Hondartzetan pilaketarik ez izateko, aplikazioak erabiltzea gomendatu dute Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek

Igandean, zazpi hondartza itxi zituzten Gipuzkoan edukiera mugak gainditzeagatik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazi du aplikazioak erabiltzea komeni dela halako jende pilaketarik ez sortzeko.

Donostiako Kontxako hondartzako sarbideetako bat itxita. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2020ko uztailaren 6a
17:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Koronabirusaren aurkako prebentzio neurri gisa eta hondartzetan jende kopurua kontrolatze aldera, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek martxan jarri dituzte telefonoetarako aplikazioak. Nik hondartzak du izena Gipuzkoako Foru Aldundiak Aztirekin elkarlanean sortutako aplikazioak, eta BizkaiUP aplikazioaren bitartez izan daiteke Bizkaiko hondartzen egoeren berri.

Koronabirusaren gaitza gehiago kutsatu ez dadin, gizarteak arduraz jokatzeko tresna erabilgarriak sortzea izan da foru aldundien helburua. Gehienbat, balio du erabiltzaileek etxetik atera aurretik jakiteko nola dauden hondartzak, eta, beraz, arrisku egoerarik ez sortzeko.
Nik Hondartzak espresuki horretarako sortutako aplikazio bat da, eta etengabe eguneratzen da; hortaz, hondartza bakoitzaren okupazio denbora errealean kontsultatu daiteke. Bizkaiko kasuan, ordea, BizkaiUP aplikazioak beste zerbitzu batzuk eskaintzen zituen lehendik, eta egun koronabirusaren gaineko informazioa emateko baliatu dute, besteak beste.

Gomendatutako distantzia soziala kontuan hartuta eta hondartza bakoitzaren tamaina aintzat hartuta neurtzen da edukiera bietan, eta informazioa kolore kode baten bitartez eskaintzen da: berdeak okupazio txikia dagoela esan nahi du; horiak, erdikoa; eta gorriak, handia. Aplikazioak Android eta IOS gailuetarako prestatu dituzte, baina, dena den, webgune berezi bat ere sortu dute aplikazioa deskargatu gabe online kontsultatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.