Politika

HZ ilegalizatzea bakea oztopatzea litzatekeela uste du Otegik

PSOEk HZ Herritarren Zerrendaren kontra Espainiako Auzitegi Gorenean inpugnazioa aurkeztu izana erabaki "larri, oker eta antidemokratikoa" dela uste du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak, eta, halaber, hautagaitza hori ilegalizatzea bakea oztopatzea litzatekeela azpimarratu du. Hala ere, PSOEk Espainiako Gobernuan oraindik oso denbora gutxi egin duela esan du Otegik, eta, beraz, HZren inguruan har dezaketen bidea ez dela sozialistek Euskal Herriari buruz duten jarreraren erabateko adierazlea.

2004ko maiatzaren 17a
12:11
Entzun
PSOEk euskal gatazkari buruz duen gatazka epaitzeko garaian "zuhur" jokatzearen alde ageratu da Otegik. ETBn egin dioten elkarrizketan esan du sozialistek oraindik denbora gutxi egin dutela Espainiako Gobernuan, eta, beraz, orandik ez duela Euskal Herriari buruzko estrategia argirik. "Oraindik ez litzateke zuhurra HZ ilegalizatzen bada PSOE PPren jarraipen hutsa dela esatea", adierazi du Otegik; "uste dut zuhur jokatu behar dela arlo horretan, oraindik denbora gutxi igaro baita Gobernuan daudenetik", erantsi du.

Nolanahi ere, HZren inguruko jarrera dela-eta, PSOE euskal auziaren inguruan "okerreko oinarekin" hasi dela iritzi dio ezker abertzaleko buruzagiak. "Auzitegi Gorenean inpugnatzea erabaki larri, oker eta antidemokratikoa da", azpimarratu du, eta ezker abertzaleak sozialisten jokabide hori gogoan hartu duela gaineratu du.

Horrez gain, HZ ilegalizatzea bakea lortzeko oztopoa izan daitekeela esan du Otegik, bide horrek gatazkaren konponbidea urrundu egiten duela uste baitu. Ildo horretatik, euskal auzia gainditzeko ezker abertzalea aintzat hartzea ezinbestekoa dela esan du, eta hori jende guztiak badakiela.

Nolanahi ere, nahiko itxaropentsu agertu da Otegi euskal gatazka konpontzeko aukeraren inguruan.Hain zuzen ere, gatazka behin betiko konpontzeko "bide egokia" zabaltzen ari dela iritzi dio: hots, autodeterminazioaren eskubidearen onarpena uste baino hurbilago egon daitekeela nabarmendu du. "Lortu behar dairtenbideak ez diola inori kalte egiten sozialistei sinestaraztea; aitzitik, denei mesede egiten digula konbentziaraztea. Lortu behar da irtenbiderako borondatea agertzea PSOErentzatko premiazkoa izatea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.