Ibarretxek bota zuen galdera

EAJren eta ezker abertzalearen ordezkaritza zabala egon da ekitaldian. Harrera beroa izan dute batasun politikoaren eta gizartearen inplikazioaren eta mobilizazioaren aldeko deiek.

jokin sagarzazu
Donostia
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ezohiko argazkia, baina hil berean errepikatutakoa. EAJ eta ezker abertzaleko buruzagiak, Donostiako Kursaaleko atarian. Komunikabideentzako ohiko irudiak eskaintzeaz haratago, agur beroak egin dizkiete elkarri, eta kamera eta mikrofoenatik zertxobait aldenduta, hizketan aritu dira, zenbait unetan, bero, sutsu. Kataluniako prozesu subiranistak elkartu ditu beste behin, oso denbora laburrean.

Otsailaren 6an atera ziren elkarrekin plazara, salatzeko Artur Mas Kataluniako presidente ohiaren eta bere gobernuko beste hiru kideren aurkako auzia, 2014ko azaroaren 9an han egin zen erreferendumagatik. Atzo, babesa itzuli zien Generalitateko presidente ohiak, alboan zuela Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia: atzokoa izan zuten lehen ekitaldia biak batera. Batasunerako eta mobilizatzeko deia egin zuten; horrekin loturik, Ibarretxek eskaini zuen ekitaldiko unerik gogoangarrienetako bat, «zenbat gara?» galdera bota eta izenburu hori duen abesti ezaguna kantatzen hasi zenean, han bildutako ia 2.000 lagunekin batera. Bi agintari ohien arteko besarkada bero eta sinbolikoak itxi zuen ekitaldia.

Ehunka herritar eta Euskal Herriko bi alderdi abertzaleetako ordezkaritza garrantzitsu bat: buruan, Sortuko idazkari nagusi Arnaldo Otegi eta EAko Pello Urizar, alde batetik, eta, bestetik, EAJren GBBko presidente Joseba Egibar eta BBBko Itxaso Atutxa. Beste alderdietatik ordezkaritza ofizialik ez: izan zen, adibidez, PSE-EEko Gemma Zabaleta, Gure Esku Dago-ren beste egitasmo batzuetan izan den bezala. Eta izan ziren beste politikari eta gizarte zibileko pertsona ezagun ugari ere: Paul Rios Lokarri-ko koodinatzaile ohia, Garbiñe Biurrun epailea, Pedro Miguel Etxenike zientzialaria—Ibarretxerekin batera iritsi zen aretora—, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburu ohia, Iñigo Iruin abokatua, Joan Mari Torrealdai eta Xabier Oleaga...

Politikarien artean, hutsune nabarmen bat: Andoni Ortuzar alderdi jeltzaleko presidentearena; Sabino Arana Fundazioaren beste ekitaldi batean zegoen, Jose Antonio Ardanza lehendakari zeneko komunikazio buru izandako Eugenio Ibarzabal kazetariaren memorien aurkezpenean. Hala ere, EAJren zuzendaritzan gertuko duen Joseba Aurrekoetxea Donostian izan zen. Gaur bilduko da Ortuzar Masekin eta Francesc Homsekin, Masen gobernuko bozeramaile izandakoarekin —bera ere auzipetuta— eta egun Espainiako Kongresuko diputatu denarekin.

Atzoko ekitaldiaren aurretik, halaber, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bildu zen Mas, eta baita EAJko Joseba Egibar eta EH Bilduko Miren Larrionekin ere. Eusko Legebiltzarrak Kataluniako prozesua babestuz onartutako bi adierazpenak eman zizkioten eskura.

Jaurlaritzako ordezkaririk ez

Eusko Jaurlaritzatik, berriz, ez zen ordezkaririk joan. Egibarrek garrantzia kendu nahi izan horri. «Hemen ez dago Jaurlaritza, baina hemen euskotar asko gaude. Hona etorri gara egungo politikako protagonista nagusienetako bat entzutera». Kataluniako prozesuaren judizializazioa salatu zuen eta irtenbidea «akordioaren bidetik» etorriko dela esan.

Izan zen Jaurlaritzako kideen hutsunea azpimarratu zuenik. Otegik, esaterako: «Kataluniak independentziaren aldeko hautua egiten duenean, ezker abertzalea egoten da haien ekitaldietan eta EAJ ez». Masekin eta bere alderdiarekin «alde ideologiko handia» izan arren, «errespetu handia» merezi duen agintaria dela azaldu zuen. «Hautetsontziak jarri zituen eta herritarren esku utzi zuen Kataluniaren etorkizuna: hori da guk nahi duguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.