Haserrea, izua, bidegabekeria, samina, bortizkeria, beldurra, zapalkuntza, ezintasuna, sarraskia...». Horrela deskribatu dute Errekaldeko auzotar askok asteazkenean Kukutza gaztetxearen inguruan bizitakoa. Tentsioz beteriko egun luze baten ostean, beste itxura batekin argitu zuen atzo eguna Errekalden. Baina ez beti bezala, Kukutzako ateak indarrez itxi baitituzte, eta orain, poliziak daude atezain, auzotarren ezin ulertua eraginez.
«Asteazkeneko gertaerek grisen garaia ekarri zidaten gogora. Auzoa oso minduta dago», azaldu du Errekaldeko bizilagun batek. Goizeko bederatzietan alaba eskolara eramaten ari zela harrapatu zuen Ertzaintzaren oldartzeak: «Berdin zitzaien, edonor jotzen zuten». Haurrak beldurtuta zeudela diote haurtzaindegi aurrean solasean bildutako ama batzuek. Haien seme-alabak askotan joaten ziren gaztetxera, han antolatutako ekintzetan parte hartzera. «Atzo ez zuten deus ulertzen, eta negar egiten zuten. 'Zer gertatzen da? Gaur ez dago jolasik?', galdetzen ziguten», azaldu du ama batek.
Ertzaintzak emandako kolpeen ondorioz gorputza minduta zeukanik ere bazen atzo Errekalden. «Gu modu baketsuan agertu ginen, eta eraso egin ziguten. Jo egin gintuzten, goizaldetik iluntzera arte», dio Kukutzako gazte batek, haserre. Ertzaintzaren jarrera salatu du, baita Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak egindako adierazpenak ere: «Esan dituenak irakurtzea lotsagarria da. Nola esan dezake Ertzaintzak jarrera egokia izan zuela? Bizkarra, hankak... gorputz guztia kolpez beteta utzi didate».
«Kukutza kultura da auzoarentzat; guk bat egiten dugu Kukutzarekin». Hala aitortu du tabernari batek. Gaztetxea auzoarentzat ezinbesteko pieza bihurtu dela adierazi du, eta bizilagunak biltzeko gunerik ez dagoela salatu du: «Kukutzak gabezia hori betetzen du».
Asteazkenean taberna itxi behar izan zuen, Ertzaintzak horretara behartu baitzuen. Errekaldeko beste dendari eta tabernari batzuek ere euren lokaletako ateak itxi behar izan zituzten, Poliziaren oldatzeak etengabeak zirelako. «Auzotar askok etxeko atariak zabaldu zituzten jendea bertan babestu ahal izateko. Oldartzen zirenean jendea beldurtu egiten zen, noski; poliziek guk ez daukagun ekipamendu bat daukate», nabarmendu du dendari batek. «Atzo ikusitakoa armada baten lehorreratzea izan zen», dio beste bizilagun batek. «Gurea da eta oso maite dugu Kukutza, eta haren alde egiten zuen edonor zapaltzeko prest zeuden», gaineratu du.
Errekalde gaur egun dena izatea auzotarren borondateari eta borrokari esker lortu dela nabarmendu du. Kukutzatik metro eskasetara dagoen muralak berresten du ideia hori: «Errekaldetarra izateaz harro nago, lortu dudan guztia borrokatuz lortu dudalako».
Erantzun sendoa
Asteazkeneko istiluek gaitzespen zabala jaso dute auzotarren aldetik. Hala ere, baikortasun zantzuak bilatu dituzte Kukutzaren aldekoek; jendearen erantzunean, hain zuzen. «Jende pila bat bertaratu zen, eta ordu luzez Poliziaren aurrean egon ziren. Auzotarrak gugatik kezkatzen ziren; oso babestuta sentitu ginen», azaldu du Kukutzako kide batek.
Hamahiru urteotako dinamikari jarraituz Errekalden herri kultura sustatzen jarraituko dutela ziurtatu dute: «Kukutza gaur egun ikur bat da kultura alternatiboaren arloan, eta horrek kalte egiten die instituzioei. Haiek, nahiz eta dirua mahai gainean jarri, ez dira gai Kukutzak eskaintzen duena emateko».
Etorkizunari grinaz begiratzen diote. «Guk oinak lurrean ditugu, baina argi izan dezatela Kukutzak borrokan jarraituko duela. Botatzen badute ere, Kukutzak jarraituko du».
Kukutzaren hustea. Biharamuna Errekalden
Hustu badute ere, taupadak ez dira eten
Ertzaintza dago orain Kukutzako atarian, inor sar ez dadin. Errekaldeko bizilagunek ez dute etsiko auzolanean eraiki duten kulturgunea berreskuratu arte, eta etorkizunari begira baikor dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu