'EGUNKARIA' AUZIA

Iñaki Uria aske uzteko eskatu dute 'Egunkaria'-ko langileek

Duela bederatzi hilabete emandako hitzari eutsiz, hilaren 20ro bezala, elkarretaratzea egin dute gaur Donostian 'Egunkaria'-ko langile ohiek, euskarazko kazeta horren aurkako operazioan atxilotutako lagunak aska ditzaten eskatzeko. Egun, Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria da auzi hori dela medio espetxean dagoen bakarra; beraz, 'Iñaki askatu. Egunkaria aurrera!' izan da Bulebarreko elkarretaratzeko goiburua.

2003ko azaroaren 20a
16:55
Entzun
'Egunkaria'-ko langile ohiez gain, herritar mordoska bildu da eguerdiko 12:30etan Donostiako Bulebarrean. Baina, bereziki, han ziren 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan zein urrian Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrakoan atxilotutako lagunetatik hainbat: Martxelo Otamendi, Joan Mari Larrarte eta Armando Hernandez zeuden, besteak beste, pankartari heltzen, eta Juan Mari Torrealdai, Mikel Sorozobal eta Txema Auzmendi ere han ziren.

Elkarretaratzean zen, halaber, otsailaren 20an atxilotu eta duela egun batzuk aske geratu zen Xabier Oleaga, 'Egunkaria'-ko zuzendariorde izana eta Ikastolen Elkartea-Partaideko komunikazio arduraduna. Atxilotuetako batzurekin "krudelkeria bereziz" jokatzen ari direla adierazi du Oleagak, Xabier Alegria eta, batik bat, Iñaki Uria gogora ekarriz.

Izan ere, 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotutako hamar lagunetatik bi daude oraindik espetxean: Iñaki Uria eta Xabier Alegria. Dena den, azken hori ez dago 'Egunkaria' auziagatik, baizik Udalbiltzaren aurkako sumarioarekin lotuta. Beraz, Uria da 'Egunkaria'-ren kontrako operazioarekin harremanetan kartzelan segitzen duen bakarra.

Herritarren eta 'Egunkaria'-ko langile ohien artean euskal kultur munduko zenbait lagun ikus zitezkeen; hala nola, Txillardegi idazlea, Sabino Ormazabal kazetaria eta Kike Amonarriz 'Argia'-ko sustapen arduraduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.