Errealitatea konplexua da, eta zer esanik ez ekonomia. Lubakietatik urrundu eta mahaiaren gainean ñabardurak jarri behar direlakoan dago Iñaki Heras (Donostia, 1968) EHUko Enpresa antolakuntzako katedraduna. Argi du biderik ez duela egingo berak ere sinatutako Pertsonen zerbitzurako ekonomia baten alde manifestuak. Ñabardurak seinalatu eta unibertsitatean babes zabala lortzeko balio izan du, ordea.
Zergatik atera duzue orain manifestua?
Ez du lotura zuzenik Bilboko goi bilerarekin. Data hori manifestua kaleratzeko aitzakia on moduan baino ez dugu erabili. Gabezia bat ikusten genuen. Egun dugun egoera latza izanik, isilik egon gara unibertsitateko ekonomia eta enpresa arloko irakasleak. Egungo egoeran hartu beharreko neurrien gaineko gutxieneko adostasuna lortzen saiatu gara. Manifestuak ez dio ezer berririk, agian. Ekarpena da transbertsaltasunaren beharra seinalatzea. Duela urte batzuk ziurrenik elkartuko ez liratekeen sinadurak biltzea lortu dugu.
Pertsonen aldeko ekonomia eskatu duzue. Utopia bat dela pentsatuko du batek baino gehiagok.
Ekonomia zer den eta zer ez den zehaztu behar litzateke. Egungo eztabaida ekonomikoa ekonomiaren zati bat baino ez da. Merkatua eta ekonomia sinonimotzat hartzea bezain faltsua da. Ekonomia gizartea eta ekologia esatea da. Txanpon baten bi alde dira. Ekonomia pertsonen zerbitzura egon behar dela esatea ez dut uste utopia bat denik. Utopia, agian, bestea da.
Gaur egungo ekonomia?
Badakigu beste utopiak zertara eraman gaituen. Dena dela, nik ulertzen dut kritika horiek egitea. Gure manifestuari Hau oso polita da, baina orain zer? aurpegiratzea. Ados. Halere uste dut ez dagoela gaizki gutxieneko batzuk behintzat adostu izana.
Lehiakortasuna eta globalizazioa aitzakiatzat erabiltzen dira?
Dudarik gabe. Tamalgarria da. Krugmanek orain hogei urte esaten zuen lehiakortasuna ezin dela azken helburua izan. Gauza batzuk justifikatzeko aitzakiatzat erabiltzen dira lehiakortasuna eta globalizazioa. Termino ekonomikoak erabiltzen dira eztabaida mozorrotzeko.
Hemengo botere ekonomikoek ere erabiltzen dituzte.
Bai, eta baita sindikatuek ere. Denok erabiltzen ditugu. Hemen interes gatazkak daude. Zer da ekonomia bestela? Baina bakoitzaren jarreran baditugu termino fetitxe batzuk. Lehiakortasuna da bat, neoliberalismoa beste bat. Batzuek zer den askorik aztertu gabe erabiltzen dute termino hori. Eta ñabardurak, diagnostiko zehatzak, adostutakoak, garrantzitsuak dira.
Zer eskatuko zenieke Guggenheim barruan eta kanpoan izango direnei? Zer egin dezakete ekonomia eredua aldatzeko?
Eta zer interes dute ez aldatzeko?... Egia esan esperantza handirik ez daukat, ez barrukoengan ez kanpokoengan. Agerikoa da barrukoek zer egin behar luketen. Denetarik egongo da han ere, eta mezu ezberdinak entzungo dira. Etiketek ez dute balio, zaharkituta daude, bereziki herri honetan. Ez dute egungo errealitaterako balio. Etiketek ez dute balio, ez barruan ez kanpoan. Argi dago boterea eskuetan barrukoek dutela, eta aldatu behar dituztela hainbat politika eta ikuspegi ekonomiaren zentroan pertsona jartzeko. Kanpokoek ere hausnartu behar lukete, eta errespetu osoz diot, konfrontazio ereduak zertarako balio duen.
Aldaketarako tarterik badago?
Maila orokorrean ez dut uste botoi bat dagoenik, sakatu eta aldaketa ekarriko duenik. Baina utopia praktikoetan, esperientzia txikietan, ikusten dira aldaketa aukerak.
Herritarrak zer egin dezake ekonomia eredua aldatzeko?
Oso errotuak ditugu etiketak. Kapitalistak, langileak, klase borroka ... asko aipatzen dira. Uste dut falta dela analisi on bat, diagnostiko on bat, erakusteko jendeari gauzak zer konplexuak diren. Adibidez nola kontsumitzen dugun eta zer ondorio dituen, eta, beraz, honetan guztian erantzukizun bat dugula. Gure ekarpena miseria bat izango da, baina gure dirua banku batean edukitzean, esaterako, jokoa ahalbidetzen ari gara. Begira zer konplexua den: Ni neure kapitalista. Paradoxak, kontraesanak...
Finantza publikoek ez zutela krisia sortu nabarmendu duzue.
Badirudi hori dela lehenengoa, murrizketak beharrezkoak direlako. Baina ez dute pedagogiarik egiten zergatik diren beharrezko azaltzeko. Hor dago akatsetako bat: eztabaidan sartzen gara herritar gisa, eta segituan jarrera bat hartu nahi dugu. Zailtasuna dago benetan gabeziak non dauden ulertzeko, eta, gainera, jendeak, tamalez, ez dauka gutxieneko kultura ekonomiko bat. Ez dugu ulertzen zer den dirua, nola sortzen den, zer den diru politika. Hor, ekonomialariok, badugu erantzukizunik.
Ekonomia urruneko zientzia zail moduan ikusten da oraindik?
Denok ditugu argi ideiak, eta zaila da ulertzea dena ez dela posible. Denok esaten dugu bankuek zenbat diru eraman duten, zenbat diru eman zaien... Hala da, begi bistakoa da. Baina zein da errealitatea? Bankuek indarra dute, eta indar hori, neurri batean, guk eman diegu. Guk jarri dugu gure dirua han. Diskurtso horiek ez dira batere azaleratzen. Etiketetan, simulazioan, antzerkian geratzen gara.
Rajoyren eta Urkulluren baikortasun iragarpenez zer diozu?
Huts egiteko gogo handia daukat, baina kontua nahiko beltz ikusten dut. Besteak beste, historia ekonomikoari erreparatuta, Japoniak galdutako hamarkada eta gisa bereko parekotasunak daudelako. Deflaziorako arriskua ere hor dago. Uste dut gauzak ez direla hain positiboak, baina positiboagoak izan behar dugu, agian. Egia da koadro makroekonomikoa hobetu dela. Egia da, halaber, Euskal Herrian dugun egoera, oro har, hobea dela. Baina gaur, Gasteizen adibidez, badaude familia osoak langabezian, berogailua ezin piztuta, triste. Ez da gehiegikeria. Gertatzen da koadro makroekonomikoak Gasteizko familia horren zerbitzura egon beharko lukeela. Baina, halere, koadro ekonomikoa gehiago hobetu daiteke behekoak igarri gabe edo gehiago kalte egin gabe. Horren adibideak badira munduan. Hor dago koska. Nora goaz horrela?