«Lasai» daude biak. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Patxi LopezPSEko idazkari nagusia «lasaitasun osoz» joango dira EAEko Auzitegi Nagusiak urtarrilaren 8anhasiko duen ahozko epaiketara.
Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako iturriek agertu dutenez, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak «kontzientzia lasai dauka, egin behar zuena egin zuelako»; bere ustez, euskal herritarrekin hartutako konpromiso politikoa eta elektorala bete egin baitzuen Batasuneko kideekin bildu zenean. Lehendakaritzaren arabera, Ibarretxek «gauza bera» egingo luke orain, sinetsita baitago «denen arteko elkarrizketa eta akordioa» behar direla konponbidea lortzeko. Ahozko epaiketa «zentzugabekeriaren bukaera» izango dela uste du lehendakariak.
Batasunarekin hitz egiteagatik lehendakari bat epaituko duten lehenengo aldia izango dela nabarmendu dute iturri horiek, eta gogoratu dute duela urtebete inguru Auzitegi Gorenak ez zuela deliturik ikusi Espainiako Gobernuko ordezkariakezker abertzaleko ordezkariekin eta ETArekin bildu zirenean.
«Zigortzeko moduko arrazoirik ez dagoelako» lasai dago, halaber, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia. «Jendeak badaki bake bidean aurrera egiteko saio zintzoa izan zela hura», adierazi du. Abagune berbera emango balitz, modu berean jokatuko lukeela esan du Lopezek, buruzagi politiko ororen betebeharra bakea erdiestea dela argudiatuta.
Rodolfo Aresek eta berak epaiketari «normaltasun osoz» egingo diotela aurre adierazi du, eta epaiketak hauteskunde emaitzetan eraginik ez sortzea espero duela esan du: «Bi lehendakarigai izango gara bertan, eta sartu bezala ateratzea espero dut. EAEko hauteskundeetan honek ez dueraginik izango».
Alderdien Legea
Oso bestelako irakurketa egin du ezker abertzaleak. Haren irudiko, urtarrilean hasiko den epaiketa «jauzi kualitatiboa» da Espainiako Estatuak azken hamarkadetan Euskal Herriko eskubideen aurka abiatu duen «errepresioaren» bidean, «elkarrizketa politikoa kriminalizatueta delitu bihurtu duelako». Ahozko epaiketaren oinarrian Alderdien Legea dagoela gogoratu du ezker abertzaleak, eta PSOEren eta EAJren diskurtsoaren «faltsukeria» salatu du, sozialistek lege hori bultzatu dutelako, eta jeltzaleek gauzatzen lagundu dutelako.
Prozesu horrenjomugan «independentismoa» dagoela gaitzetsi du ezker abertzaleak, eta benetan epaituak izango direnak «militante independentistak» direla azpimarratu du. Bere ustez, gatazka politikoari irtenbide politikoa bilatzeagatik epaituko dituzte Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia eta Juan Joxe Petrikorena. «PSOEk modu honetan erantzuten dio ezker abertzaleak abagune demokratikoa lortzeko egiten duen lanari».
Zentzurik ez
Bestalde, Eusko Alkartasunak eta Ezker Batuak ez diote «inolako zentzurik» ikusten epaiketari. EArentzat «bitxia» da Espainiako justiziak deliturik ez ikustea ETArekin egindako bileretan, baina bai Batasunarekin egindakoetan. Hori horrela, «eskubide guztiak» bermatuak izan daitezen Euskal Botere Judiziala sortzea ezinbestekotzat jo du EAk.
Mikel Arana EBko eledunaren iritziz, «anakronismoa» da epaiketa egitea. Hala, ataka horretatik ateratzeko bide bakarra auzia artxibatzea dela esan du Aranak.
Ibarretxe eta Lopez «lasai» daude, eta orain gauza bera egingo luketela diote
Elkarrizketa politikoa «kriminalizatu» eta «delitu» bihurtu nahi izatea gaitzetsi du ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu