Iazko udan Bilboko Metroko langile batzordeak eta zuzendaritzak lortutako akordioak errespetatzeko eskatu dute enpresa horretako langileek. Ehun behargin inguruk bat egin zuten atzo langile batzordeak deitutako manifestazioarekin. Langileen parte hartzerik gabe irtenbide «magikorik» ez dagoela ohartarazi zuten beharginek, eta erantsi zuten gatazkaren bi aldeak aintzat hartuko dituen bitartekari aditu bat beharrezkoa dela. Gainera, Iñaki Prego metroko zuzendaria kargutik kentzeko eskatu zioten metroko presidente Txema Oleagari, «errespetu faltak eta mehatxuak amaitzeko».
Lan gatazka hasi zenetik hamaseigarren lanuztea egin zuten atzo. Langile batzordearen arabera, beharginen %85ek bat egin zuten lan etenaldiarekin; zuzendaritzaren arabera, ordea, langileen %17k ez zuten lanik egin 09:45 eta 12:45 artean. Ohiko lanegun batekin alderatuta, metroa erabiltzen duten hamar pertsonatik bederatzik erabili zuten atzo garraio publiko hori, zuzendaritzak esan duenez. Bestalde, ELAk jakinarazi du auzitara eramango duela Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, San Tomas eguneko grebaren harira egin zituen adierazpenengatik. Oleagaren iritziz, metroko lan gatazka «politizatu» egin den adierazle da Lopezi salaketa jartzea, eta sindikatuei esan die halako ekintzek gatazka «egonkortu» besterik ez dutela egiten.
Datorren asteartean, hilak 24, Bilbon Bizkaiko Garraioen Partzuergoaren atarian elkarretaratzera deitu du langile batzordeak. Ostegunean, hilaren 26an, lanuztea egingo dute, 17:45 eta 19:45 bitartean.
Iazko akordioak betetzeko eskatu dute metroko langileek, manifestazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu