Arantza Fernandez de Garaialde, Sabino Cuadra, Martxelo Otamendi, Jesus Uzkudun, Jolanda Jubeto, Jon Gurutz Olaskoaga, Pako Letamendia, Jonathan Martinez, Aitziber Blanco, Mikel Izagirre, Iratxe Urizar edota Laura Mintegik deituta, ekainean eta uztailean mobilizazioak izango dira Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean. Bilbon egin dute agerraldia haiek, gaur arratsaldean.
Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindu eskaera, Bateragune auziko epaiketa eta gazteen kontrako erasoak —uztailean Oarsoaldeko hainbat gazte epaituko dituzte, kasu—, "bake prozesua trabatzeko eraso" gisa jo dituzte, eta "aurre" egiteko mobilizazioen beharra azpimarratu dute. "Gu guztiok eskubide zibilen aldeko dinamika sendo bat bultzatzeko konpromisoa gure gain aspaldi hartuta dugu".
Euskal Herrian "gutxieneko normalizazio politiko eta demokratikoa" behar dela aldarrikatu dute, eta horretarako "jarrera politiko inklusiboak, erabaki ausartak, indarkeria eta errepresioa betiko alboratzea, proiektu eta ideia guztien legalizazioa eta espetxe politikaren aldaketa lehentasunak" direla iritzi diote. "Ildo honetan sendo sakontzeko gauza izango den mugimendu baten premia bizirik dago".
Miarritzeko larunbateko ekitaldirako deia
"Elkartasun osoa" agertu diote Aurore Martini, eta honen euroagindu eskaeraren kontra larunbat honetan Miarritzen izango den ekitaldian parte hartzera deitu dute euskal gizartea. Ipar Euskal Herrian Martinen inguruan sortu den "elkarlana txalotu" dute, eta eredu hori eskatu dute Hego Euskal Herrirako.
Askatasuna Aurore Martinentzat, eskubide zibil eta politikoen errespetua lelopean izango da Miarritzeko mobilizazioa, Irati azokagunean.