Hualde alderdiekin bilduko da, inbestidurari data jartzeko

Hilaren 27an eta 28an batzartuko da Nafarroako Parlamentuko taldeekin. Aznalek ohartarazi du EH Bildurekin hitz egin beharko dela «gobernu progresista bat» eratzeko

Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren bilera, atzo. JESUS DIGES / EFE.
xabier martin
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ekainaren 27an eta 28an, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente hautatu berriak (Geroa Bai) elkarrizketa erronda bat egingo du alderdien ordezkariekin, eta elkarrizketa horien ondotik erabakiko du inbestidura eztabaidara deitu legebiltzarrean ala ez. Mahaia eratu eta bozeramaileen lehen batzordea egin ondoren iragarri zuen atzo elkarrizketa sorta hori Hualdek. Babes nahikoa duen hautagaitzarik osa ote daitekeen aztertu beharko duelkarrizketa horien ondoren; alegia, Maria Txibite berriro Nafarroako presidente bihurtzeko babes nahikoa ote duen ala ez.

PSNk ituna egingo balu Geroa Bairekin eta Nafarroa Zurekin koalizioarekin, EH Bilduren abstentzioa beharko luke, eta koalizioak ez du argitu erabat horrelako egoera batean zer egingo lukeen. Laura Aznal koalizioaren parlamentuko bozeramaileak garbi utzi du EH Bildurekin hitz egin beharko dela «benetan gobernu progresista bat» eratu nahi bada Nafarroan. «Gobernuaren eraketari buruz EH Bildurekin hitz egin behar da, gobernu progresista bat egiteko, alternatiba izan dadin eskuineko politiken aurrean», esan du.

Aznalek gogoratu du koalizio subiranista hirugarren indar politikoa dela Nafarroako ganberan. «Lehen, erabakigarriak ginen, oinarrizkoak, beharrezkoak; orain, are erabakigarriagoak gara, are oinarrizkoagoak», azaldu du. Koalizioak lanean jarraituko duela erantsi du, «indar aurrerakoiek beren isla izan dezaten Nafarroako Gobernuan». Txibiteren mesedetan abstenitzeko prest ote dagoen galdetuta, Aznalek erantzun du «prozesu hori» ez dela abiatu oraindik. «Ez dugu erabaki bat hartu; aurre egin beharko diogu prozesu horri, eta gure programa oinarritzat hartuta lan egiten dugu, programa horren edukiak oinarritzat hartuta, lehentasunak ipiniz». Gaineratu du EH Bildurekin itunak adosten direnean «eskubideak irabazi» egiten direla.

Batera edo bestera, ekainaren 30ean berriro elkartuko da Parlamentuko Mahaia, eta gobernu bat eratzeko hautagaitzarik ote dagoen aztertuko du. Hualdek esplikatu du egun horretan amaitzen dela epemuga hautagaitzak aurkezteko. «Ordurako proposamen jakin bat balego, inbestidura saio batera deitu ahalko genuke, eta, horrela ez balitz, 2019an gertatu zen moduan, uztailera luzatu beharko genuke epea, bozeramaileen batzordeak iragarri arte gobernu proposamen bat dagoela».

Geroa Bai eta PSN, tirabiran

PSN hiruko gobernu baten bila dabil Geroa Bairekin eta Nafarroa Zurekin koalizioarekin, baina Geroa Bai ez dago gustura hiruko negoziazio horiekin, eta biko elkarrizketa bat galdegin dio berriro Txibiteri. Pablo Azkona parlamentariak esan du bilera bat egin nahi duela PSNrekin, biko elkarrizketa bat, bere alderdiak jokatu behar duen rol instituzionala argitzeko. Hori argitu ondoren, Nafarroa Zurekin ere gehitu nahiko luke elkarrizketara. «PSNren asmoa bada negoziazio honetan Geroa Bairen posizioa ahultzea, martxan dauden joko arauak errespetatzea exijituko dugu», ohartarazi du Azkonak.

Bien bitartean, UPNko presidente Javier Esparzak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eskatu dio Nafarroan ez baimentzeko EH Bilduren abstentzioa behar duen gobernu bat, eta eskaera horri azkar erantzun dio Txibitek, oso garbi utzita aukera hori dela, hain zuzen, PSNren helburua: «Esparzak bulegoen bidez lortu nahi du nafarrek hauteskundeetan ukatu diotena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.