'Egunkaria auzia'

Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi maiatzaren 12rako deitu dituzte auzi ekonomikoaz deklaratzeko

Juan del Olmo epaileak bere garaian ez zien deklarazioa hartu eta, hala ere, auzipetu egin zituen. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Salak apirilaren erdian arrazoia eman zion defentsari. Madrilen deklaratuko dute.

2009ko apirilaren 28a
19:01
Entzun
Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi Euskaldunon Egunkaria-ko auzipetuek maiatzaren 12an Madrilera joan beharko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalera, auzi ekonomikoaz deklaratzeko. Eloy Velasco epaileak deitu ditu.

Izan ere, apirilaren 15ean jakin zen auzi horretako eginbide gehienak baliogabe jo dituela Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Salak. Honek arrazoia eman dio defentsari, Uria, Torrealdai eta Auzmendiren defentsa eskubidea ez zela errespetatu esaterako orduan. Hiru horiek Egunkaria-ko auzi nagusian auzipetu zituen Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak. Bigarren auzian ere inputatu egin zituen, baina ez zien deklaraziorik hartu. Pertsonari entzutea ezinbesteko baldintza da, ordea, norbait inputatzeko, eta defentsak helegitea jarri zuen. Instrukzioa ez du ondo egin Del Olmok, eta halaxe adierazi du Auzitegiko Salak.

Honek ez du garbi-garbi esaten defentsa eskubidea urratu zitzaienik, baina "babesgabetasun egoeraren bat egotea ezin denez erabat baztertu", zalantzak egon daitezkeela onartu du. Horregatik, "prozedura erabat garbia" izan dadin, eginbide horiek baliogabetzat jo ditu.



Hala, 2007ko apirilaren 10etik aurrera hartutako erabaki guztiak bertan behera utzi ditu, eta auzia prozedura laburtu bihurtu aurreko unera eraman du berriz ere. Ordutik hona egin diren eginbideak errepikatzeko agindu du. Orain auziaren ardura ez darama Del Olmok, baizik eta Velascok, eta honek erabaki beharko du Uria, Torrealdai eta Auzmendi Egunkaria-ko auzi ekonomikoan inputatu egiten dituen 1998-2001 artean Ogasunari egindako ustezko iruzurragatik.

Gaur-gaurkoz, auzi ekonomikoan bost lagun auzipetuta

Oraingoz, bost lagun daude auzipetuta kasu honetan: Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena.

2003ko urriaren 17an -Egunkaria urte bereko otsailaren 20an itxi zuten- Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Amando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra atxilotu zituzten, ekonomia delituak egin zitzaketela pentsatuta. Gerora Begoña Zubeltzu, Fernando Furundarena eta Ainhoa Albisu deitu zituzten deklaratzera.

Bere garaian, defentsaren eskaerarekin bat egin eta auzia Donostiako auzitegira edo Tolosakora eramatearen alde agertu zen Fiskaltza, auzia ez zela Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskumena argudiatuta. Baina eskaera ez zuen aintzat hartu Auzitegiak, eta akusazioa egiteko agindu zion Fiskaltzari. Herri akusazioarekin bat egin zuen orduan Fiskaltzak, eta Dignidad y Justiciak egindako eskaera bere egin zuen, zortzi lagunentzako (Uria, Torrealdai eta Auzmendi barne) 184 urteko espetxe zigorra eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.