Hurrengo zezena, epaitegian

Zezenketak konstituzioarekin bat datozen ala ez aztertuko dute Frantzian, irail hasieran, ondasun kultural eta immaterial izendatu eta urtebetera.

2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Zezen plazak alde batera utzi, eta epaitegietan toreatu beharko dituzte zezenak Frantzian, irail hasieran. CRAC Comite Radicalement Anti Corrida elkarteak eta Droit des Animaux abereen eskubideen defentsarako taldeak Konstituzioaren Kontseilura jo zuten, zezenketak konstituzioarekin bat ote datozen ala ez aztertzeko eskatzeko. Kontseiluak men egin dio eskaerari; irail hasieran erabakiko dute zezenketen konstituzionaltasunari buruz. CRAC elkarteko kide Jenofa Cuisseten hitzetan, kontseiluak ebazten badu zezenketak ez datozela bat konstituzioarekin, «zezenketak desagertu egin daitezke». Joan den urteko apirilean, Frantziako kultur ondare izendatu zituzten zezenketak. Gaur egun, Frantziako 47 hiritan egiten dituzte.

Katalunian debekatuta daude zezenketak, urtarrilaren 1etik. 2010eko uztailaren 28an onartu zuen parlamentuak herri ekimen legegile bat; 68 aldeko bozka jaso zituen, aurkako 55, eta bederatzi abstentzio. Orain, ordea, debeku hori aldatzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Dekretu bat onartuko du, zezenketak Espainiako kultur ondare izendatzeko. Hartara, indargabetu egingo dute Kataluniako debekua. Horrez gain, autonomia erkidegoek ezingo dute zezenketak debekatzeko legerik onartu hurrengo urtean.

Kanaria Uharteak izan ziren zezenketak debekatzen aitzindari; 1991n debekatu zituzten, Animalien Babeserako Legearen bidez. Oilarren arteko borrokak, berriz, onartuta daude. Halere, ekintza horrek ezin du diru publikorik jaso.

Animalien Babeserako Legea

1993tik dago indarrean Animalien Babeserako Legea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskadiko Libera elkarteko kide Lorea Burgesen ustez, «zaharkitua» geratu da plana, eta «esparru zabalegiak» hartzen ditu: «Europako kontuetan sartzen zen, hemengo arazoetan erreparatu gabe. Nahiko arazo badago konpontzeko hemen, Europan muturra sartzen hasi baino lehen». Horren harira, Euskadiko Libera elkarteak legean zuzenketa bat egiteko eskatu zion Jaurlaritzari: herrietako festetan animaliak hiltzea debekatzeko, alegia.

Burgesek adierazi du legea aldatzeko zirriborro bat prestatu zuela Patxi Lopezen gobernuak, baina hori egin ostean Jaurlaritzak ez zituela egin dokumentua onartzeko tramiteak. Espero du gobernu berriak —urriaren 21eko hauteskundeen ondoren boterea hartuko duenak— Lopezen gobernuak hasitako berrikuntzak hartuko dituela.

Bestalde, Euskadiko Liberak gutun bat aurkeztuko dio Lekeitioko Udalari datorren asteko ostiralean, antzarrak direla eta. Horren harira, Antzar Egunean gomazko antzarrak erabiltzeko eskatuko du, egiazkoak erabili beharrean. Aurretik hildako antzarrak erabiltzen dituzte. Horrez gain, udalari galdegingo diote argitzea antzarrak zein baldintzatan ekartzen dituzten. Prototipo bat egin zuen duela urte batzuk enpresa batek: Antzartek izeneko gomazko antzar bat diseinatu zuen, Antzar Eguna ospatzeari ez uzteko. Nolanahi ere, Burgesek salatu du benetako antzarrak erabiltzen hasi zirela berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.