EHU

Iñaki Goirizelaiak EHUko errektore izaten jarraituko du

51.643 lagun zeuden botoa ematera deituta. Goirizelaia izan da hautagai bakarra. Botoen heren bat eskuratu behar zuen alde, eta %55 inguru lortu ditu. Zenbaketa ez da guztiz bukatu, arazoak izan direlako boto elektronikoarekin.

2012ko abenduaren 4a
21:57
Entzun

Iñaki Goirizelaiak jarraituko du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izaten beste lau urtez. Gaur egin dituzte errektorea hautatzeko hauteskundeak EHUn, eta 21:30 aldean jakinarazi dituzte emaitzak. "Oso pozik" dagoela azaldu du Goirizelaiak, eta bere proiektuak babesa jaso duela adierazi du.

Datua behin-behinekoa da oraindik. Boto elektronikoa zenbatzeko arazoak izan dituzte. Baina emaitzak ponderatu eta Goirizelaiak behar zituen botoak eskuratu dituela jakinarazi dute.

Parte hartzea oso baxua izan da. Botoa eman zezaketen 51.643 lagunetatik 5.406k eman dute botoa (%10,5). Horietatik 4.566 zenbatu dituzte (%84,4), eta 840 boto elektroniko gelditu dira kontatzeko.

Zenbatutako botoetatik, %55,16 izan dira Goirizelaiaren aldekoak. Gainerakoak zuriak eta nuluak izan dira, ez baita beste hautagaitzarik aurkeztu errektoretzara.

Boto zuria zuen arerio nagusia Goirizelaiak, hain justu. Botoen heren bat bere aldekoa izatea lortu behar zuen, gainontzean errektoretza eskuratzeko gutxienekoa ez baitzuen lortuko.

Oraindik azken emaitzak ez badaude ere, talde guztietan nagusitu da Goirizelaiaren aldeko botoa, administrazioko eta zerbitzuetako langileen arteko botoetan izan ezik.

Ikasleen parte hartzea, berriz, bataz bestekoa baino txikiagoa izan dela jakinarazi dute.

Boto neurtuaren sistema erabiltzen dute EHUko errektorea aukeratzeko. 2.239 irakasle doktore iraunkorrei emaitzaren %56,25 dagokie; doktore iraunkor ez diren 500 irakasleei, %7,5; gainerako irakasle eta ikertzaileei —2.779 dira—, %2,09; administrazio eta zerbitzuetako 1.884 langileei, %22,08; eta 44.241 ikasleei, %12,08.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.