Memoria eta bizikidetza. Biktimak

Hurbiletik eraikitzeko

Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. Horrek ezinbesteko eragile egiten ditu gertuko memoria lanak osatzeko eta motibazio politikoko biktimei aitortza egiteko.

2019ko maiatzean Fernando Buesari eta Jorge Diezi Gasteizen eginiko omenaldia. DAVID AGUILAR / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Gogora institutuak zortzi orrialde eskaseko dokumentu batekin finkatzen ditu udalek 1960tik gaur egunera arteko memoria lanak jorratzeko irizpideak. Giza Eskubideen eta Oraintsuko Memoriaren (1960-2018) Udal Txostenak egiteko oinarriak eta irizpideak dokumentuaren arabera, udalek osatutako txostenek «biktima kopuruari eta gertaera dramatikoen kronologiei buruzko azterketa tekniko bat baino gehiago» izan behar dute: «Ariketa etiko, politiko, demokratiko, pedagogiko eta soziala da, balio estrategikoa duena». Hortik aurrera, baina, ez du xehetasun askorik ematen, eta aferak eztabaidarako lekua ere uzten du.

Ikusi gehiago:MEMORIA ETA BIZIKIDETZA, TXIKITIK HANDIRA

Halere, badira ezinbestekotzat jotzen diren zenbait aldagai; tartean, biktimek leku bat izan behar dutela. Hala uste dute ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargun Maixabel Lasak eta Guardia Zibil frankistak hildako Txabi Etxebarrietaren iloba Aitziber Ibaibarriagak. Biek ere gertutik erreparatu diote Tolosako (Gipuzkoa) kasuari.

Lasak urteak daramatza gaia tratatzen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendaritzan (2001-2012) eginiko lanarekin. Gogoan ditu, besteak beste, Memoriaren Mapa eta Glencree proiektuak, eta adierazi du horiek urrats baliagarriak izan zirela udalerrietan memoria guneak eraikitzen hasteko eta ETAren eta «beste terrorismo batzuen» biktimen errealitatea ezagutzeko. Horiek hala, uste du udalak ezinbesteko erakundeak direla memoria ariketak garatzeko, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direlako.

Hortik aurrera, udal proiektuek helburu nagusi bat izan behar dutela uste du Lasak: «Biktima guztiok aldarrikatzen ditugun egia, justizia eta erreparazioa». Era berean, ezinbestekotzat jo du gertatutakoa «testuinguruan kokatzea» eta ondo azaltzea, «helburua giza eskubideen urraketak jasotzea delako». Hala, urraketa guztiak jaso behar direla azaldu du, eta bakoitza bere eremuan jorratu behar dela.

«Lan delikatua da», Lasaren hitzetan, eta, beraz, tentuz egin behar dela azaldu du, eta ezinbesteko ezaugarritzat jo du «diskrezioa». Azken horrek, ordea, ez du esan nahi «ezkutuan» lan egin behar denik, baizik eta afera hedabideetan bideratzea eragotzi behar dela. «Konfrontazioa albiste izaten da, baina akordioak egitea ez», esan du, Aranzadiren webguneen inguruko eztabaidari erreferentzia eginda.

Ibaibarriagak ere nabarmendu du «irizpide eta interes politikoak» kanpoan utzi behar direla. «Horregatik, oso mingarria izan da webguneekin gertatu dena. Interes politikoak lehenetsi dira, biktimen egoera errespetatu gabe, entzun gabe eta ezeren berri eman gabe». Hark «sorgin ehiza» gisa definitu du zenbait alderdik Aranzadiren kontra izandako jarrera, «batez ere ikusita zein testuingurutan izan den».

Izan ere, estatuaren biktimek aitortza instituzionala izateko bide nagusietako bat dira udaletan egindako proiektuak, eta horietan atzera egitea biktimen arteko asimetriaren erakusgarri da, Ibaibarriagaren ustez: «Lehen eta bigarren mailako biktimak daudela erakusten du». Kalte horren adibidetzat jarri du hilabete hasieran Txabi Etxebarrieta gogoratzeko eginiko ekitaldia, non Ertzaintzak Etxebarrietaren beraren argazki bat kendu zuen, horretarako agindua zutela esatea beste azalpenik eman gabe. «Guretzat, gertatutakoa ez da ezustekoa izan, baina salatu behar da», azaldu du Ibaibarriagak, eta gehitu Gogora-ri eta Eusko Jaurlaritzari azalpenak eskatu dizkieten arren ez dutela erantzunik jaso: «Eskubide urraketa guztiek ez dute babes instituzional bera».

Horren ordez, Ibaibarriagak esan du memoria lanen oinarriak «zientifikoa» izan behar duela, eta «modu objektiboan» landu behar dituela atzemandako urraketak. Haren ustez, aurrez egin diren ikerketetan irizpide hori betetzen du Aranzadik: «Tolosan, deskribatu egin dituzte udalerri horretan izan diren pertsonen eskubideen kontrako askotariko urraketak».

Halere, Ibaibarriagak uste du hortik aurrera ere urratsak egin behar direla, adostasunak eskuratzeko urraketa horien biktimei eman beharreko aitortzan: «Behin izandako urraketak mahai gainean ipinita, udalerri gisa erabaki behar da familia horiei erreparazio keinu bat egin behar ote zaien, eta, egitekotan, nola».

«Gune eroso bat»

Prozesuan biktimek izan beharreko rolaren inguruan, Lasak azaldu du «subjektu aktiboak» izan behar dutela, baina kontuan hartu behar dela horiek ere ez dutela beti arrazoia: «Nik aldarrikatzen dut notario antzeko zerbait izan behar dugula, baina bakoitzak bizi izan duena kontatuz». Ibaibarriagak, berriz, azaldu du ezinbestekoa dela «gune eroso bat» ezartzea haientzat, «diskrezioz eta errespetuz parte hartzeko aukera izan dezaten».

Biktimek ez ezik, teknikariek eta historialariek ere parte hartu behar dute, baina baita herritarrek ere, Lasaren hitzetan: «Diskrezioak ez du esan nahi itxia izan behar duenik». Izan ere, argudiatu du herri bakoitzak bere errealitate propioa duela, eta haren arabera jokatu behar dela.

Adituen rolari begira, Ibaibarriagak Aranzadirena nabarmendu du. Izan ere, elkarte hura ezinbesteko izan zuten Txabi Etxebarrietaren heriotzaren ingurukoa argitzeko: ikerketa baten bidez, ondorioztatu zuten «litekeena» dela Etxebarrieta «exekuzio estrajudizial» baten biktima izatea. «Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren eskari baten kontura jarri ziren gurekin harremanetan, esateko Ferroleko artxibo militarrean Txabiren espedientearen inguruko informazioa eskatu nahi zutela eta familiaren baimena behar zutela», azaldu du Ibaibarriagak. Gogoan ditu informazioa lortzeko «traba handiak», eta nola Aranzadiri esker eskuratu ahal izan zuten lehenengoz Etxebarrietaren autopsia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.