Ekainaren 21ekoa mugarria izan da, baina ez da ezeren bukaera izango. Aitzitik, joan den igandeko irudiak gogoan, «sentimenduak barru-barruan eta irakaspenak presente», bideari eutsiko dio Gure Esku Dago dinamikak, eta «hiriburuetan osatutako borondateen hautetsontziak bihar erabakiaren hautetsontzi izan daitezen», finkatua du zein izango den bidearen hurrengo geltokia: helburua lortzeko «plangintza zehatza» adostea irailean.
Ez dira hutsetik abiatzen, joan den martxoan hausnarketa prozesu bati ekin baitzioten dinamikako kideek, ezarri duten bide orrian —«ehundu, adostu eta erabaki» hitzekin laburbiltzen dutena— hurrengo pausoak zein izango diren zehazteko.
Datorren astean, batzarrak egingo dituzte herrialde guztietan «egindako lana eta emaitzak aztertzeko». Uztailaren 4an, balorazio horiek elkartu eta aztertuko dituzte, eta «aurrera begira» jarriko dira, martxoan ezarritako bidean. Uda osoan herri eta auzoetan eztabaidatuko dituzte berriro ere prozesu horren ondorioak, horiek osatu eta aberasteko asmoz, eta, azkenik, datorren irailean «plangintza zehatza» plazaratuko dute, «eman beharreko pausoak adostuz eta abian jarriz».
Gure Esku Dago-ko bozeramaile Anjel Oiarbidek Euskadi Irratiari emandako elkarrizketan azaldutakoaren arabera, dinamika ez zen sortu «urte askotarako, ezta aldarrikatzeko ere, edo aldarrikapenaren zurrunbilo horretan urterik urte egoteko. Gu sortu ginen herri dinamika gisa, [erabakitzeko eskubidea] aldarrikatzetik gauzatzerako trantsizio horretan».
Joan den igandeko ekitaldiez balorazio «oso ona» egin du Oiarbidek, nahiz eta nabarmendu «pauso bat» baino ez dela izan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean: «Atzo [herenegun] pauso handia eman genuen, baina pauso bat baino ez daramagun norabidean».
Milaka lagunek hartu zuten parte antolatutako ekitaldian. Hala ere, leku hutsak bazeuden estadioetan. Oiarbidek uste du horrek «gizartearen argazkia» islatzen duela: «Aulki huts horiek erakusten dute herri honetan asko dagoela oraindik josteko, erabakitzeko eskubidea oinarri bat izan dadin».
Hala ere, Oiarbidek gogoratu du Gure Esku Dago sortu aurretik aulki hutsak «askoz gehiago» zirela: «Dinamika honek lortu du herritarrak erabakitze eskubidera gerturatzea, herritarrak protagonista izatea. Igandekoa pauso handia izan zen, dudarik ez dago, baina pauso askoz gehiago ditugu aurrean helmugara iritsi arte. Asko dugu oraindik saretzeko».
Oiarbideren esanetan, dinamikaren helburua ez da urtero ekitaldi handi bat antolatzea, «mamiari heltzea» baizik: «Erabakitzeko eskubidearen inguruan konplizitateak sortzea, zubiak eraikitzea, elkar ezagutzea eta gizartea oinarri demokratiko honen inguruan saretzea».
EITBren «publirreportajea»
PSE-EEko parlamentari Mikel Unzaluk kritikatu du Gure Esku Dago-ren ekitaldiei EITBk eskaini dien tartea. Esan duenez, «gertaera historikoei edo gizartean eragin handia dutenei» eskaintzen zaien tartea eman zien EITBk ekitaldiei, baina, Unzaluren ustez, igandean ez zen halakorik egon. Albistegietan ekitaldien inguruan eman zuten informazioa zalantzan jartzeaz gain, ETBk emititu zuen saioari «publirreportaje hutsa» iritzi dio Unzaluk. Cristina Uriarteren agerraldia eskatu du.
Hurrengo geltokia, plangintza
Irailean «helburura iristeko plangintza zehatza» adostu nahi du Gure Esku Dago-k.Oiarbideren ustez, aulki hutsek erakusten dute «josteko asko» dagoela oraindik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu