Hurrengo geltokia, pribatizazioa

Renfe liberalizatzearekin, lanpostu ugari galtzeaz gain, tren bidezko garraioaren zerbitzu izaera gal daitekeela ohartarazi dute, errentagarritasuna nahiko baitute enpresek. Greba daukate gaur.

Gaurko greban, gutxienez trenen %60k ibili beharko dute aldirikoetan, eta %75ek gainerakoetan. M. RAMIREZ / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Burdinbide sektorearen berregituraketa». Hitz horiekin aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak aurrera begira sektore horren pribatizazioa ekar dezakeen lehen pausoa. Sindikatuek horrela baloratu dute, behintzat, eta, horregatik, greba dute gaur. Burdinbideen sektorearen pribatizazioa 2013ko uztailaren 31ra aurreratuko du —2014ko abenduan egitekoa zuten— eta Renfe Espainiako trenbide konpainia publikoa lau zatitan banatuko du: bidaiariak, merkantzia, mantentzea eta alokairua.

«Espainiako Gobernuak Renfe zatitzen eta liberalizatzen badu, aurrera begira pribatizatzeko da; ez dago beste modu batean ulertzerik», azaldu du Antonio Sanchezek, Arabako Adifeko langileen batzordeko presidenteak. Gauza bertsua gertatu zen AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa enpresa publikoarekin. 2011ko otsailean, bitan zatitu zuen Zapateroren gobernuak: aire nabigazioa eta aireportu zerbitzuak. Lehenari eutsi, eta bigarrenaren %49 saltzeko aukera mahai gainean jarri zuen. Dena den, jaso zituen proposamenak ez ziren bildu nahi zuen diruaren adinakoak, eta bertan behera utzi zuen egitasmoa.

Espainiako Gobernuak, ordea,azaldu du burdinbideen sektorea «dinamizatzeko» neurria dela liberalizazioa. Renferekin lehiatuko diren beste enpresa batzuk heltzean erabiltzaileen mesederako aldaketak helduko direla gaineratu du, uztailaren 20an onartu zuen errege dekretu legean. Sanchezek sinesgarritasuna kendu dio horri, eta nabarmendu du Erresuma Batuan eta Argentinan zerbitzuaren kalitatea nabarmen jaitsi zela prozesu berdina egin zutenean. «Enpresek errentagarritasuna nahi dute; diru gehiago irabazi edo gutxiago gasta dezakete, eta, gaur egun, gutxiago gastatzea da aukera bakarra».

Bidaiarien alorreko errentagarritasunaren ikuspuntua ulertzeko egungo sektorea hirutan banatu behar dela azaldu du langile batzordeko presidenteak: aldiriko trenak, ibilbide ertainekoak eta ibilbide luzekoak. Ibilbide luzeari dagokionez, jakinarazi du abiadura handiko trenak soilik direla errentagarriak, eta gaineratu du ondorioz gainerako lineak desagertzeko arriskuan daudela, baita erabilera txikia duten tren azkar batzuk ere. «AHTa errentagarria izan dadin, batez beste %90tik gorako erabilera izan behar du».

Ibilbide ertaineko linea asko errentagarriak ez direnez, eta diruz lagundu nahi ez dituztenez, desagertu egingo dira. Espainiako Sustapen Ministerioak kolokan dauden 52 linea zehaztu ditu, baina oraindik ez du horien berri eman. Hau da, ezin da jakin Hego Euskal Herrian eragingo ote duen neurri horrek. Azkenik, aldiriko trenek erkidegoen babesaren araberako etorkizuna izango dutela azaldu du Sanchezek. «Aldiriko trenek defizita sortzen dute hemen, Buenos Airesen eta New Yorken; errentagarria izan daitekeen bakarra AHTa da, eta leku jakin batzuetan».

Kalitatearen gainbehera

Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretuak beste aldaketa esanguratsu bat badakar: urte amaieran, FEVE —Espainiako trenbide estuak kudeatzen dituen enpresa publikoa— Renferen eta Adifen barruan sartuko da. Hori egiteko, FEVE bitan zatituko dute: alor komertziala Renfen txertatuko da, eta azpiegiturena, Adifen. Erabaki horrek, hasiera batean, lanpostuetan eragingo duela ohartarazi dute sindikatuek. FEVEk 1.857 langile ditu, eta enpresa horren zerbitzua beste bi enpresetara pasatzean kaleratzeak egoteko arriskua handia da.

FEVEk kudeatzen dituen trenbideak pribatizatzeko arrabolan sartzeak eragin zuzena izan dezake gaur egun ematen duen zerbitzuan. Hego Euskal Herrian, funtsean, Bizkaian eragingo du aldaketa horrek. Bilbotik ateratzen dira Santander eta Leonera (Espainia) joateko trenak, baita Balmasedara joatekoak ere. Ordea, linea horiek geltoki asko dituzte, eta zerbitzu «garrantzitsua» eskaintzen dutela nabarmendu dute.

FEVE desagertzeak Gipuzkoan ere eragingo du, nolabait. Hain zuzen ere, FEVEk tren turistikoak kudeatzen ditu, eta Kantauri itsasoko kostaldea zeharkatzen duena Donostiatik ateratzen da, eta Ferrolen (Galizia) bukatu. Horrez gain, Bilbotik ere Historiako, Paduretako eta La Roblako tren turistikoak pasatzen dira.

Aldirikoetan, trenen %60

LABek pauso bat gehiago eman du aldarrikapenetan, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Euskal Herriko trenbide arloan enpresa publiko bat egiteko. EuskoTren, Euskal Trenbide Sarea eta Bilboko Metroa Jaurlaritzaren menpe daude egun. Mapa hori osatze aldera, Iñaki Arriola Garraio sailburuari eskatu diote FEVEren ardurapean dauden bideen kudeaketaz ardura dadila. Bide batez, trenbide sektoreari buruzko gogoeta eskatu diote sektorearen beharrak zehazteko. Hori dela eta, LABek gaurko grebarekin bat egingo du; Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan protesta egingo dute, 10:30ean. Aldiriko trenen %60k gutxienez ibili beharko dute gaurko greban, eta ibilbide luzeagoko trenen %75ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.