Iberiako pilotuek lanuzteak antolatu dituzte abenduaren 18rako eta 29rako

Sepla sindikatua ez dago ados Iberia Expressekin, enpresak abian jarriko duen aire konpainiarekin

Loiuko aireportua jendez beteta, aireko kontrolatzaileek iazko abenduan lanuztea egin zuten egunean. LUIS JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Iberia konpainiako pilotuen sindikatu Seplak adierazi du pilotuek lanuztea egingo dutela abenduaren 18an eta 29an. Erabakiak eragina izango du Euskal Herrian. Izan ere, Iberiaren hegaldiak egunero irteten dira Loiutik (Bizkaia), Hondarribitik (Gipuzkoa) eta Noaindik (Nafarroa). Seplako zuzendari Justo Peralekesan du greba egingo dutela konpainiak martxoan abiaraziko duen Iberia Express kostu apaleko aire konpainia berria dela eta.

Sindikatuaren arabera, konpainia berria sortuta Iberia enpresa British Airways-en esku geratuko da; eta Erresuma Batuko enpresa «Iberiaz baliatuko da bere negozioak egiteko». Seplak dio Iberia Express ez dela beharrezkoa Iberiaren kostuak gutxitzeko. Pilotuen sindikatuak Iberiari proposamen bat egin zion «100 milioi euro aurreztu ahal izateko». Enpresak, ordea, atzera bota du eskaera hori. Iberiak dioenez, proposamena onartuta urtean 15 milioi euro soilik aurreztuko lituzke; adar berri bat sortuta, berriz, 100 milioi euro. Azkenean, bi aldeak ez dira adostasunera iritsi, eta agerraldi bat egin zuen atzo Seplak. Abenduaren 18an eta 29an lanuztea egingo dutela azaldu zuen sindikatuak. «Bi egun horiek aukeratu ditugu bidaiariei ahalik eta kalte gutxien egiteko». Iberiak sindikatuari lanuzte «bidegabea» bertan behera uzteko eskatu dio, «ez duelako kezkatzeko motiborik». Argitu du Iberia Express «enpresa arrazoiengatik» sortuko dela, eta ez duela «eragin txarrik» pilotuengan.

Hegazkineko zerbitzariek ez dute bat egin pilotuen deialdiarekin; negoziazioak «azkeneraino» eramango dituzte akordio bat lortzeko. Ados jartzen ez badira, dena dela, ez dute baztertzen lanuztea beren aldetik egitea.

Gutxieneko zerbitzuak

Espainiako Sustapen Ministerioak oraindik ez du jakinarazi zeintzuk izango diren gutxieneko zerbitzuak. Iberiak, badaezpada, «bezeroak babesteko bateratze plana» abiarazi du: «Baliabide guztiak erabiliko ditugu». Hegazkin konpainiak adierazi du lanuzteak ez duela eragingo beste enpresekin batera antolatzen dituen hegaldietan. Hau da, Vueling eta Air Nostrum konpainiekin partekatzen dituen bidaiak ohi moduan egingo dira. Iberiak dio bidaia luzeen %90 ere babestuak daudela, baita bidaia laburren zati bat ere.

Konpainiak ez du aldaketarik espero Kanaria uharteetara eta Balear uharteetara doazen hegaldietan. Baina adierazi du beste konpainiekin harremanetan jarri dela bezeroak babesteko, bidaiak bertan behera geldituko balira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.