Atzo arratsaldean Frantziako Poliziak Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitor Artetxe ustezko etakideak Gerden (Frantzia) atzeman ondoren, Guardia Zibilak beste hiru lagun atxilotu zituen 23:00ak aldera Irunen (Gipuzkoa), eta gaur eguerdira arte ez dute hiru horien izenik eman. Efe berri agentziak polizia iturriak aipatuz dio hiru horiek Ibai Egurrola San Andres, Javier Gutierrez Jimenez eta Amets Ladislao Gonzalez direla. Madrilera eraman ditu Guardia Zibilak.
Bizkaitarrak dira hirurak: Egurrola eta Gonzalez Getxokoak dira (Algorta auzokoak), eta Gutierrez Leioakoa. Algortan gaur 20:00etatik mobilizazioa egingo dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dioenez.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak gaur goizean Granadan (Espainia) ekitaldi bat izan du, eta ez du hiru horien izenik eman. Ezta Michele Alliot Marie Frantziako Gobernuko Barne ministroak ere. Honek adierazi du azken hirurek Gerdeko operaziotik ihes egin zutela. "Gerdeko atxiloketen unean auto batek ihes egin zuela ikusi genuen, eta auto horretan zihoazen gero Irunen atzemandakoak", esan du France Info irrati katean.
AAM "benetako kezka" agertu du hiru horiek "Guardia Zibilaren eskuetan jaso dezaketen tratuaz". Izan ere, "Guardia Zibilak sistematikoki torturatzen ditu euskal herritarrak, informazioa eta inkulpazioak lotu eta herritarren artean benetako izua zabaltzeko. Inkomunikazio egoerak inpunitate osoa ematen die torturatzaileei atxilotuak nahi bezala tratatzeko".
Iriondo, Zarrabeitia eta Artetxe, Baionako polizia-etxean
Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitor Artetxe atzo 21:10az geroztik Baionako polizia-etxean dauzkate. Gaur esan dutenez, bihar arte, behintzat, bertan edukiko dituzte, gero Parisera eramateko.
Tarbe inguruan atxilotu zituzten, 18:00ak aldera. Ez dute garbi esan nola atxilotu zituzten, baina iturri batzuek diote kalean zeudela atxiloketaren unean. Juntadizoa izan zezaketela ondorioztatu du Poliziak. Hiru lagunak armatuta zeudela zabaldu dute iturri horiek eta dokumentu faltsuak zeramatzatela. Rubalcabak gaur adierazi du Iriondoren autoan hiru arma topatu dituztela, material informatikoa eta elektronikoa, agendak eta bi motxila.
ETAko buruzagitza militarreko kide izatea egozten diete Iriondori eta Zarrabeitiari, berri agentziek jakinarazi dutenez. Artetxeri buruz ez dute zehaztasunik eman. Iriondo lasartearra (Gipuzkoa) da, eta 2002an egin zuen ihes, polizia iturrien arabera. Zarrabeitia Abadiñokoa (Bizkaia) da, eta iturri horien arabera, 2007az geroztik falta da etxetik. Artetxeri (Sopela, Bizkaia) buruz, Bizkaia taldeko kide izandakoa dela besterik ez dute esan.
Frantziako eta Espainiako Barne Ministerioek berebiziko garrantzia eman diote atxiloketa horiei. Izan ere, ETAko talde militarreko buru jotzen zuten Garikoitz Aspiazu (Bilbo) ustezko etakidea duela hiru aste Cauteretsen (Frantzia) atxilotu zutenetik Iriondok betetzen zuen haren papera.
Atxiloketen berri jakin bezain laster poliziaren lana txalotu zuen Alliot Marie Frantziako Barne Ministroak. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak ere prentsaurrekoa eman zuen atxiloketak gertatu eta pare bat ordura. Hiru lagunen izenak eman zituen Rubalcabak, eta Iriondo Aspiazuren oinordekoa dela azpimarratu zuen. Rubalcabak eta Alliot Mariek, biek azpimarratu zuten, atxiloketa horiek Frantziaren eta Espainiaren arteko elkarlanaren fruitu direla.
Rubalcabaren arabera, Aspiazu atxilotu zutenean abiatutako ikerketen ondorioz iritsi dira atzo hiru lagunak atxilotzera.
Frantziako Poliziak ustezko ETAko buruzagitzen kontra aurten egiten duen hirugarren polizia operazioa da atzokoa. Maiatzaren 20an Francisco Javier Lopez Peña, Jon Salaberria, Igor Suberbiola eta Ainhoa Ozaeta atxilotu zituztenean buruzagitza atxilotu zutela esan zuten, eta gauza bera egin zuten duela hiru aste, Garikoitz Aspiazu atzeman zutenean.
AAMk gatazka politikoaren konponbidea aldarrikatu du. "Konponduko bada, elkarrizketatua eta politikoa izango da irtenbidea".
Atxiloketak
Ibai Egurrola, Javier Gutierrez eta Amets Ladislao Gonzalez dira Irunen atxilotutako hiru lagunak
Guardia Zibilak atzeman zituen atzo gauean, Frantziako Poliziak arratsaldean Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitor Artetxe ustezko etakideak atxilotu eta gero. ETAko buruzagitza militarreko kide izatea egozten diete Iriondori eta Zarrabeitiari. AAMk "benetako kezka" agertu du Irunen atxilotutakoek "Guardia Zibilaren eskuetan jaso dezaketen tratuaz".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu