Iazko txupinazoan ez ziotela Poliziaren oldarrari erantzun deklaratu dute adingabeek

Hiru gazteak eta epaiketaren zain dauden beste hamahiruak absolbitzeko eskatu du ezker abertzaleak

Erredakzioa
Iruñea
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iazko sanferminetako txupinazoan izandako istiluen harira, hiru adingabe epaitu zituzten atzo Nafarroako Auzitegian, desordena publikoak egitea eta Udaltzaingoaren agenteei eraso egitea egotzita. Udaletxe plazara bortizkeria handiz eta jendea joz sartu ziren udaltzainei aurre egitea egozten diete adingabe horiei, baina udaltzain haiek ez ziren gai izan akusatuen aulkian eseritako hiru gazte horietako bakar bat ere ezagutzeko.

Adingabeak identifikatzeko irudi batzuk aurkeztu zituen akusazioak, baina Arantxa Izurdiaga abokatuak inpugnatu egin zituen irudi horiek, Udaltzaingoak muntatutakoak direlako eta gertaeren une jakin batzuk besterik ez direlako ikusten. Zortzi hilabete geroago aurkeztu zituzten irudi horiek, agenteek epaiketan aitortu zutenez, Udaltzaingoaren irizpidearen arabera muntatuta. Adingabeak zigortzerik ez dagoela uste du abokatuak.

Adingabeek ere deklaratu zuten. Hirurek onartu zuten txupinazoan izan zirela eta Poliziak oso bortitz jo zituela. Ez zutela erantzun azaldu zuten bik, eta momentuko ezinak eta beldurrak eraginda botila bat bota ziela onartu zuen hirugarrenak.

Udaltzainek atzoko epaiketan esan zuten beraiek ez zirela ikurrina kentzera joan ikur jakin hori zelako, baizik eta edozein pankarta handi kentzeko agindua zutelako sartu zirela, horrek arriskua sortzen ei duelako. Horrek ez du zentzurik, Izurdiagaren arabera, auzitegiek esana baitute pankarta handiak zabaltzeak ez dakarrela arriskurik.

Ikurrina kaleratzeko deia

Euskal nortasunarekin lotura duen orori «fobia» izatea egotzi dio ezker abertzaleak UPNri. Euskara baztertzea ez ezik, ikurrina instituzioetatik kendu nahi izatea aurpegiratu dio.

Baina ikurrina erakutsi egin behar da, ezker abertzalearen irudiko. Eta, horregatik, sanferminetan ikurrina ikusarazteko deia egin die herritarrei. Etxeko balkoietan zintzilikatzeko deia egin du, itsasgarri eta pinen bitartez soinean eramatekoa... «Europako eskuin atzerakoienari hainbesteko mina ematen badio ikurrinak, muturrean emango diogu».

Atzoko epaiketak argi uzten du, ezker abertzalearen ustez,«ikurrinaren moduko bandera legal bat» kalean ez ikusteagatik UPNk ez duela dudarik egiten «indarkeria eta gorputz armatua erabiltzeko». «Biktima» dena «akusatu» bihurtzea egotzi dio, eta gogora ekarri du gazte horiek joan zen astean erakutsi zituzten irudietan ikusten dela udaltzainak bortitz sartu zirela plazan eta ikurrina zeramatenen kontra egin zutela, hura kendu arte. Hiru adingabeak eta epaiketaren zain dauden hamahiru gazteak absolbitzeko eskatu du ezker abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.