Gaur jakin denez, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEren zuzendaritzakideak eta Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena eta Olatz Dañobeitia ezker abertzalearen mintzaideak epaitu egingo ditu EAEko Auzitegi Nagusiak.
Hala erabaki du Roberto Saiz EAEko Auzitegi Nagusiko epaile instruktoreak, eta ahozko epaiketa egingo die. Fiskaltzak hiru eguneko epea dauka helegitea aurkezteko eta defentsen abokatuek hamarrekoa. Epaile instruktorearen ustez, "nahikoa oinarri juridiko badago delitua egon zela pentsatzeko". Auzitegiak ez du epaiketaren datarik jarri oraindik.
Ibarretxe iaz ezker abertzalearen kideekin bildu zen, baita Lopez eta Ares ere. Horregatik desobedientzia egitea leporatuta inputatu zituen auzitegiak Otegi, Etxeberria, Petrikorena, Barrena eta Dañobeitia, eta desobedientzia egiteko ezinbesteko laguntzaile izatea egotzita Ibarretxe, Lopez eta Ares. Ermuko Foroak jarritako helegiteak tarteko abiatu ziren auziak, eta Dignidad y Justicia taldeak ere politikarien kontra egitea erabaki zuen gero.
Ibarretxeren kontra bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du herri akusazioak, Lopez eta Aresentzat bederatzina hilabetekoa, eta Otegi, Etxeberria, Petrikorena, Barrena eta Dañobeitiarentzat urtebetekoa bakoitzarentzat. Kargu-gabetzeak ere eskatu ditu.
Hain zuzen, herri akusazioa osatzen duten elkarteak dira epaiketa egitearen alde dauden bakarrak: Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkarteak. Izan ere, desobedientzia deliturik ez dagoela eta epaiarekin aurrera jarraitzeko arrazoirik ez dagoela argudiatuz auzia artxibatzea eskatu zuten aurretik inputatuen defentsek eta EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak. Saiz epaileak berak atzera bota zuen eskaera hori, joan zen uztailean.
Saizek epaia aurrera eramateko prozedura laburtua aplikatzea erabaki zuen, eta inputatuen hiru aldeek erabaki horren kontra jarritako dei helegiteak atzera bota zituen lehengo astean auzitegiko Zibil eta Zigor arloko Salak. Hiru lagunek osatzen dute mahaia: helegiteen kontra egin zuten Fernando Ruiz Piñeiro mahaiko presidenteak eta Antonio Garcia Martinez magistratuak; Nekane Bolado magistratuak, berriz, kontrako boto partikularra eman zuen. Epaile instruktorearen esku geratu zen auziaren inguruko epaiketa egin edo ez. Hartu du erabakia: epaiketa.
Auzipetuen artetik Otegi, Etxeberria, Petrikorena eta Dañobeitia kartzelan daude gaur egun, beste auzi batzuengatik.
Ibarretxe, Lopez eta Otegi epaitu egingo ditu EAEko Auzitegi Nagusiak
Saiz epaile instruktoreak hartu du erabakia Jaurlaritzaren lehendakariaz, PSE-EEren zuzendaritzakideaz eta ezker abertzalearen mintzaideaz. Ares PSE-EEren buruzagia, eta Etxeberria, Petrikorena, Barrena eta Dañobeitia ezker abertzalearen mintzaideak ere epaituko ditu. Bilerak egiteagatik desobedientzia egitea leporatuta auzipetu dituzte ezker abertzalearen kideak, eta desobedientzia egiteko ezinbesteko laguntzaile izatea egotzita beste hirurak. Ahozko epaiketa egingo diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu