'Cabacas auzia'

Ia hiru urteren ondoren, 'Cabacas auzia' behingoagatik argitzeko eskatu dute

Bi ertzainek deklaratu dute gaur Bilboko epaitegian. Horietako batek ertzainei armak banatu, kontrolatu eta jasotzeko ardura zuen, eta, abokatuaren hitzetan, zenbait ilungune argitu ditzakete haren azalpenek. Iñigo Gogoan ekimenak protesta egin du auzitegiaren kanpoan.

Epaitegiaren atarian gaur egin duten elkarretaratzea. ARGAZKI PRESS
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko otsailaren 12a
11:24
Entzun

Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek 2012ko apirilean hil zuen Iñigo Cabacas Athleticen zalea. Gutxi falta da hirugarren urteurrena betetzeko, eta auzia epaitegietan dago oraindik. Ez hori bakarrik; instrukzio fasea ez da oraindik amaitu.

Gertaerak ikertu eta frogak biltzeko lehen fase horren barruan, bi ertzainek deklaratu dute gaur Bilboko Epaitegian, eta horietako baten azalpenei berebiziko garrantzia eman die Jone Goirizelaia abokatuak.

Oraindik argitu gabe dago gau hartan Ertzaintzak zenbat pilota jaurti zituen eta ertzain bakoitzak zein lan egin zuen. Polizien armak kontrolatzeko lana zuen ertzaina da gaur deklaratu duenetako bat. Ertzain bakoitzak zein eskopeta zuen jasota behar luke, eta bakoitzak zenbat pilota jaurti zituen ere bai, besteak beste. Hori argituta, ertzainen eta Segurtasun Sailaren azalpenak kolokan gera daitezke.

Ertzainen deklarazioen harira, Iñigo Gogoan herri ekinbideak elkarretaratzea egin du epaitegiaren kanpoaldean. Bertan izan dira Cabacasen lagunak eta gurasoak, besteak beste. Auziaren geldotasuna salatu dute bai abokatuak eta bai lagunek, eta auzia behingoagatik argitzeko eskatu dute. Gurasoek lasaitua behar dutela ohartarazi dute.

Espainiako bi poliziak deklaratuko dute bihar; gertaerak berregin zituzten polizietako bik. Duela bi urte egindako froga berresteko deitu ditu epaileak, batez ere Cabacas hil zuen pilota zein distantziatatik jaurti zen baieztatzeko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.