Euskal presoak

"Ibon hiltzen bada, alferrik izango dira gaitzespenak eta malkoak"

Gaixo handi den Ibon Iparragirreren egoeraz ohartarazi dute haren senideek. Esan dutenez, "amildegiaren ertzean" dago, eta haren bizia "hari batetik zintzilik" dago.

Ibon Iparragirreren argazkia lehen planoan, gaurko agerraldian. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2017ko urriaren 18a
13:18
Entzun

Iparragirreren egoera deskribatzeko "hitzak agortzen" ari zaizkiela esan du haren anaia Gotzon Iparragirrek. Egunotan jakin dute duela hilabete inguru auzi medikuek azterketa egin ziotela, eta azterketa horren emaitzak ezin kaskarragoak izan direla. Iparragirreren defentsak hogeira jaitsi dira —pertsona osasuntsu batek 720 eta 1.150 bitartean izan ohi du defentsen maila; 500etik behera jaisten denean egoera kezkagarria izaten hasten da—. Egoera "muturrekoa" da, eta auzi medikuak ez dira ausartzen esaten diagnosi horrekin Iparragirreri zenbateko bizi itxaropena gelditzen zaion.

Bilbon egindako agerraldian, datu gehiago eman ditu Iparragirreren sendiak. Egunotan, haren ama Angelita Burgoak aukera izan du Alcala Meco (Espaina) espetxeko mediku zuzendariordearekin hitz egiteko -espetxe horretan dago Iparragirre- eta hark esan zion ez zuela Iparragirreri egindako mediku azterketen berri. Are gehiago, ez omen zekien auzi medikuak espetxean egon zirenik ere Iparragirreri azterketa egiteko.

Beste datu argigarri bat eman dute Iparragirreren senitartekoek: presoak arropa zikinaren poltsan sartu zituen mediku azterketen emaitzak, eta horri esker izan dute senitartekoek horien berri: "Ofizialki, guri inork ez digu informaziorik eman, ez digute ezer esaten", azaldu du Gotzon Iparragirrek.

Ibon Iparragirre "etxera eta orain" ekarri behar dutela nabarmendu dute. "Epaileak eta espetxeko medikuak elkarri pilota pasatzen diote, baina hau orain konpondu behar da. Auziak amaiera tragikoa baldin badu, orduan alferrik izango dira gaitzespenak eta malkoak".

Sareko kide Inaxio Oiartzabalek esan du ezin dela utzi "gorrotoak eta mendekuak legalitatea eta demokrazia ordezka dezaten", eta erantsi du Iparragirrek baldintza guztiak betetzen dituela etxera ekarri ahal izateko: "Ibonek tratamendu duina jasotzeko eskubidea du eta tratamendu hori espetxetik kanpo jaso behar du".

Gaur iluntzean elkarretaratzeak egingo dituzte epaitegien aurrean. Urriaren 22an manifestazioa egingo dute Ondarroan (Bizkaia), eta azaroaren 11n, Sarek antolatuta, giza kate batek lotuko ditu Basauriko kartzela (Bizkaia) eta herri horretako osasun zentroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.