Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehendakari Patxi Lopezek adierazi duenez, PSE-EEren hautagai izateko asmoa du Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan ere. «Lehendakari izaten jarraitzeko helburuak bere hartan jarraitzen du». PSOEren birdefinizio ideologikoan «lagunduko» duela esan du, baina bere nahia lehendakari izaten jarraitzea dela. Lau urteko legealdi hau amaitzeko «PPren leialtasunaz» fidatzen dela gaineratu du, etahurrengo hauteskundeak ere PSEk irabaziko dituela uste du.
Eusko Jaurlaritzaren bi urteko jardunadefendatu du lehendakariak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Lopezen arabera, «Euskadik aurrerantzean behar duen proiektua» Jaurlaritzak bi urte eta erdian aurrera eraman duena da: «Duela bi urte eztabaida etengabe batean bizi ginen. Zatiketa ikaragarria zegoen, politikan zein euskal gizartean». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera Jaurlaritzaren politikagatik aldatu da, Lopezen iritziz: «Askatasuna eta bizikidetza gertu ditugu; ekonomia aldetik, berriz, Espainiako beste herrialdeak baino askoz hobeto gaude». Horrez gain, Hezkuntzako eta Osasungintzako proiektuei jarraipena ematea «beharrezkoa» dela nabarmendu du.
Amaiur buru lukeen Jaurlaritzarik izan ez dadin, Lopezek ez du akordiorik aurreikusten EAJrekin.Azaldu duenez, PSEk ez du kontuan hartzen koalizio abertzaleak hauteskundeak irabazteko aukera; eta PSE bera «irabaztera» aurkeztukoda Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara. Lopezen arabera, EAJk hauteskunde horiek aurreratzeko eskatzea Eusko Jaurlaritza «ahultzeko» da: «errealitate itxurarik ez duen estrategia politikoa da hori». EAJ, ekarpenak egin beharrean, indarrak «xahutzen» ari dela uste du lehendakariak.
Hauteskunde ondorengo itunak, berriz, herritarrek erabakitzen dituztela adierazi du, eta adibide direla erakundeetan lortu diren akordioak: «Alde askotariko adostasunak lortzen ari dira alderdiak. Pentsa, PPk Bildurekin ere egin ditu akordioak». Lopezen iritzian, hori ez da albiste txarra:«Indarren batzea positiboa da konfrontazioen aldean». Bestalde, PSEk PPrekin duen akordioa «sendoa» delakoan dago Lopez. Hala ere, gogorarazi du bera lehendakari denetik alderdi ezberdinen babesarekin onartu dituztela zenbait proposamen, «ez PPrenarekin bakarrik».
Aieteko konferentzia
Urrian Aieten (Donostia) egin zen nazioarteko konferentziari buruz ere hitz egin du lehendakariak. Egun haietan, New Yorken zegoen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresari batzuekin — baita urriaren 21ean ere, ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri zuenean—. Lopezen arabera, berak konferentzian parte ez hartu izana «ez zen kalkulu bat izan». «Euskadi garatzen eta hazten jarraitzeko, momentu hartako gure betekizuna ekonomia, enpresa eta industria defendatzea zen». Adierazi du Donostiako biltzarraren inguruan nahikoa informazio bazuela, hala ere. Gertakizunak errepikatuko balira zer egingo lukeen galdetuta, berriro ez dela gertatuko erantzun du Lopezek.
Era berean, lehendakariak esan du «gustura» dagoela luzaroan «asko» borrokatu ondoren garai berri bat hasi delako. Aieteko nazioarteko konferentziari balio handiegia eman zaiola uste du, gainera. «Inork ez dezala pentsa goiz bateko biltzar batek ekarri duenik konponbidea. 40 urtez ETAren borroka armatuari aurre egin diogun herritarrei esker lortu ditugu bakea eta askatasuna», esan du Lopezek.
Hurrengo bozetan ere lehendakarigai izan nahi du Lopezek
PPren «leialtasunaz» fio da lehendakaria, eta ez ditu aurreratuko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu