Ibon Iparragirre Arrasateko erietxe batean preso sartzeko agindu dute

Castro epaileak presoa Arrasatera bidaltzeko eskatu dio espetxe administrazioari, erregimen itxian. Etxerat-ek ez du neurria nahikotzat jotzen: «Eskasa eta krudela da»

Ibon Iparragirreren aldeko mobilizazio bat, Galdakaoko ospitalean, azaroaren 24an. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Erietxean, baina preso. Espainiako Auzitegi Nagusiko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok Ibon Iparragirre euskal presoaren inguruko autoa plazaratu du, eta han eskaera egin dio Espainiako espetxe administrazioari Iparragirre «ahalik eta lasterren» Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni erietxeko gune itxira bidaltzeko. Han «familiarekin kontaktu handiagoa edukitzeko aukera» izango luke presoak, eta erietxean egoteak «haren bizi kalitatea hobetu eta gaixotasunaren bilakaera berresteko aukera» ekarriko luke, baina Iparragirre erietxeko gune itxian egongo litzateke, eta, beraz, espetxe erregimenean eta preso jarraituko luke.

Iparragirrek hiesa du, 3C fasean —estadiorik aurreratuenean, hain zuzen—, eta, espetxeratu zutenetik —2010ean—, haren egoerak okerrera egin du etengabe. Aurten egin dizkioten osasun azterketen arabera, defentsak oso apal ditu, hogei inguru. Pertsona osasuntsu batek 720 eta 1.150 bitartean izan ohi du defentsen maila; 500etik behera jaisten denean, egoera kezkagarria izaten hasten da.

Autoan, Castro epaileak jaso egin ditu azken azterketa medikoen emaitzak. Denak bat datoz larri dagoela presoa. Abenduaren 11ko data duen azken azterketaren arabera, presoa «sendaezina» da, GIB birusak eragindako kalteak «konponezinak» dira, eta edozein infekziok «presoaren bizia arriskuan» jar lezake.

Baina azterketa horiek guztiak gorabehera, epaileak uko egin dio presoa graduz aldatzeari. Horretarako arrazoiak ere ematen ditu autoan: «Presoaren gaixotasuna oso larria izan arren eta oinaze sendaezinak izan arren, beharrezkoa da aztertzea betetzen ote diren arrisku txikiaren eta berriro delitua egiteko zailtasunaren baldintzak». Castrok ondorioztatu du baldintza horiek ez direla betetzen, «gaizkileen erakunde bateko kide» delako, «erakunde terroristaren eta borroka armatuaren» alde agertu delako, eta «delitu gehiago egiteko gaitasuna eta arriskua» ez direlako apaldu.

Horregatik, «haren delituen larria, betetzeko duen zigorraren luzea eta biktimei zor zaien begirunea» kontuan hartuta, Castrok uste du aukerarik onena dela presoa gune itxia duen erietxe batera eramatea, «zeinak aukera ematen baitu presoarentzat hilgarriak izan daitezkeen infekzioak garaiz saihetsi eta sendatzeko». Fiskalarekin ados jarrita, neurri hori gauzatzeko eskabidea egin dio espetxe administrazioari.

«Senideekin behar du»

Etxerat-ek uste du Ibon Iparragirre erietxe bateko gune itxian atxikitzeko erabakia ez dela nahikoa, eta «eskasa eta krudela» iritzi dio, uste baitute presoak senideekin egon eta «tratamendu duina» jaso behar duela. «Gaixotasuna egonkortzea eta haren osasun eskubidea errespetatzea helburu, Ibonek osasun arta duina izan behar du, eta espetxe legeriak baditu behar besteko mekanismoak kontrol neurriak zorrozteko, eskumuturreko telematikoa edo aldizka epaitegian sinatzearena, kasurako».

Autoak Iparragirreren gertukoek espero zutena «asetzen» ez duen arren, Etxerat-ek «zorionak eta eskerrak» bidali dizkie lagunei, Ondarroako herriari eta euskal gizarteari, «Ibonen askatasunaren alde egindako lanagatik», eta besarkada bat ere igorri diete presoaren senitartekoei.

«Euskal gizarteak gatazkaren erresoluzioa eta bake prozesua muturreraino eramatea erabaki duen momentuan, itxaropenari ateak zabalduz, ezin dugu inolaz ere errepikatzen utzi Ibon Iparragirre eta haren senide eta lagunak pairatzen ari diren sufrikarioa», azaldu du Etxerat-ek. «Denon ardura da euskal presoen eta haien senideen eskubideak errespetatuak izan daitezen lan egitea».

Ildo berekoa izan da Sorturen balorazioa. Esan dutenez, presoa erietxe batera bidaltzeko erabakiak ez ditu betetzen beren «nahiak». Gogora ekarri dituzte autoan bertan jasotzen diren osasun txostenak: «Nahiko arrazoi bazen zigorra aurrerantzean etxean bete dezala erabakitzeko, horixe baitzen eskatzen zen neurria».

Sorturen ustez, Iparragirrek espetxean nozitutako bizi baldintza gogorrek zerikusia izan dute haren gaixotasunaren garapenean, horiek edozein patologia beti «larriagotu» egiten baitute. «Ibonek aspalditik egon behar zuen kalean, gaixorik larri diren euskal preso politikoei ukatzen zaien gizatasun printzipioa ezartzearekin soilik», azaldu du Sortuk. «Ibonen inguruan orain hartu duten erabakia salbuespen legediaren dinamikan dago, eta justiziari ordez mendekuari eta zigorrari ematen die lehentasuna». «Salbuespeneko espetxe politika hori» bertan behera uzteko eskatu du Sortuk, eta «giza eskubideak» izan daitezela «erabaki judizialen nondik norakoaren erakusgarri, larriki gaixo diren presoen egoeraz erabaki behar dutenean bereziki».

BERRIA Ibon Iparragirreren senitartekoekin ere jarri da harremanetan, baina nahiago izan dute oraingoz adierazpenik ez egin.

Iparragirreren abokatuek, berriz, datozen egunetan aztertuko dute autoa, eta horri helegitea jartzeko aukera ere baloratuko dute. Baina ataka zailean daude: helegitea jartzeak ekar lezake auzia luzatzea eta, argitzen den bitartean, Iparragirre Alcala Mecoko espetxean (Madril) atxikitzea, horrek presoarentzat dakartzan arrisku guztiekin.

Helegiterik aurkeztuko ez balitz, Espainiako espetxe administrazioaren esku geldituko litzateke Auzitegi Nazionaleko epaileak egindako eskaera gauzatzea. Bere autoan, lekualdatzea «ahalik eta lasterren» egitea eskatu du Castrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.