"Esango nuke legegintzaldi hau historian sartuko dela euskal auzia desblokeatzeko oinarria ipini dugulako. Bidean irainak eta mehatxuak jasan behar izan ditugu, zailtasun ugari gainditu behar izan ditugu, baina ausartak izan gara, eta proposamen politikoa aurkeztu dugu euskal gizarteari erantzunak eta irtenbideak eskaintzeko. Atea zabaldu diogu itxaropenari, eta ate hori ezingo du inork itxi, euskal gizarteak ez duelako inoiz horrelakorik ulertuko", esan du Jaurlaritzako lehendakariak.
Eusko Legebiltzarrak Estatutu proposamena onartuta "etorkizunaren trena abian" jarri dela iritzi dio Ibarretxek. Atzo bertan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin harremanetan jarri zela azaldu du, proposamenak Espainiako Kongresuan bere bidea jarrai dezan "negoziazio politiko prozesu ireki eta malgua zabaltzeko". Prozesu horren azken urratsa herri galdeketa "askatasunean eta gogorkeriaren mehatxurik gabe" izango dela berretsi du; hau da, kontsulta egingo dela, bai Espainiako Kongresuan aurrera ateratzen bada, bai atzera botatzen badute.
Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdien izenean ETAri behin betiko desager dadila eskatu dio, eta ohartarazi hori dela "Euskal Herriak bere hitza eta bere erabakia askatasunean" emateko modu bakarra.
Gasteizko Gobernuaren Estatutu proposamenak atzo Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoaren babesa bildu zuela oroitarazi du, eta, ildo horretatik, agertu du ez duela Batasunak emandako botoen zilegitasuna auzitan jarriko. "Ez da hau Estatutu berriak lortu duen babesaren legitimotasuna zalantzan jartzeko garaia; halakorik egingo ez genukeen bezala Sozialista Abertzaleen talde osoak PP eta PSErekin batera botoa eman izan balu Estatutu Berriaren proposamena eragozteko. Orain Batasunaren botoen zilegitasuna zalantzan jartzen dutenek inoiz ez dute hitzik ere esan PPk, PSEk eta Batasunak askotan botoa eman dutenean elkarrekin Gobernu honen ekimenen kontra, azkena joan den asteartean aurrekontuen gainean", adierazi du.
Finean, 2005a "bakearen urtea" izango da Ibarretxeren aburuz, "gerrak, errepresioa, diktadura, gogorkeria, terrorismoa, biktimak, torturak eta sakabanetak" euskal gizartean sortutako samina atzera uztekoa. "Besteen samina aitortzetik abiatuta bakarrik, elkar ulertzetik eta espirituaren zintzotasunetik abiatuta soilik aurkituko dugu adiskidetzeko bidea. Bakerako aukera ezin hobea. Indarkeria utikan, gure bizitzatik kanpora botako dugu behin betiko. Hona hemen nire uste osoa, eta nire gogoa: 2005. urtea bakearen urtea izango da Euskadin", amaitu du.
Eusko Jaurlaritzaren estatutu proposamena
Ibarretxe: "Euskal auzia desblokeatzeko oinarria ipini dugu"
2005. urtea "bakearen urtea" izango dela nabarmendu du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Gaonetako mezuan. Urtero egin ohi du mintzaldi hori, baina Eusko Legebiltzarrak atzo Ibarretxeren Plana onartu zuenez, garrantzi berezia hartu du gaurkoak. Hain zuzen ere, Jaurlaritzaren Estatutu proposamena izan da lehendakariaren mezuaren ardatza: "euskal auzia desblokeatzeko oinarria" ezarri dela, herri galdeketa egingo dela eta Batasunaren botoen zilegitasuna zalantzan jartzea ez dela bidezkoa nabarmendu du Ibarretxek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu