Ibarrolak eta Toquerok hautagaitza bateratua aurkeztuko dute UPNren buru izateko

UPNko presidentegaia Cristina Ibarrola izanen da; presidenteorde izateko hautagaia, Toquero.

Cristina Ibarrola. JESUS DIGES / EFE
Cristina Ibarrola. JESUS DIGES / EFE
Uxue Rey Gorraiz - Isabel Jaurena
Iruñea
2024ko martxoaren 27a
08:30
Entzun

Argitu dute duda: Cristina Ibarrolak eta Alejandro Toquerok hautagaitza bateratua aurkeztuko dute UPN gidatzeko, eta elkarren arteko lehia saihestuko dute hala. Bata izanen da bestearen atzean, baina ilara berean: Ibarrola presidentegai; Toquero, presidenteorde izateko hautagai. Zerrendako hirugarrenaren izena ere iragarri dute, gainera: Cristina Sota aurkeztuko da idazkari nagusi izateko. Tafallako alkate izan zen 2007tik 2015era arte. Diario de Navarra egunkariaren bidez iragarri dute akordioa. 

Negoziazio betean murgilduta egon dira asteotan UPNn. Ibarrolak otsail hasierarako zuen esana presidentegai aurkeztuko zela, Iruñeko alkate izateari utzi eta hilabete eskasera, eta, era berean, orduantxe iragarri zuen Tuterako alkate Toquerori eskatuko ziola presidenteorde aurkez zedin. Hain justu ere, hor zen zalantza nagusia oraintsu arte: Toquero prest egonen ote zen kargu horretarako, edo izanen ote zen besteren baterako ere. Azkenean, bai: erdietsi dute bien arteko akordioa, garaiz. Apirilaren 10etik 12ra bitarte dago irekita hautagaitzak aurkezteko epea. 

Pentsatzekoa da UPNren barreneko liskarrak saihestea dagoela hautagaitza bateratua aurkezteko arrazoien artean, besteak beste. Alderdia ez dago boladarik onenean ―hori are eta ageriago bistaratu zen Iruñeko alkatetza galdu zutenean―, eta, beraz, alderdiko kideen artean arrakalarik ez sortzea izan liteke UPNren lehentasunetako bat. Bide horretatik, apirilaren 6an Kontseilu Politikoa izanen du alderdiak, non estatutuei aurkeztutako zuzenketak eta alderdiaren programa eztabaidatuko diren.

Alderditik ihesi

Akordioa ekarri duten negoziazioak, baina, gogor kritikatu dituzte UPNko hainbat kidek. Zehazki, erran dute negoziazioak zuzendaritza postuetara bideratu dituztela, alderdiaren ideologiari buruzko eztabaida alde batera utzita. Arrazoi horiek tarteko, Berriozarko Udalean UPNren bozeramaile denak, Usua Olazarrek, adierazi du alderdia utziko duela: «Ni ez nago horretarako, eta ezin naiz horren parte izan; horregatik jarraituko dut lanean Berriozarko Udaletik, baina UPNtik kanpo, Berriozarrendako hoberena dena defendatzeko».

Bada, Berriozarren nabaritu da gehien UPNtik PPranzko alderdi aldaketa. Sergio Sayas zinegotzi izan zen herri hartan, eta Daniel Cuesta alderdiko bozeramailea. Biak PPra aldatu dira. Duela bi urte Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok eragindako krisiaren ondotik dator kongresua, eta ikusteko dago zer eragin izango duen alderdi barruan.

Aldaketa eta irteera horiek garbi erakusten dute alderdiko zenbait kideren artean desadostasuna dela nagusi. Ibarrolaren eta Toqueroren akordioak hautsak harrotu ditu batzuen artean. Izan ere, adostasunaren ondorioz, apirilaren 28ko kongresuan ez da bozketarik eginen, eta alderdiko afiliatuek ezin izanen dute erakutsi ez daudela ados akordioarekin. 

Akatsak edo haustura?

Atzo Iruñeko Udalean gertatutakoa UPNren hausturaren adibide dela diote zenbait ahots kritikok. Ostiral iluntzean, Maria Txibiteren aurkako protesta bortitza egin zuten 6F nekazarien elkarteko zenbait kidek Cabanillasen (Nafarroa). Herriko gizarte etxe berriaren inaugurazioan izan zen lehendakaria, eta, handik ateratzean, irainka hasi zitzaizkion. Autoraino segitu zioten, eta ibilgailua jo; bitartean, beste protestari batzuek eserialdia egin zuten kale erdian, bidea oztopatzeko. Foruzaingoa manifestarien aurka oldartu zen orduan, kolpeka. Gertatutakoa gaitzesteko adierazpen instituzionala aurkeztu zuen PSNk. 

UPNk zuzenketa bat aurkeztu zuen udalean, non, erasoa gaitzetsi beharrean, «istiluak» aipatzen zituen. PSNk ez zuen zuzenketa onartu, eta, adierazpena bozkatzeko garaia iritsi zenean, inork espero ez zuena gertatu zen: UPNko lau zinegotzietatik hiruk PSNren adierazpena onartu zuten, eta laugarrena abstenitu egin zen. 

Momentu hark hautsak harrotu zituen; hainbertze, ezen PSNk berak mezu bat zabaldu baitzuen X sare sozialean: «Atzo, parlamentuan, UPNk ez zuen onartu presidenteak Cabanillasen pairatu zuen erasoa. Gaur, udalean, gure gaitzespenaren alde bozkatu dute ―zinegotzi batek izan ezik―». Egoera ikusita, Ibarrolak argitu zuen alderdian ez dagoela inolako hausturarik eta akats bat izan zela alderdikideek bozkatu zutena. «Agindua argia zen. Ezetz bozkatu behar zen, guk gure adierazpen proposamena defendatzen dugulako, UPNk parlamentura eta beste udal batzuetara eraman zuen berbera. Javier Labairurekin hitz egin dut goizean, eta PSNren adierazpenaren botoa ezezkoa zela adostu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.