. Ortzibiako kide diren Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ontzat jo dute akordioa.
Proiektuaren arabera, 200 metro irabaziko ditu pistak -50 Hendaia alderantz (Lapurdi), pista amaierako betelanak baliatuz; eta 150 metro Mendelu auzorantz-. Egungo pistari 100 metro kenduta, 300 metro berri horiek baliatuko lirateke segurtasun tarteak jartzeko. Eusko Jaurlaritzaren arabera, «Abiazio Zibilak eskatzen dituen segurtasun neurriak eta aireportuaren eraginkortasuna, biak uztartuko dituen konponbidea» proposatzea izan da Jaurlaritzako eta Espainiako Garraio arduradunen kezka., Jaurlaritzaren esanetan, «ahalik eta eragin txikiena» sortzen saiatu dira Anaka auzoan, Auzokalte eta Soroxarta arteko eremuan (Irun, Gipuzkoa) eta Mendelun.
«Konponbide horren kostua garrantzitsua izango da», nabarmendu du Jaurlaritzak. AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak eta Espainiako Sustapen Ministerioak hartuko dute bere gain finantzaketa. Segurtasun tarteak ezartzeko epea atzeratzeko ere eskatuko dute, luzatzeko lanekin batera jartzeko.
Ingurumen kalteak
Aireportua luzatzeko egitasmoak ez du, oraingoz, ingurumen baimenik. Lurreratze pista Mendelurantz luzatuko balitz, ezinbestean, Jaitzubia errekaren gainetik pasatu beharko luke. Txingudiko badiako parte da Jaitzubia, eta, beraz, ingurune babestua. Eragin ditzakeen kalte ekologikoengatik, egitasmoa kritikatu dute EB Ezker Batuak, Aralarrek eta Alternatibak. EBk oroitarazi du PSOEk aireportua handitzeko egitasmoa gelditu egin zuela 2004. urtean, «sortuko liratekeen ingurumen kalte larriengatik».
Ingurumen eraginaz aparte, segurtasun arazoak eta gizarte arlokoak nabarmendu ditu Aralarrek. Pista luzatzea «mareentzako, errekastoarentzako eta inguruko hegaztientzako kaltegarria» izango dela uste du. Aralarrek gogora ekarri du 30 kilometrora dagoela Miarritzeko aireportua (Lapurdi), eta 200 kilometrotan bost aireportu daudela, eta azpiegiturak «modu arrazionalagoan» erabiltzeko eskatu du. Alternatiba alderdiak eskaera bera luzatu du. Alternatibarentzat, Hondarribiko pista luzatzeak «ez du justifikaziorik», Miarritzeko aireportuak «hegaldi eta zerbitzu askoz ere gehiago eskain baditzake». Alkarbidek ere kritikatu egin du egitasmoa, Mendeluko bizilagunen bizi kalitatea okertuko duelakoan.