Ibarretxe eta Mas, eskutik helduta erabakiaz eta prozesuaz

Jaurlaritzako eta Generalitateko lehendakari ohiek hitzaldi bat emango dute hilaren 22an, Donostian. Antolatzaile: GED eta Agirre Center

Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxe, 2004an, Ajuria Enean. RAUL BOGAJO / ARP.
enekoitz esnaola
2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Hilaren 22an, Erabakitzeko eskubidea: Kataluniako prozesua hitzaldia izango da Donostian (Kursaal, 19:00). Aktualitateko gaia, ezbairik gabe. Hizlariek indar handiagoa eman diote hitzorduari, Juan Jose Ibarretxe eta Artur Mas mintzatuko baitira. Ibarretxek duela ia zortzi urte Jaurlaritzako lehendakaritza utzi zuenetik, biak ez dira jendaurreko ekitaldi batean elkarrekin aritu. Donostian batuko dira bi aste barru, Agirre Lehendakaria Center zentroak eta Gure Esku Dago herri dinamikak antolatutako saioan. «Ohore handiz» hartuko dute Mas Kataluniako Generalitateko lehendakari ohi (2010-2016) eta PDCko presidentea, ohar batean azaldu dutenez, eta nabarmendu Generalitateko burua zela «Kataluniaren etorkizunaren inguruan prozesu parte hartzaile bati bide» eman ziola. «Horregatik, auzibidean da». 2014ko azaroaren 9ko herri galdeketagatik hasi dira epaitzen Mas asteon, Kataluniako Auzitegi Nagusian, desobedientzia eta prebarikazioa egotzita. 2,3 milioi lagunek hartu zuten parte Kataluniako estatuari buruzko kontsultan.

Ibarretxe maiz agertu da Kataluniako prozesuaren alde, nabarmen. «Katalan herriak merezi du aukera hau. Espainiak uko egin zion negoziatzeari —lehen Euskadin, orain Katalunian—, eta gautu egin zaio», zioen duela urtebete pasa. Gerta daitekeenaz ohartarazi zuen orain ia bi urte, Euskal Herria ere aitatuz: «Erabakitzeko eskubidea onartu ezean, alde bakarreko independentzia aldarrikapenak izango dira Euskal Herrian eta Katalunian». Eta hango prozesuarekiko hemen elkartasun handiagoa izatea nahiko lukeela idatzi zuen 2015eko urrian: «Gauzak garbi esan behar dira: Katalunian [irailaren 27ko hauteskundeetan], indar independentistek irabazi dute. Nik nahiago nuke Euskadi konprometituago balego katalan prozesuarekin. Ezin dugu askoz denbora gehiago pasatu propioa baina antzeko prozesu bat bultzatzeko».

Lehendakari zenean (1999-2009), Ibarretxe egon zen batzuetan Masekin, hura CiUko burua zela. 2008an, kasurako, harekin bildu ondotik, Orain inoiz baino gehiago ekimen politikoa hitzaldia eman zuen, Bartzelonan. Hilabete batzuetara onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Kontsulta Legea —preseski, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak urte bereko Diada egunean bota zuen atzera—.

Hilaren 22ko —asteazkena—hitzaldian Kursaalean egon nahidutenek izena eman beharko dute aurretik: 94-6017986ra deituz, openakademia@agirrecenter. eus-era idatziz edo Agirrecenter. eus-en formularioa betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.