Eguraldia

Ia 150 kilometro orduko haize boladek jo dute euskal kostaldea

Haizeak eragina izan du hainbat errepidetan, eta 15:00 arte mantenduko da haize arriskua.

2019ko azaroaren 23a
15:54
Entzun

Bermeon, haize boladak 149 km/h-ko abiadurara iritsi dira gaur goizean; 147 km/h ingurukoak izan dira Karrantzan ere. 15:00ak arte, haize arriskua adierazia du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Kostaldean 100 km/h-ko haizea espero da oraindik ere, eta 80tik gorakoa mendi inguruan.

Bizkaian, hainbat errepide itxi dituzte haizeak eragin dituen kalteen ondorioz: BI-3438 errepidea Ondarroa eta Lekeitio artean, BI-631 Bermeon eta BI-623 Urkiolako igoeran, besteak beste. Gipuzkoan, berriz, A-8 errepidean eragin du haizeak, Errenteria parean zuhaitzak erori baitira bidera, Irungo noranzkoan.

Donostian 120 km/h-ko haize boladak izan dira Santa Klara irlan, eta Madrildik Hondarribiko aireportura zihoan hegazkin batek Iruñean lur hartu behar izan du. Gipuzkoako hiriburuan hainbat kale itxi behar izan dituzte, haizeak eragindako kalteen ondorioz: horien artean, Askatasunaren hiribidea. Tolosa ibilbidean bi zuhaitz erori dira, eta zaborrontzi ugari irauli dira.

Itsasoan, nabigaziorako abisu horiak iraungo du gauerdira arte. Donostian 6 metrotik gorako olatuak egon dira, eta eguerdi partean 5 metrokoak espero dira. Gero behera egingo duten arren, 3,5 eta 4 metro artean izango dira gauera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.